Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

40

 

Lepoan orbana zeukan amari oparitu zioten zakurrak. Lepo jarri zioten izena. Zakur arrunta zen, hamaika arrazaren arteko nahasketa horietakoa, eta nahiko txoriburua. Gehiegizko poza eta grina zeuzkan, ez zuen jaramonik egiten, eta etxean kaka eta txiza egiten zituen. Goizetan kaka mokordoz josita egoten zen egongela. Sinesgaitza zirudien zakur bakar batek horrenbeste kaka egin zezakeenik. Eta hori arazo ikaragarria bilakatu zen Xabiren buruan, noizbait azaldu baitzitekeen Oihana.

        Gorroto zuen etxe utzi eta likits hartan bizitzea. Ez zen bere maitearentzako etxe duina.

        Ordura arte Oihana ez zen etxean inoiz azaldu, ezta txirrina jo eta ea jaitsiko ote zen galdetzeko ere. Behin edo behin etxe inguruan ikusi zuen, beti ibiltzen baitzen auzoan bizikletaz, eta kasik ezinbestean pasatu behar baitzen etxe paretik, baina Xabiren buru larrituan ezer ez zen kasualitatea, eta Oihana handik pasatu bazen esan nahi zuen akaso egunen batean txirrina joko zuela, eta sartzean kaka hura guztia ikusiko zuela lurrean barreiatuta. Eta orduan bai, orduan bere esperantza oro galduko zen.

        Beldurrak erasanda, goizetan ahalik eta lasterren altxatzen zen, eta banaka-banaka kaka mokordoak jasotzen zituen. Gero fregonarekin igurzten zuen lurra, eta ondoren balkoiko ateak zabaltzen zituen, lurra lehortu eta kiratsa joan zedin.

        Gorroto zuen arkakusoz betetako zakur kirten hura. Eta are gorrotagarriagoa egiten zitzaion haren poz betierekoa, haren esker on neurrigabea. Xabik esperantza zeukan zakurrak kaka etxetik kanpo egiten ikasiko zuela, eta zakurra ateratzen zuen, kaka etxetik kanpo egin zezan. Zakurrak saltoka agurtzen zuen eta harramazka egiten zion maitasuna agertzearren. «Bale, Lepo!», esaten zuen Xabik, eta gainetik kentzeko bultza egiten zuen, baina zakurrak ez zuen errefusatze hura ulertzen, eta hortxe segitzen zuen bere mihi arrosa airean dilindan zuela eskerrak ematen.

        Ateratzen zen eta batetik bestera zokoak usnatzen hasten zen. Orduak pasatzen zituen zakurrarekin batera eta bestera. Baina ezer ez. Nola egingo zuen ba ezer, dena gauez egina bazuen!

        Egunero gauza bera.

        Lepo izatearen abantaila zen, Oihanaren etxearen inguruan disimulurik gabe kuxkuxean ibil zitekeela, eta neska leihora irtenez gero harekin hizketan gera zitekeela. Baina neskaren aita, Tomas, gizon zorrotza zen, eta ez zuen alabak ikasteko tenorean denbora galtzerik nahi, eta leihora irtetea galarazia zion. Askotan elkarrizketak erdian uzten zituen Oihanak, eta kolpean ixten zuen leihoa. Hormaren kontra itsatsita geratzen zen Xabi, ezkutuan. Handik bi edo hiru minutura Oihanak burua ateratzen zuen:

        — Hor zaude?

        Xabi ez zen mugitzen.

        — Hor al zaude? —berriz.

        Hain zen musika goxoa, «hor zaude» hura!

        Aitak batzuetan alboko gelako leihotik burua ateratzen zuen, baina ez zuen sekula Xabi harrapatzen, azkar ezkutatzen zelako hormaren kontra. Gizonaren arnasa entzun zezakeen, animalia bat bezala usnaka.

        Enkontru haietatik esperantzaz beteta itzultzen zen Xabi, legearen mugaren bestaldea neskarekin konpartitzeak gehiago lotuko zituelakoan. Baina gero bizitza erreala ailegatzen zen neskaren absentzia luze haiekin, eta berriz zapuzten ziren bere ilusio antzu guztiak.

