Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Burnia

 

 

Pistola bat zegoela etxean, ganbara garbitzeko erabakia hartu zen bazkalostean jakin nuen. Aitonarena omen zen. Baina ez zuen, argi laga zen hasieratik, inoiz dantzatu beharrik izan. Ibili bai, aldean eraman zuen urtetan, hala esan zidan izeba Pilarrek berriak eragin zidan ezinegonari ahotsa batere harrotu gabe erantzunez. Ahizparen hitz berberak erabilita berretsi zuen amak. Nire asaldura gazteak ez zuen zirkinik txikiena eragin, ordea. Txist eta pist bildu zuten dena biek, eta batak kafea egiten zuen bitartean, azukre-ontzia eta kikarak jarri zituen besteak mahai gainean.

         Ez ohiko objektu bat burutik inoiz pasatuko ez zitzaidan pertsonari lotua, hor dago harriduraren erdia. Haren jabea etxekoa izateak osatzen du gainontzekoa. Horrexek eragin zidan ezinegona, aitona ez baitzen gerran ibilia. Adore nahikorik ez familia utzi eta batzuekin joateko, adinean zaharregitxo besteek frontera behartuta eramateko, olatuaren zain etxean geratzea erabaki zuenetakoa izan zen. Jakina bazekiela helduko zena, baina zekarren amorrua ahalik eta azkarrena pasatu eta indarra bitsetan berehala desegingo zen esperantzaz jaikitzen zen egunero emaztearen ondoan.

         Zuen aitita lanaren alderdikoa izan zunan beti. Amama gogorragoa zunan.

         Galtzaileetakoa esan nahi zuten.

         Zigortua alkandorak jostera. Zigortua hiru soldadu etxean apopilo edukitzera.

         Lanerako erabiltzen zuen pistola, hori berehala argitu zidaten bi ahizpek, amak aurrea hartuta izebari. Dardara egiten zion eskuak kafe kikara betea batetik bestera eramatean. Etxeko gehiagok ere badu gaitz bera, dardara geldiezin bat zerbait mugitu behar dutenean batetik bestera, Parkinsonarekin zerikusirik ez duena, biek esatera. Suelto egiten du barre, ahizparekin dagoenean bakarrik horrela, baina.

         Zertarako behar zuen pistola bere lanean?

         Aitonak basilika bideko zerran egiten baitzuen. Gomutan dut nola joan izan ohi nintzen amarekin eta izeba Pilarrekin, ni oso ume. Goroldioa eta garo etzanak teila artean, denborak eta hezetasunak makurrarazitako estalpe bat zegoen kamio bazterrean, kubo itxurako eraikin horixka zuela lokaztutako bidezidorraren bestaldean: bulegoak. Alferrik omen zen, saiatuagatik beti zikintzen nituen oinetakoak gurpilek beratutako lur beltzean. Eta hori ez, baina txirbilaren usaina datorkit oraindik lausotan, eta zahia makinen, olen, langileen txapel beltzen, sorbalden, oinetakoen gainean pausatua. Zerraren negarra enborra zauritzen. Gu sartzen ikusi orduko isilarazten zuten. Kamioiak ere badatozkit akordura, muturra kanporantz zuten harria baino gogorragoko haiek, eta amonaren tarteko-edo egiten zen gizon handi bat bolanteari biraka, gerora kontatuko zidaten, halako batean herri barruan zihoala, espero gabe ume bat atera espaloitik antxintxika, kamioi azpian sartu eta harrezkero betiko gaixotu gizona. Ez omen zuen gehiago txofer egin.

         Zertara joaten ginen, horixe ezin ekarri gogora.

         Merienda eramatera. Ez akordatzen?

         Irudi lausoak amaren begi harrituekin borrokan.

         — Ederra ateratzen zaizu ba!

         Amak ahizpari orain bezalaxe eskertzen ziola aitonak ere arratsaldeko mokadutxoa, termoan eramaten genion kafeagatik batez ere, erantsi du irribarrez solasak, ttanttana botatzen geniolako zure amama enteratu gabe.

         Eta ezpainekin batera begiak zimurtzen dituzte biek.

         Bigarrengoz galdetu behar izan nien burnia aldean eramatearen zergatiaz, gero eta sarriago gertatzen baitzaie biei, elkarrekin daudela, hitzetik hitzera salto-saltoka, hizketan hasi eta ahaztea zertaz ari diren.

