Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
azaleko argazkia: Raymond Depardon (zatia)
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
Munduko tokirik ederrena
2018, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-21-1
aurkibidea
 

 

Ibai ondoko jendea

 

 

Zain-zain egoten ginen maixuak bere gauzak noiz batuko, liburuak, koadernoak, zumeka eta eguneroko agur erori hura, aulki-hots artean presaka jaiki, eskaizko maleta astunak hartu eta ibairantz jotzeko. Kamineroen etxe ondotik igarotzen genuen trenbidea, Hilario Herrenak ehiza-txakurrak izaten zituen txabolatik egiteko belazean behera, ibiliak urraturiko zidorretik.

         Uhaldeko bidexkara iritsiaz batera agintzen zigun Pirisek non etzan behar zen bat-bedera, hilerri gaineko belardietara inoiz heldu ohi ziren soldaduei maniobretan ikusita bezala, elkarren artean tartea utzita beti.

         — Zertarako tartea, Piris?

         — Egin kasu, ostia!

         Orduan pisua zuen taldean ostia ondo esaten jakiteak. Eta Pirisek aho betean esaten zuen, nagusien moduan ia. Ez zegoen, haatik, agindu handirik eman beharrik tropari. Denok geunden atezuan, hari batean zegoen dohakabe haren bizia, eta gure esku lantegiari erremate ona ematea.

         — Isiltzeko, ostia!

         Luzaroan egoten ginen halaxe, behegainean luze, belarria lurraren kontra zapal, zirkinik txikiena egin gabe. Begiak zabaldu eta pointerren zaunka besterik ez zitzaigun iristen.

         — Herren ostia horrek goseak zauzkak.

         Murtik ez, txakur haien zaunkak ez beste.

         — Hemen ez duk pitorik aditzen.

         Egindakoa ez desibiltzen ikasi genuen. Han goian ez zegoen inor zertan genbiltzan begira.

         — Seguru hemen dela?

         Hatsa tunpaka zoru gogorraren kontra.

         — Ba hilda zagok orduan.

         Bigarren egunerako etorri ziren ika-mikak, emaitzarik lortzen ez eta geure artean hasi ginenean xextran non ikusten genuen batzuek eta non besteek lurra berriturik. Hurrengo ahaleginerako, arakatu beharreko esparrua zabaltzea erabaki genuen aho batez. Ikustekoa zen: eskolako maletak eta berokiak ibai ondoko bidezidor bazterrean tropoiloan utzita, bost-sei mutil koskor belauniko, herriko azkarrenak ere ezin asmatu zertan, nahita ere.

         — Hemen egon behar dik.

         Nahi aldean arin aspertzen ginen denok, ordea. Ausartu nintzen batean esan nion Pirisi ala denok gortu ginela kolpetik ala han ez zegoela ezer, ez bizirik behintzat. Aurreneko bider elkar ezagutzen genuenetik, ez zuen gaizki hartu kontra egin izana. Handik atzera, dena aldatu zen. Historiak emana zigun arduraz atzendurik, geure ahalegintxoa egin, Pirisen esanera jaiki, eskuak elkarren kontra hiru-lau bat bider jo, belaunburuetako hautsa ahal zen moduan garbitu eta gero eta errazago hartzen genuen ibaian behera, geure hatuak erdi arrastaka genituela. Panpano tantaiak ilaran hazten ziren parera jaisten ginen, gu baino zaharragoek txabola egina zuten parajetik pasatu gabe badaezpada, harrika ekiteko abarketa-fabrika abandonatuan bistaratzen genituen arratoiei.

