Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

6

 

Aitak Emilioren etxean iraun zuen bitartean Xabi ohartu zen zinez nolako zorigaitza den ohea bustitzea. Ordura arte txiza egitea arnasa hartzea edo jatea bezalakoa izan zen, jaiotzetiko ohitura, beste ezein ohituraren parekoa, ohitura narrasa bai, ezerosoa, baina aparteko arriskurik gabea. Baina ez dago etxeko abarotik irtetea bezalakorik, ohartzeko arraroak eta are lotsagarriak izan daitezkeela ohitura batzuk. Zaila da jakintza horren uneaz jabetzea, ordea, arrarokeriaren ezagutza ez baita une zehatz batean gertatzen, ez bada ezarian, gutxika, arrastoak batzen doazen heinean, eta arrasto guztietan deigarriena zen pixoihalak bere gorputz gero eta handiagoan hartzen zuen itxura, hain ezegokia eta traketsa. Amaren keinuetan ere antzeman zezakeen kontuak sortzen zion neke lausoa; toallak garbitzera botatzeko saskia irekitzeko keinuan, adibidez, halako bortizkeria kasik antzemanezina, baina Xabiri oharkabean pasatzen ez zitzaiona. Amorrua ezkutatzeko ahaleginak, bestetik, lasaitu beharrean, larritu egiten zuen.

        Arrasto gehiegi, errealitateaz ez ohartzeko.

        Horregatik, Enekok elkarrekin lo egiteko eskatu zionean, Xabik izua eta lotsa sentitu zituen. Gurasoak salan asko luzatuko zirela esan zion (Xabik salan egiten zuen lo), ez zuela merezi orain sofan mihiseak jartzen hastea, eta ongi zeudela burusien azpian linterna eskuratu berriekin jolasean, bazegoela tokia, eta gainera halako ilusio batekin esan zuen, opari bat egiten duenaren pozarekin.

        Agian egia esan izan balio... «hi, eskertuta zagok, baina txiza egiten diat ohean». Baina ez zion esan nahi izan. Laguna lokartu bezain pronto altxatuko zen katuen gisara, etxea zeharkatuko zuen argirik piztu gabe, komunean jarriko zuen pixoihala, eta berriz bueltatuko zen ohera. Eta hala egingo zukeen, laguna bere sorterriko kontuekin hasi izan ez balitzaio, eta bere amonaren pasadizo nahikoa aspergarriekin.

        Esnatu zenean maindirea heze nabaritu zuen, eta berehala sartu zuen eskua azpian, kalteak neurtzearren, eta asko urduritu zen maindirea ez ezik lagunaren pijama ere bustirik zegoela sentitu zuenean. Katastrofea zen. Egia esan izan balu!

        Zer egin daiteke, ezer egin ezin denean?

        Zutitu hadi, joan esne bila, ekar ezak eta isur ezak maindireen gainean; beti izango duk hobe istripua, gaixotasuna aitortzea baino. Edonork izan dezake istripu bat, baina gutxik bustitzen ditek ohea hire adinarekin. Hik bakarrik, hi, beti hi, mutil aldrebes eta futbolari kaskarra.

        Atearen beste aldetik etxe esnatu berriaren zaratak ailegatzen zitzaizkion, ateen danbatekoak, sukaldeko ontzien kolpeak, irratia... Eta bere aldamenean Enekoren eskua ikusten zuen gora eta behera zebilela bularraren gainean, arnasa sakon eta lasaiaren erakusgarri. Enekoren ohe gaineko apalean munduko bola zegoen, errobot bat, Carioca markako errotulagailuak, Enekoren txikitako argazki bat urre koloreko markoan, komuniokoa. Esnatu eta ohea ikustean, argazkiko keinu irribarretsua gordeko al zuen?

        Zarranz argazki dendan egindakoarekin akordatu zen Xabi, oinak lurrean ipini ahal izateko aulkiari birak eman behar izan zizkiola, eta argazkilariak esan ziola:

        — Ez hadi kezkatu, txiki.

        Eta aulkiak zabu herdoilduen kirrinka bera egiten zuela bere hanken tamainara egokitzeko bira amaigabe haietan. Eta txiki hitza burutik kendu ezinik geratu zela orduz geroztik.

        Izaskunen ahotsak aterarazi du Zarranzen argazki estudiotik. Atearen heldulekua askatu gabe hizketan ari da:

        — Tira umeak, gora!

        Enekok begiak zabaldu dituela ikusi du Xabik, eta hasperen egin du, etorriko denaren espero etsian.

        — Ongi lo egin al duzue? —galdetu zuen Izaskunek.

        Enekok burusia kendu zuen gainetik, ohean agondu eta bekozko zimurtuarekin zerbaiten bila hasi zen zopa egindako maindireetan haztamuka.

        — Zer da hau? —esan zuen, hatzak sudur-zuloen parean jarririk.