         Gaur egun ez dago zerraren aztarren txikienik. Edonork ez erosteko moduko etxebizitzak egin dituzte lehen hura egon zen orubean. Bulegoen tokian, auzokideentzat bakarrik den parking zabal bat, barrera zuri-gorri batek babestua eta marrak txukun margotuak galipot zabaldu berrian. Hantxe uzten dituzte automobilak, furgonetak, autokarabanak bizilagunek. Igerileku txiki bat du etxeak teilatuan, baina bata dela edo bestea, ez omen diote hasieran esperotako etekinik ateratzen putzuari. Lagun baten alaba oraintxe bertara joan delako hara daki hori amak.

         Hara bestea, basoan ibiltzeko! Zertarako beharko zinan ba!

         Hala zabaldu zitzaidan ordura arte entzun gabea nintzen leihoa, baso-lanean aritzen zirenek pistola eramaten zutelakoa, lapurrak ibiltzen zirela sasoi hartan mendian, eta haiek beldurtzeko. Dirua aipatu zuen izebak, egur-tratua egindakoan jakinaren gainean egoten zela jendea maiz, horrexegatik.

         Gerraostean utzi omen zion basoari, zerran hasteko. Ordutik egongo zen burnia ganbaran, auskalo non gordea. Ea ikusia duten, eta baietz ahizpa biek. Ezkondu artekoan, pistola bat, bueltak ematen zituen danbortxo batekin. Biek aipatzen dute danbortxoa. Izebak ez du balarik gogoan. Amak ere ez.

         Errebolberra?

         — Oso abila zunan kalkuluan. Zerran hasita zegoela ere, askotan deitzen ziotenan. Ez zekinan idazten, baina arbolaren aurrean jarri metro kuboak kalkulatzeko, eta edozeinek lapitzarekin eta paperarekin baino azkarrago ateratzen zinan kontua.

         Gaixotu egin nintzen, errebolber hark hartu zidan gogoa, neuk aurkitu beharra nuen ganbara husten hasi eta edonoren eskuetan erori aurretik. Ez ezertarako behar nuelako, objektuak berak eragiten zidan zirraragatik baizik.

         Bata zela eta bestea, dena atzeratu zen. Hori neure alde. Ahal nuenetan, ia astebururo etxera joaten nintzela aprobetxatuta, izebaren etxe zaharreko ganbarara igotzen hasi nintzen. Urte asko neraman bertan sartu gabe. Oroitean gordea nuen bezalaxe zegoen dena: egurrezko zoru handi bat, zutika jarritako ohol ilun zahar batzuek bereizten zutena aldamenekoarenetik. Gaztaina-egurra, hala esaten zuen aitonak. Oiloak-eta izan zituztelako garai batean, tente eusten zion sareak txokorrean. Hain zegoen, ordea, herdoilak jana tarteka, desegin egiten zitzaidan esku artean. Eta huraxe garbien. Kotatik kanpo, dena zen altzari zahar eta eutsi orduko desegiten zen kartoizko kutxa umeldu. Alferrikako trasteen elemenia iluna, familiaren historia zabor bidez berregiteko beste. Belaunaldiz belaunaldiko Diogenesen erresuma teilatupe hartan. Dena husteko asmoa zuen izeba Pilarrek, igeltseroei porlana botarazi eta hormak jasotzekoa, egunen batean saldu nahi bazen ere.

         Hala soltatzen zuen tarteka. Haserre egiten zion gure amak:

         — Saldu? Zertarako beharrik ez den bitartean?

         Lehenengo bueltan egin nuen hanka-sartzea arratsaldez joanda. Egun argiz baino ezin zen han ezer bilatu, ez baitzegoen argi-indarrik. Arropa zaharrekin joaten ere, bigarren osterarako ikasi nuen. Unibertsitatetik bueltako lau bat larunbat erabili nituen alferrikako zeregin hartan. Amaraun eta hauts artean, itxuraz hainbeste ez zela zabaldutako arratoientzako pozoia ere bazegoen izkinetan. Kutxa zahar guztietan gogoz ikusmiratuagatik, han ez zen pistolarik ageri.

         Kalean harrapatuta, aitonarekin lanean ibilitako pare bat lagunekin egoteko aukera ere, izan nuen. Inork ez zuen gogoan. Gezurretan ari zitzaizkidan bestela.