         Nik ez dakit nola konbentzitu gintuen. Kontua da lauzpabost egun eman genuela ezpondan, inoiz garbiegi azaldu ez zigun istorio haren aitzakian. Nahikoa izan zen egun batez Piris gripeak jota ohean gelditu beharra, bilaketa behin betiko eteteko. Gerora jabetu ginen kontakizunaren absurdoaz, tximinoarenak ez baitzuen ez buru eta ez oin. Entzun ziela, zioen, Eskola Profesionaleko maestriako mutil batzuei, orubean urtero ezarri ohi zuten zirkuak bizirik sartu zuela tximu bat lurpean, kutxa handi batean gordea, antigoaleko Egipton faraoiak bezala, bidaia luzerako prest, nahikoa janari eta edarirekin, zergatik eta, agindua jasoa zuen arren, saio batean bitxiak osteagatik publiko arteko emakume bati.

         Zirkua aspaldi joana zen herritik, itxura guztien arabera, lapurra bertan utzita. Luze gabe ateratzen ez bagenuen, hantxe hilko zen, eta gogoz azpimarratzen zituen hitzak Pirisek, lurpean itota. Ez zagok animaliarik munduan, genioen guztiok ere, hainbeste eusteko gauza denik. Onenean, eta azkar libratzera, sator bat bezain itsu aurkituko genuen, ez zituen salbatzaileen aurpegiak ezagutuko. Izena ere eman genion, egun batean zirkuko animaliak gobernatzen zituen langileari entzuna omen zion bera: Winston.

         A zer paolak botatzen zizkigun Pirisek.

         Baina orduan bezala orain, praka motxen adinean, horiek eta handiagoak bizitza bera dira. Eta Pirisek, ez dakit ondo nola, nornahi liluratzeko solasteko manera zeukan. Inork gutxik bezala zekien taldea bere nahierara ekarri eta behar zuen erara moldatzen. Bikaina gorputzez, hitz egiten egokia, ohi ez bezalako apunteria zeukan harri-tiraka. Hark bakarrik lagako zizun arratoia txikitua, odol argia porlanezko tutuan. Eta hantxe lehortuko zen, orbana ilunduta eta kartoizko eginik, zaparradak hasi eta ibaiak lehenbiziko uraldian eraman arte. Izan ere, zer gehiago behar da jendea mendean erabiltzeko. Lider onei bezalaxe zetozkion hitzak ahora.

         — Datorren urtean agertzen denean, su emango zioagu.

         Mehatxu batekin amaitu ziren zirkuarekikoak. Gripea sendatu zitzaionerako erabakia zeukan tximua tragatuta zegoela eta ez zuela segitzea merezi.

         Hurrengo udazkenean ere, ohi zuten sasoian heldu ziren kamioi gorri koloretsuak, roulotteak eta bozgorailuak herrira. Egun bakar batean tentetu zituzten mastak tatuajedun langile beltzaranek eta zerupean zabaldu urteroko olana maiztua. Ordurako beste zeregin garrantzitsuago batzuetan genbiltzan eta, ezin sinetsizkoa bada ere, inork ez zuen ezertarako ahomentatu Winstonen izena.

         Tximuarena, gogoan dudan aurrena izan zen. Pirisek beti izan zituen, alabaina, uhaldeko istorioak berarekin. Gu jaiotzerako harrak gobernatzen zebilen amerikar antropologo bat aipatzen zuen sarri, zioenez, herrian agertzen zenetan bertako kontu zaharrak biltzen ibili zena Estatu Batuetako aldizkari inportante baterako, trikuharrietan eta mendi-putzuen hondoetan gordetako altxorrena, Anbotoko Majurena, Xandrue bandidoarena eta horrelakoak. Bada, gizon honek esanda utzi omen zuen gure ibai bazterreko jendea arrunt zela izaera berezikoa inguruetakoaren aldean. Batean eta bestean franko ibiliagatik, ez zuela halakorik inon ezagutu. Halaxe zioen, nonbait; zuhaitzei eta landareei nola, dohain berezia eman ziola ur-goaiak bertako biztanleei. Zintzoak omen ginen, garbiak, egoskorrak, ekinak, apustuzaleak, elkarren artean endredatuzaleak, eta hala berean, elizkoiak. Horiek ziren, gutxi-asko, Pirisek esatera, interbiu batean amerikarrak gutaz botatakoak. Hortik gora, edozer. Ibaiarena zen meritua edo hobena, beraz, beste inorena baino.

