Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

60

 

Oihana ez zuen egun hartan ikusi, egun batzuk geroago baizik, jakin gabe hura izango zela azken aldia, eta «azken aldia» kontzeptu abstraktuegiaren esanahiaz jabetzeke zegoela artean. Orio auzora sartzeko telefono kabinaren aldamenean eman zuen arratsalde osoa zain. Han parean bazen villa bat arrosa kolorekoa, gizon bat karraskilak mozten guraize handi batzuekin, galtza motzetan. Tarteka Xabiren aldamenean jartzen zen, zuzen ari ote zen egiaztatzearren, eta ondoren berriz ekiten zion adorez.

        Tarteka kabinan sartu eta Xabik etxera hots egiten zion Oihanari, baina haren amak hartzen zion eta eskegi egiten zuen, izututa edo lotsatuta, edo biak.

        Segituan bereizi zuen Oihanaren Peugeot motorraren soinua. Tente jarri eta eskuaz keinu egin zion. Sudurra gorrituta zekarren neskak, beste mundu batetik ailegatzen denaren keinu sofistikatua kaskoa eranzteko orduan.

        Listua irentsi zuen, hura azken eguna zela oroitarazteko hitzak ahoskatu aurretik. Ez zuen solemne agertu nahi, baina axolagabe agertzea akabera izango zen. Agur betiko.

        — Zer ari zara hemen?

        — Deitzen.

        — Nori?

        — Amari.

        — A.

        Bizikletaren parrillan eraman zuen pilotalekura. Han, beti bezala, ezer berezirik egin gabe eman zuten denbora. Pailazo Hiltzaileen armategiaren amaieraz hitz egin zion Xabik, baina gogorik gabe, neskaren izterrak bere izterren kontra disimuluz elkartzeko ahaleginean baitzebilen. Erre egiten zuten hankek elkar ukitzen zutenean.

        — Azken eguna dut gaur Arantzaren etxean. Ostiralean kurtsoa amaituko dugu.

        Ezin izan zuen Oihanaren keinua ikusi; hura lurrera begira zegoen, ileak aurpegia estaltzen, baina zin egingo luke galera jasangarria egingo zitzaiola azaldu zuela.

        — Pozik al zaude Hegoaldera itzuliko zaretelako?

        — Ez asko.

        — Zergatik?

        — Ez dakit.

        Azal eder hura ikusteak, zeina debekuaren poderioz makurra eta lakarra bilakatzen baitzen, irrikaz eta etsipenez bete zuen. Hari musu emateko manera desberdinak irudikatu zituen. Eskutik heldu, erakarri, musu txiki bat eman masailean. Musu zuzena, neurtua. Edo Berurier Noir-en kontzertuan neska punkiak eman zizkion gisakoak, hezeak eta listu zaporekoak.

        Hondamendia zen ez bata ez bestea ezin ematea. Ezin laztan txiki batekin agurtu. Baina gehiegi maite zuen, maitasuna adierazi ahal izateko.

        — Zer moduz aita? —galdetu zion Oihanak, soa lurretik jasoz.

        Begi arruntak ziren, baina neskaren betazalen azpian lo egiteko zortea zeukaten, neskaren bizitzaren igarotzea ikusteko pribilegioa, neskaren apetei segitzeko lan errutinazkoa eta, aldi berean, misteriotsua. Edertasunaren eta ertainkeriaren logikaz aparte zeuden, gaztaina koloreko begi helezin haiek, orain Xabiri so egiten ziotenak, aitaren berri jakiteko irrika ez handiegiz.

        — Eta zeurea?

        — Ongi.

        Maite nauzu? Horixe zen jakin nahi zuen gauza bakarra. Ahoa ireki eta bitan pentsatu gabe bota zezakeen galdera. Marrazoen ur sakonetan sartu eta haiekin igeri egiten saiatzea bezalakoa izan zitekeen, marrazoen haginei so egin gabe, haien inguruan eraikitako istorio basa eta pasadizo gaizto guztiak ahaztuta. Keinu batek dena betiko akaba dezakeela jakin arren. Jakiteko irrika hutsagatik.

        Bat-batean argia joan zen pilotalekuan. Ia osoa zen ilunpea, ozta nabari zen argi beilegi bat han, zeru ertzean. Xabik Oihanaren gorputza sentitu zuen berearen kontra, babes eske. Eta orduantxe ohartu zen ez ziola ezertxo ere esango. Kontua ez zela hitzak topatzea, gorputzak zirela hitz egiten ari zirenak, eta biek gauza ezberdinak esaten zituztela. Bere irrikak ez zuela islarik aurkitzen neskatilaren gorputz urrunekoan. Eta ez zuela aurkituko. Eskerrak ilun zegoen, begiak malkoz bete zitzaizkiola ohartuko zen bestela Oihana.