Harrien lauhazka
Harrien lauhazka
1998, poesia
96 orrialde
84-86766-91-5
azala: Iņaki Martiarena
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

BELDURRA

 

Induskailuak amorruz eteten du ekina

Nahikoa dioen oihua eta gasoil errearen ke harroa

Ibilera baldarrez, laprastaka abiatzen gara

Arin ibili beharra dugu: azkenak dira

Gure oinek ez dute lorratzik utziko

Lokatza handiegi hazi da asteon

Zerbait ikasi dugu ordea ibili honetan

Ez alferrik hamaika bider egin dugu

Uralitazko txapitulatik muino magalerainokoa

Eta negua atalasean da

Mutildu dira soroak

Harriak erraigordean dira

Kontuz pilatzen ditugu elkarren gainean

Ezagunak egiten zaizkigun izeneko lauzak

Abizen, argazki eta daten mozkorraldia

—Oroimena harrika uneoro—

Azkenak plastiko iluneko zorroetan bildu eta partitu

Itxitura zarratu orduko bilduko gaitu elurrak

Zerua berunezko egin da, eta hotzak arbolak errausten ditu

Palen mintzo urduriek aise harrotzen dute lur beltza

Ez da besterik sustrai artean: azkenak ziren

Bedatseko xirripa berdeek beteko dute urtegia bihar

Bihar orain beltz zaizkigun harriek ez dute kerik isuriko

Ur geldiak irudi atseginagoak imitatuko ditu

Pasieran hurbildutakoen xira biziak

Hegaztien hegada herabea

Umeek zopak eginen dituzte induskailuak lehertu dituen

        harriekin

Potinek urtegia nork lehenago zeharkatu eginen dute

Eta txikitatik dakit ez duela elurrik egiten ur gainean

Baina nork daki

Baliteke presekin gure lana ondo ez betetzea

Gure begiek ez ikustea urteetan imintzioka itxaroten

        dagoena

Eta norbait geratzea hor behean

Oroimenaren erro artean gatibu

 

Orduan beste batzuek itzuli beharko dute