         Uraren emanak ez dakit, baina denborak egin zuen bere bidea. Eta hala, aurretik beste hainbati bezalaxe gertatu zitzaigun geuri ere. Konturatzerako, utziak genituen ibai ertzeko denbora-pasak eta erabat kale-zulotu ginen. Behingoan etorri ziren futbola, elkarren arteko borrokaldiak, lehenbiziko zigarroak eta etxe ondoko jolas-aretoko arratsalde luzeak. Nagusiagoei begira ikasi genuen petakotan, makina falta egin gabe jota, partida partidari lotzen. Jukeboxean, beti zegoen gure gustuko kantua aukeratuko zuenik. Ohartzerako, ordurako bizitzaren billarreko mahaian geu ginela, bola zuriak inork pentsa ez bezala jo eta diren norabide guztietara bidali gintuen inoiz elkarri betirako lagun izango ginela hitz eman genion haiek.

         Piris zertan zebilen, ez nuen inork kontatu beharrik. Urteak ziren gorpuzkera aldatu zitzaiola. Ez zuen arratoiak harrika akabatzen zituen jaseko mutil haren arrasto mendrenik. Ibilia zen nabarmen okerrago, eta poztu egin nintzen itxura batera bizkortuta ikusita. Aldi zuenean, konfiantzan hurreratzen zen niregana. Ez zuen alkoholik edaten, eta taberna kanpora irteten ginen, giltzez eginiko hamaika zauri zituzten egurrezko aulki-bizkarretan esertzera, platanondo zabalen itzalean. Mendira joateko aprobetxatzen genuen ahal genuen aldiro, ez goregi ere, hauspoak ematen zizkion lanengatik. Edo kostarantz bestela, arratsaldea non edo non eserita, honetaz eta hartaz jardutera. Biok genuela uste dut gaztetan urraturiko adiskidetasun-tarrata haiek batzeko beharra. Nik, nahita ez nion gaia ateratzen. Zaldia, birusa, mamorroa bezalako hitzak erauzi nituen hiztegitik, eta ekiten zionean, etenik gabe mintza zedin uzten nion. Abila zen horretan, gordetzen zuen istorioekiko zaletasun hartatik. Ikasten hasita omen zebilen atzera, soinuarekin eta irudiarekin zerikusia zuen zerbaitetan zegoen matrikulatua.

         Eta hitzak hitzari deituta, nola ez dakidala, tximinoarena atera zen oroimen partekatuaren solasera. Orduan kontatu zidan, ez nion sinetsi, urteetan inori azaldu ez ziona. Nonbait, gaizki-ulertu bat izan zen dena. Egun batean zirkuko aurkezleak bota omen zuen, txistea egite aldera edo, hain zela okerra publiko artean zigarro erretzen zebilen matxangoa, non zemai egin zion makila zerurantz harrotuta: egunen batean lurpean sartuko haut, tximu alu hori! Hortxe bertan, ibai ertzean. Joango zaik, bai, lapurretarako gogoa!”.

         Ahotsa modulatzen antzeztu zidan zirkuko gizonaren erretolika.

         Hori bai, ez hutsik. Hago lasai horregatik, izango duk zer jan eta edan, zaletxo alaena! Baita tabakoa ere, nahi adina. Datorren urtean pasatuko gaituk hire bila!”.

         Piztuta zituen begiak.

         Umeek bezala ulertu beharra zagok mundua, ez zagok besterik. Eta Winston, pentsatuko duk zergatik.

         Ondarroan arrastan zebilkion anaiak izaten zuen beti, entrepotekoa.

         — Churchill nor zen ere ba al genekian ba!