        Auzoan bueltak ematen eta pilotalekuan zain egoten zen Xabi goiz-goizetik. Batzuetan Oihana ikusi gabe joaten zen bazkaltzera, eta bazkaldu bezain laster leihoan geratzen zen hura handik noiz pasatuko, eta zain egoteaz gogaitzen zenean, etxetik irteten zen berriz, inoiz akitzen ez zitzaion esperantzarekin.

        Oihanak, aldiz, irten orduko aurkitzen zuen Xabi, irten orduko Xabiren mila begietako batek ikusten zuelako, pilotalekuan ez bazegoen etxaurrean egongo baitzen, edo bestela bere etxeko leihoan, zelatan edo zain.

        Kontzertuaren ondoren Oihanarekiko sentimenduak aldatuta zeuzkan, gainera. Jada ez zen hura ikustearekin asetzen. Desioa ate joka sentitzen zuen, eta sentimendua areagotu zitzaion etxean Imanol kantariaren Mea culparik ez diskoa aurkitu zuenean. Agian Jokinena izango zen, baina ez zegoen seguru. Gauza seguru bakarra zen, diskoaren azalean bularrak airean eta mahatsak eskuan agertzen zen neskatilari ezin zizkiola begiak kendu. Gorputz mehar gihartsua zeukan, emakumetu aurreko une lausoan, haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko marra finean. Eskuineko eskua beherantz utzita zeukan, baina dotore, ballet dantzari batek bezala. Zizelkaturik agertzen ziren giharrak haren haragi herdoil kolorekoan, eta bereziki hunkigarria zen pelbisetik gerriraino zihoan gihar fina, zeina zauria irudi baitzezakeen, edo pintzelada perfektu bat. Baina zinez erotzen zuena bere kuleroen azpiko haragi hanpatua zen, argiaren maisutasunari esker ñabardura sentsual guztiekin ageri zena, kafe ale bat bezala, bi muinoetan banaturik.

        Nahiko zukeen kitzikatuta sentitu, baina mina zen nabaritzen zuena. Ukoa. Neska hura bere besoetan sekula izango ez zuen segurtasun gorrotagarria.

        Diskoaren atzealdean ageri zen argazkilariaren izena: JM Zabala. Aitak bezala izena zuen agian, Joxemari, edo beharbada John Milford, edo halako izen ingelesen bat. Izen hori gustatu zitzaion: John Milford Zabala.

        Etsipena handiegia zenean soraio etzaten zen ohean, eta Jokinek oparitutako Beatlesen musika jartzen zuen. Bere logela familiarra egiten zitzaion, zirrikitu guztiak ezagutzen zituen, eta ezagutza hark gogaitu egiten zuen. Leihotik zintzilikatutako gortina parpailadunak, lorez apaindutako hormako paper beilegia, atearen helduleku inguruko zikinkeria lausoa. Horregatik, nahiago izaten zuen ahuspez egon, burua burusiaren kontra. Arropa garbitzeko leungailuaren usaina gustatzen zitzaion.

        Beatlesen kantek mundu ezkutu bat iradokitzen zioten, eta mundu ezkutu hura iruditan jartzen saiatzen zen arren, apenas lortzen zuen ezer ekartzea. Zirkuko pertsonaiak ziren gehien irudikatzen zituenak, pertsonaia mozorrotu eta irrealak. Kutsu horixe zeukaten diskoko doinu eta zarata eta intziri horiek guztiek: zirkukoa. Baina ez zirku xalo eta zuri bat, zirku arriskutsu eta misteriotsu bat baizik.

        Musikaren irrealtasuna eta Oihanarekiko desira nahasten zitzaizkion bazkal osteko tenore amaigabean, ohean etzanda gelaren zirrikitu guztiak milagarrenez begiratzen zituenean. Aho biko ezpata zirudien sentimendu itogarri hark: heltzen zion tokitik heltzen ziola, beti min egiten zion.