         Zuen aititak pistola? Egurrezko fusila bai, kalean gora eta behera ibiltzeko!

         Horrela ekiten ziotenean hasi nintzen neurria hartzen etxean pasatutakoari. Egun seinalatuetan ateratzen zituzten desfilatzera irabazleen burla-hots artean. Gora eta behera herriko kaleetan, banderaz jantzitako balkoietan jendea pilatzen zen ikuskizuna ez galtzeko. Eta han bera, egurrezko fusila sorbalda gainean, erne pausoa, ez hainbeste beragatik, ezpada etxekoengatik.

         — Eta eskerrak mutua zen gure ama hori, bestela ez dakit zer egingo zioten.

         Errekak berarekin zeraman legarra zen aitona.

         Ama berehala nuen uzteko esaka. Gauzak ez direla beti norberak buruan gorde ohi dituen bezala gertatu, horixe adierazi zuen, beste hitz batzuekin esanda. Aspaldiko kontuak direla, bazitekeela pistola hura norbaiti eman edo, beldurrez, erreka-zuloren batera bota izana.

         — Aititak berak?

         — Edo beste baten batek, zer axola dio.

         Zentzua, bazuen. Baso-lanak utziz geroztik, aitonak ez zuen ezertarako behar, eta gero etorri zena ikusita, galgarri ere gerta zitekeen burnia etxean gordetzea.

         Etsiak jota nengoela aurkitu nuen, gapirio batean ostenduta, eskuko eskaileraren gainean zangalatrau nenbilela teilatupea arakatzen. Zatar batean zegoen bildua, listariz estutua. Izeba Pilarrek esanda bezalaxe, errebolberra zen. Eta ez urruti obratua: Orbea, marca registrada. Moteldua zuen kanoiko metalaren dirdira. Zalantza izan nuen. Kontuz lagunduta, baratxe zabaldu zen danborra. Bost tirokoa zen eta hutsik zegoen. Beldurrik gabe sartu nuen eskua zuloan. Ez zen han balen aztarrenik.

         Oraindik ere zergatik ez dakidala, ez nion aurkikuntzaren berri eman nahi izebari, are gutxiago amari. Banekien nola hartuko zuten albistea, eta ez nuen gogo handirik ahizpa bien urduritasunak itota, aurkitzen hainbeste kostatutakoa auskalo non utzi behar izateko. Etxera eraman eta liburu artean gorde nuen, apalategi barrenean. Ezer ez esatea erabaki nuen pistola hartaz pixka bat gehiago jakin arte. Eta banekien nora jo.

         Fakultatean bazen Eibarko armagintzaz beste inork baino gehiago zekien irakasle bat. Seguru nengoen berari esker lortuko nuela jakitea noizkoa zen Orbea hura. Katalogatutako arma izango zen, arrunta zirudien itxura batera behintzat. Hori jakinda, errazagoa izango nuen pistolaren arrastoa segitzea, eta bide batez, baita nola heldu zen aitonarengana ere. Halaxe atera nuen errebolberra ezkutalekutik. Motxilatxoan sartu eta zakua gidariaren ondoko aulki gainean lagata hartu nuen orduan nuen auto zaharra, izeba Pilarrek berria erosi zuenean opari eman zidan hura.

         Eguraldi lardatsa zen, ez zirudien trafiko handirik zebilenik. Ez neraman hogei minuturik bidean bristada bat iruditu zitzaidanean. Abiadura makaldu nuen. Errepideko tantek garbitu orduko lohitzen zidaten aurreko kristala. Ez nengoen oker, oraingoan garbi ikusi nuen kliska aurrez zetorkidan autoaren argietan. Gidariari begiratu eta, parean nuenean, aurrean zerbait neukala jakinarazi nahi zidan keinua egin zidan, garbi ikusi nuen. Orduantxe etorri zitzaidan bristada niri ere: pistola. Kontrola bazen, seguru geratuko nindutela. Errebolberra zaharra zen, agerian zegoen, baina banekien gauzak zenbat konplika zitezkeen halakoetan. Azkar pentsatu beharra neukan. Badaezpada ere, hobe maniobra arrarorik ez egitea. Irratia itzali nuen, oraindik ez dakit zergatik, buruari lasai lan egiten uzteko agian. Betiko tokian bazeuden, astia nuen. Zorionez, kamioi bat nuen aurretik. Leihoari eragin eta haize hotzak ebaki zidan azala. Tantak sartzen zitzaizkidan barrura. Gidatzeari utzi gabe, motxila zabaldu eta haztamuka bilatu nuen aitonaren errebolberra. Ispiluan begiratu nuen. Inor ez atzetik.