         Zigarro-paketea hartu mahai gainetik eta zilar papera atera zion barrutik. Lipar batean desegin zuen osorik, belarri bat kendu eta bi atzamarren artean biribiltzeko. Eroritako hortzek utzitako zuloak geratzen zitzaizkion agerian barre egiten zuenean.

         — Jai al duk?

         Kafea hartu ohi nuen tabernan agertzen hasi zitzaidan bazkalondotan. Zain izaten nuen.

         — Gure munduaren istorioak kontatu nahi ditiat.

         Ez dakit zer zerabilen buruan, apaldua zuen begirada. Tea eskatuko nion galdegin zidan. Ez nion itxura txarrik hartzen, eta okerrago egotea, bazuen: ezgaitasuna kobratzen ari zen, ustez kontrolatua zuen mamorroa eta Elirekin segitzen zuen, elkarrekin sekula ikusten ez banituen ere.

         — Ondo ni? Heriotza hobeto! Kristoren memoria dik.

         Lagun mina galdu zuen aspaldi gabe. Azken urteetan dena lagata egonda ere, hiltzen ari zitzaizkion ondoan izan zituenak.

         Hozten uzten zuen tea. Koilaratxoarekin hasten zen jolasean.

         — Ez duk ederra, faktura noiz iritsiko zain beti.

         Horrela ekiten zionean, ez nuen asmatzen zer egin, isilik egon besterik.

         — Koktel ostia hori bera ari duk jendea garbitzen.

         Ahoa betetzen zitzaion osasun sistemak eskaintzen zuen botika-konbinatuarekin. Asko omen ziren urteetan stand by-n egonda, tratamenduan hasi eta, okerrera jota, hil zirenak. Horrexegatik ez zuela berak hartzen.

         Ez nekien buru ikaragarri argi baten aurrean nengoen ala suizida bat ari zitzaidan hizketan. Kokoriko jarri zen taburete gainean, neure burua inoiz tolestea lortuko ez nuen eran, bi eskuez bildua kikara.

         — Arina hago, Piris.

         Barre egin zidan zurrutada bat eman aurretik. Chi kunga egiten zutela aspalditik Elik eta biek. Lagundu egiten ziola.

         — Besteekin egoten haiz?

         Hepatitisa. Hori bai, horixe zaintzen zuela.

         Ez zekiela nolatan segitzen zuen Elik berarekin.

         — Ez zioat sekula galdetu, uste diat ez nukeela ondo hartuko erantzuna.

         Haurtzaroko kontuak aletzen genituen orduan. Eta neke gabe agertzen zitzaizkigun eskolakideen izenak, elkarrekin ibiltzen ginenona futbolean, petakoetan, billarrean. Tximuaren sorospen taldetik, biok eta besteren bat bakarrik bizi ginen herrian. Beste guztiak joanak ziren, paradisutik eskapo. Ba al nekien Andoni ertzain sartu zela.

         Kanpoan, argi itsugarriak erretzen zuen atari aldea. Sargori zegoen, eta hala ere, mahuka luzeko kamiseta zeraman.

         — Ohitu egin nauk, jendea besoetara begiratzen adina.

         Ez zebilen koskorik ere kalean. Erabat abandonatua zirudien herriak.

         — Goazen hemendik.

         Egun hartan, ibaiari jarraiki errepideak kosta jotzeko behar dituen hogeita bat kilometroak inoiz inork eragin didan pasierarik ikaragarriena bihurtu ziren. Ez dut uste laga genuenik ez zuzenik ez bihurgunerik inorekin lotu gaberik. Ezarian, jendez eta xehetasunez bete zen kamioa. Bera txofer, gogoak agindu ahala gidatzen zuen, baratxe hartuta errebueltak, zigarroa atzamar artetik soltatzeke. Lasaiago ematen zizkidan orduan azalpenak. Gelditu ere egin zuen autoa pare bat bider. Ateak zarratuta zituen nabe industrial baten kanpoaldean azkena. Hondeamakinak konpontzen zituzten, antza. Jaitsarazi egin ninduen. Urrats lasterrez igaro genuen errepidea. Sastraka artean, besoa falta zuen marmolezko gurutze bat erakutsi zidan.

