Harrien lauhazka
Harrien lauhazka
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-91-5
azala: Iņaki Martiarena
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

MARRUMAREN ISILTASUNA

 

Elkarri behatu eta entzun

Inoiz entzun gabeko marruma oinpean

Hondarra beluritzen ikusi, akazia artetik uhinak biltzera

        biziro doan itzalaren ibilia

Harriaren hotsa hondarretan. Hareazko laino zarratua

Zer duen lurrak horrenbesteko amorruz heltzeko

        ikasi nahian

Zer den ur garbien azpitik horren doilor hartzen gaituena

Ibiliko ez genuen estrata ibili zuten zure begiek,

        norbaiten bila bezala

Galderak, hilerriko bidezidorra, portuko jatetxeetako

        argi biztu berriak

Autoen islak arroka gaineko errepide estuan irristaka

Inon ez diren herrietan ere errepikatuko zen paisajea

Gertaerak gogorrak dira baina gure aldean

Ezerk ez du isiltasun hark besteko mina ematen

Ni ez nintzen nahikoa zure ikara uxatzeko

Eskain niezazukeen babesa ahula zen:

Zurea besteko egonezina

Traina sikuek hilda ziruditen gurdi nekatuen magalean

Eta irlaren harrotasuna amatatua zen

Harrezkero ez dakizu zenbaterainoko beldurra diodan

        argi mingarri hari

Berbarik gabe bada maitasunik?

Ez zen gogora zetorkidan lehen aldia

Oroimenen zaparrada. Arrangura urduria. Harrien

        xuxurlatze itoa

Norberaren baitako paisaje mina:

Behegainera jausten diren itzalak

Arrazoia olatuen antzera joan-etorrian al dabilen galdetu

Norberarena galdu baina ausardiarako bide guztiak

        itxita daudela esan nahi

Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait,

        urak berarekin daramana

Elkarren gainean metaturiko aulkiak. Faroko argia. Bidea

Oroimeneko hilak ur azalean kulunka

Eukaliptoak harantzago

 

Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen

        ez duten itzalik