         Atertu zuela ikusita, arratsalde hartan bertan itzuli nintzen pistola bota nuen tokira. Ez zitzaidan nekeza egin autoa inguruan uztea. Lasai nengoen, ondo nekien non jaurti nuen. Baserri baterako pista, bihurgune itxi samarra, beste ehun bat metro edo, eta hantxe irentsi zuen petrilaren atzeko sastrakak aitonaren urteetako sekretua.

         Han ez zegoen ezer, ordea. Behin eta berriro aztarka arituagatik, han ez zen pistolarik ageri. Aise egin nuen ezpondan behera, sasitza ez zen ez topatzeko bezain sarria. Urduritzen hasi nintzen. Eguerdiak berarekin eraman zuen lanbroa madarikatu nuen, praka barrenak bustitzen nenbilen. Abar baten bila joan eta berehala nintzen txarrantxa mataza hura amorruz txikitzen. Lur hezearen usaina sudurmintzetan gora. Bozina jo zidan auto batek pasaeran. Izerdi hotza etorri zitzaidan kolpetik. Nahastuta ote nenbilen bada. Lau hankan igo errepidera, bidea desibili eta autoan egindako azken metroak berregin nituen. Tartean, errebolberraren pisuaren pareko harri baten bila ibili nintzen. Petrilera itzuli eta gidatzen nindoala egin nuen keinu bera egin nuen. Hara pisuaren hotsa, hilduratua, sasi artean galtzen. Han behar zuen, non bestela. Badaezpada, oker egon nintekeen, zabaldu egin nuen bilatze eremua. Ezer ez. Hipotesi guztiak aztertu nituen. Itzuli nintzen beste pare bat aldiz ere, baina alferrik. Etxean, arrazoi eman nion amari. Etsi egin nuen ganbara zahar hartan.

         — Esaten ninan nik ez hunala ezer aurkituko.

         Eta dardara egiten zion eskuak kafe kikara zekarkidala mahaira.

         Dardara hura Argentinan ikusi nuen ostera, handik urte batzuetara, amaren lehengusu baten eskuetan. Oporretan nintzen Patagonian, auskalo zergatik, gizonari sartu-irtena egitea otu zitzaidanean. Solairu bakarreko etxe baten aurrean utzi ninduen autobus geltokian hartu nuen taxiak, gerrirainoko hesi berdea etxea inguratzen. Lehengusinaren alaba nintzela, kasu egitera baino ez nintzela joan. Aurreneko senidea nintzen, nonbait, munduaren azken ipurdi hartara heltzen. Bereak izan ziren hitzak, munduaren azken ipurdia. Bisita nola eskertu ez zekiela, arren eta arren, afaltzen geratzeko eskatu zidan, gauza asko kontatu behar genizkiola elkarri. Dei bat egin nuen, pentsiora, ez nintzela agertuko esateko. Bat baino gehiago berak. Nor norekin lotzen asmatzen ez nuen izen-amarauna ehundu zuen telefonoz. Eskutik askatu gabe, enpanadillak gustuko nituen galdetu zidan, eta ohartzerako, eskatzen sentitu nuen. Astia genuen. Autoan sartu eta hondartza triste bat ikustera eraman ninduen afari orduan heldu artean. Udan ere ez zuela alaiegia izan behar begitandu zitzaidan. Zikin zegoen, olatuak bezainbeste. Paseoko aparkaleku hutsa mugatzen, lumaz eginak ziruditen zuhaitzak. Inguruetan ez zegoen ezer zabalik. Zeru iluna itsasoan islatua; eta haizea oro urratzen, hegoaldean nenbilenetik egun bakar batean bakarrik utzi ez ninduen orrazi zakarra. Polizia-auto bat baino ez zebilen, jira eta bira beti bera. Kiroldegiaren aurrean, bospasei lagun jaitsi ziren El Veloz Patagón konpainiako bus zuri-urdin batetik. Automobiletik gehiegi urrundu gabe egon ginen ozeanoari begira.