         — Hemen Juanmari hil zuan, berbena batetik zetorrela. Arbola jo zian. Akordatzen haiz Juanmarirekin?

         — Akordatuko ez nauk ba.

         Garai batean ez nuen beste nahirik bere auto ostia harekin bazterra jo zezan besterik, arrebari egin zionagatik.

         — Ostia, egia. Ahaztua nian.

         Adin kontua ere bada, harri egiten da bihotza, gero ez da erraza asmatzen zer egin beratzeko, ezer ez da aski. Denbora behar da, ez gutxi, eta hala ere ez dut uste inoiz leheneratzen denik. Orain duda dut hau esan ote nion, beharbada ez zitzaidan ahora iritsi.

         Hamasei hildako zituen zerrendatuak Imanol Pirisek hogeita bat kilometro haietan. Galdetu egin zidan, ea han agertzen ez zenen bat nuen gogoan. Ahaztu edo, behintzat, aipatu ez zizkidan beste hiru erantsi nizkion. Bat, Quintana nagusia, tximak harro, Montesa harekin harroago, mendia janda zabaldu zuten arte beste mordoa eraman zuen errebueltan txikitua geratu zena. Bi, Urtezahar gau batean bazterra jota hil zen geure eskolako fraidea, gimnasiakoa, motelenoi hanka-zainak asunekin berotzen zizkigun hura. Eta hiru, Lourdes Aizpuru, aurreneko feminista taldea eratu zuena bailaran. Ibaiak ura erruz zeraman gau batean, autoarekin petrila hautsi, putzura erori eta uhala ezin libratuta ito zen. Hala esan zen orduan. Gauerdian deitu zuten etxera.

         — Aitaren gorri-hotsarekin esnatu ninduan, telefonoa kakotu eta zer egin ez zekiela batera eta bestera galtzontzilotan.

         — Orduan askozaz jende gehiago geratzen zuan bidean.

         — Ez diat sekula aita negarrez horrela ikusi.

         Paperen karpetatxoa atera zuen gidariaren ondoko apaletik.

         — Hi, zer egiten zuen fraide batek komentutik kanpo Gabon zahar gauean?

         Aipatu nizkion guztiak apuntatu zituen orri garbi batean.

         — Proiektua onartu zidatek. Orain bai ez dudala atzera egiterik.

         Besoa lepo gainetik pasa, neure kontra baldarki estutu eta musu eman nion lokian. Berea baino ez zitekeen usain hura. Portuan bertan utzia genuen autoa, garabi herdoilduaren ondoan. Zortea nola datorren behar ez denean, eta han gindoazen, hilezkorrak ginela inoiz jantziko ez genituzkeen bi sandalia pare itsasoak ilundutako moilan aurrera. Ilusioa zuen, eta egitasmoa, egia esan, benetan ederra begitandu zitzaidan. Ikusten nuen ez zitzaiola erraza egingo buruan zerabilena ondo lotzea. Erokeria eder bat, harrikada latza izan behar du pertsonak errepidean hildakoen istorioen bitartez kontatu nahi izateko bailararen azken berrogei urteko ibilia.

         — Baduk titulua?

         — “Ibai ondoko jendea”.

         Halako solemnitate aire batez bota zuen. Pentsakor geratu nintzen, berak espero aldean luze. Bokalean, yate txiki bat ari zen sartzen, diosalaka umeak proan pasieran zebiltzanei.

         — Gustatzen?

         — “Gure tximu Winston” baino hobea behintzat baduk.

         — Idiota haiz ba.

         Musu bat beste eskertu nuen ukabilkada gozoa besondoan.