         Gozoa zuen ahotsa, gure familian inork ez bezalakoa.

         — Alde ederreko ingurua duzue han.

         — Hau ere ederra da.

         Ilargi hondatu bat munduan.

         Besoa luzatu zuen aurrenekoan ulertu ez nion zerbait galdetzeko. Atzamarrak zer erakutsiko, etxe zapalen teilatuak muino soildu baten gibelean kukuka. Antena parabolikoak zeuden leiho askotan, laztasun hura ez ikusteko begiak.

         — Ez zenuke gauza bera esango han goian bagina.

         Amaren eta izeba Pilarren dardara bera, autoko giltzei eusten.

         — Biak bakarrik bizi dira herrian. Txakurra eta katua bezala egunero, baina elkarren beharra.

         Orain gogoan ez ditudan izenez aurkeztu zizkidan heldu ahala jangelan sartzen hasi zirenak, adin guztietako jendea arrotzaren ikuskizunera hurbildua. Bere ondoan eserarazi ninduten, izango genuela elkarri zer kontatu-eta. YPFn, petrolio enpresa nazionalean egin izan zuen lan erretiroa hartu zuen arte. Urte onak izan ziren pribatizazioaren aurrekoak. Eskola duina zegoen, doako medikuak, subentzionatuta zeuden beharrizan oinarrizkoak asetzeko gaiak. Saritu behar zen jendea Hegoaldean bizi zedin. Ordurako esana zidan gure familiako inor ez zela haraino iritsi. Bera ere, ez zen inoiz arbasoen sorterrian egona. Ama eta izeba Pilar argazki bidez baino ez zituen ezagutzen.

         Eta hala ere, zer antzekoak hirurak. Papera eta boligrafoa ekarrarazi zituen, izenez eta mapa zabarrez zikindu nituen orriak. Ezagutu behar zituela, tentatu nuen, animatu behar zuela putzua igarotzera. Begietan irakurri nion erantzuna. Pozik nengoen, bazirudien nire hitzak gai izan zirela ilusioa pizteko. Karpeta batean gorde zituen nire zirriborroak, familiaren ehun urteko historia azkar eta zabar azaldua.

         Tropoiloan pilaturiko fotoei begira harrapatu gintuen egunsentiak. Nekatu ahala oheratzera joanak ziren gainontzeko guztiak. Nahitara utzi gintuzten biok bakarrik haizeak hegan eraman behar zuela zirudien jangela hartan, hizpideak ere aspertuta, seguru asko.

         Odolaren deia, halaxe esan zuen errainetako batek erretiratu aurretik.

         — Matetxo bat? Azkena eta ohera.

         Era guztietako ontziek eta bateko eta besteko oroigarriek estaliagatik, argi ikusten zen zer zen. Denboratxoa neraman begirik kendu gabe. Sukaldera joana zela aprobetxatuta, jaiki eta beira-arasarantz jo nuen. Ez naiz inoren etxean giltza biratzeko bezain lotsagabea. Begira-begira harrapatu ninduen itzuli zenean. Ur beroaren ontzia mahai gainean utzi eta irribarre jostariz hurreratu zitzaidan.

         — Zer, honi begira?

         Atea ireki eta eskuetan hartu zuen. Amarena izan zitekeen dardara hura ostera ere, apalagoa objektuak zenbat eta astunagoak izan. Erpuruaz bultzatuta, astiro zabaldu zen. Bost zulo zituen danborrak, hutsik denak.

         — Bitxia da burni honen historia. Begira hemen: Orbea, marca registrada. Las Herasetik nentorren gau batean maskuriak behartuta errepide bazterrean geratu behar izan nuenean. Gau izartsua zen, kristaurik ez zebilen bidean. Egin beharrekoak egin eta, berriro ere arrankatzera nindoala, ondo bereizten ez zen zerbait argitu zuten pickuparen faroek txartaka artean. Hantxe zegoen, auskalo nork utzia eta noiztik, eremu elkorrak ahal zuen moduan zaindua. Ezagun du, baditu bere urteak errebolber honek. Horrexegatik ez nuen poliziara eraman. Zergatik, basamortu erdian bota zuenari galdetu beharko genioke. Beharbada historiarekin zuen zorren bat ordaindu nahi izango zuen horrela, asmaizu.