         — Antropologo amerikar hari hartu diok orduan ideia.

         — Zer antropologo?

         Ez nuen jarraitu. Beharbada beste nonbaiten entzun nuen, oraintxe ba al dakit bada nori aditzen diodan zer. Berari entzuna ez bazen, bazitekeen neuk asmatua izatea gure bailarako jendearen dohain berezien kontu hori. Iraganak badu hori, bere ahazturekin eta asmakizunekin, zaila da oroimen txatal batek nornahirentzat balio izatea. Edo bere asmakizun bat izan zen bestela, hainbeste konturen artean atzendua zuena.

         — Ahaztu ezak. Ezer ez. Txorakeria bat.

         — Nahi duk irakurri orain arteko gidoia?

         Osagaiak, bazituen. Batzuk bikainak, gainera. Ez dakit zergatik sartu zitzaidan gaizki atera behar zuela proiektuak.

         — Morborik gabe, gure bailara ostia honen erradiografia egin nahi diat.

         — Hildakoekin?

         — Zein hobe gure hildakoak baino zer garen azaltzeko.

         Ederra asmoa, baina ez nuen ikusten nola burutu zitekeen erokeria hura. Gauza bat zuen alde Pirisek. Inork gutxik bezala zekien istorioak kontatzen.

         — Lagundu behar didak.

         Eguzkia etzan baino lehen ilundu zuen. Sargoria zen trumoiari deika. Laster joko zuen, itxura guztia zeukan.

         Pirisen larruan jartzen saiatu nintzen. Ibaia zioenean gu esan nahi zuen, bizi ginen mundua eta bizi genuen jendartea, Winston lurpean abandonatu genuenetik itsasorainoko tarte habitatu hura, gozotik adina zeukana gazitik, sotila baina harroa, eta ankerra, gaiztoa, korapilatsua, ulergaitza, zer ez ginen izan gure gurasoen munduarentzat. Deiadar betean zer esaten genuen eta zer utzi dugun ikusita, nola agertuko ote gara ondorengoek epaitzen gaituztenean. Hori guztia kontatu nahi zuela uste dut.

         — Baldinbaitere, lagunduko ez diat ba.

         — Astindua izan behar dik.

         — Hik eman, errukirik gabe.

         Unforgiven, Piris.

         Ohartu orduko, farol muturrean geundela hasi ziren aurreneko tantak, txitxirio aleak bezain potoloak. Zartatu egin zen zerua. Labarpean, argiak piztuta zihoazen auto guztiak abiadura nabarmen motelean. Errioaren bestaldean lasterka bizian ekin zion jendeak, toallak buruan. Orduan hasi ginen geu ere. Antxintxika desibili genuen bidea, tximu eginda heltzeko moilako kafetegiko estalpera.

         Barreari ezin eutsita begiratu genion elkarri goitik behera, beste garai batean erakusten jakin ez genuen samurtasunez. Kikara eta jogurt pote hutsez beteriko aluminiozko mahai artean, toalla bat eskaini zigun ama batek, erdi izututa begira genuen ume ilegorri batena, hain izan behar genuen jite negargarria. Berriz estutuko nukeen, eta nola, jakitera hura genuela elkarrekin igaroko genuen azken arratsaldea.

         Filma ez zuen sekula amaitu. Hasi ere, ez dakit inoiz kamerarik ere hartu ote zuen. Gidoia, bazuen. Izenburua ere bai. Indarra falta. Zilborreko litsa baino geldoagoa nauk, biluztu zitzaidan. Ezagutzen nuela, banekiela nolakoa zen, istorioak asmatzen artista, lanerako ez hainbeste. Ez dakit askoz gehiago, ez baitzidan aitorpen eten bat besterik utzi handik puskatera, iluntze hartan kostatik etxerakoan autoak labain egin eta jo genuen hormaren aurrean, Elik erosia izan behar zuen krabelin sorta batekin batera.