        Eguzki bizia zegoen kanpoan, giro ederra kalean, eta baita etxean ere: Gotzon amari deika, egun berri baten promesa, irrati-kasetearen musika emakume baten ahotsean: «Cuando cantas, yo canto, con tu libertad», eta harekin batera biolinak, vals zoragarri baten doinuan.

        Musikari entzungor, Enekok hankak zabaldu zituen orbanaren ertzak begiratzeko:

        — Txiza egin al duk?

        — Nik? —galdetu zuen Xabik, galderaren ergelaz ohartuta.

        Eta erantzuna entzun aurretik bere burua gela zeharkatzen ikusi zuen, kasik ihesean lasterka zihoana bera zela ohartu gabe eta, Izaskunen besoaren azpitik pasatuz, komunerantz abiatu zen, bizitzako hurrengo urteak bertan igarotzeko asmo irmoarekin. Zarranzen argazkia egin zioten egun hartan, etxetik irten baino lehen ileak urarekin orraztu zituela oroitu zuen, buruaren atzealdean puntan geratzen zitzaizkion ileek amorrarazi egiten zutela.

        Ama zen orain atearen beste aldetik hizketan ari zitzaiona:

        — Ireki, Xabi.

        Eta aita:

        — Esaiozu irekitzeko.

        Doinu ezberdinak ziren.

        — Xabi, ireki, laztana.

        — Dile que abra —besteak gaztelaniaz.

        Burua hanken artean ezkutatu zuen Xabik.

        — Joan zaitez —esan zuen azkenik amak.

        Baina pausoak urrutiratzen zirela entzun arte ez zuen Xabik atea zabaldu, eta zabaldu ondoren ahaleginak eta bi egin zituen negar ez egiteko, negar ez egitea erronka zaila zela jakitun, are ezinezkoa, inoiz ez zuelako malkoei behar zen unean eustea lortzen.

        Hortik aurrera dena erraza izan zen, amaren magalean barrua hustea eta halakorik berriz gertatuko ez zela bere buruari promes egitea.

        — Hurrengoan plastikoa jarriko dugu ohean —esan zuen amak, mutilari buruan musu emanez.

        Aurrekoetan ez bezala, Enekok bere aurpegi zirtolaria erakutsi zuen egun hartan txizaren aitzakia erabilita, baina, bustitakoa bere ohea izaki, ezingo zitzaion ezer leporatu. «Xabi sesele pipi en la cam», esan eta esan ari zen, hura Xabik ohean txiza egiten zuela frantsesez esateko moldea zelakoan, eta besteek sinetsi. Bere ahotsak durundi egiten zuen Txingudi pareko etxe arrosen kontra, eta bueltan etortzen zen isekari: «Xa-bi-se-se-le-pi-pi-en-la-cam!». Beren buruen gainetik Hondarribirako bidean igarotzen ziren abioiek bakarrik lortzen zuten mutilaren ahotsa itzaltzea, baina hantxe ikusten zuen Xabik keinuka eta ahoa mugitzen, hegazkinaren zaratari aurre eginez, bere burlarako erabakian tematuta.

        Amorrazioa ahuleziaren baliokide izan ez balitz, gogotik astinduko zukeen burua hondarpean sartzeraino. Baina soseguko agertzeko erabakia hartua zuen, gertakariari larritasuna kentzearren, eta esaten uzten zion. Gainera, inoiz ez zuen inor jo, ez zen horietakoa.

        Azkenean gogaitasunak salbatu zuen, ez bereak baina bai Gotzonenak, hura purrustaka hasia baitzen, inguru hartan harriak itsasora botatzea bestelako jolasik ez zegoela. Eta baietz Enekok, bazuela bizikleta zahar bat aitaren garajean, zulatuta zegoela baina aterako zutela behintzat zoko hartatik. Eta halaxe abiatu ziren.

        Horma baten kontra zegoen bizikleta, hankaz gora, aurreko gurpila kenduta, burdinazko ahuntz herdoildua, urkilatik Torrot koadro gorriraino amaraunak zintzilik.

        — Bizikleta bat duk, edo erdia? —zirikatu zuen Gotzonek.

        Xabik txantxa ospatzeko tentazioa baztertu zuen, ez gogo faltagatik, baizik eta berak bizikletarik ez zeukalako. Eta bazekien, bizikleta zahar ugari ikusitakoa zenez, pixka bat garbitu eta konponduz gero zein erraz dotoretuko zen. Horregatik poztu zen Gotzonek erremintak ba ote zeuzkaten galdetu zuenean, bizikleta bat bere herdoiletik berpizten ikusteko erakustaldia baino hoberik ezagutzen ez zuelako.

        Hormak pintatu gabe dagoen korridore baten amaieran dago Emilioren biltegi txikia. Enekok misterio handiz atera du giltza patrikatik, eta atzamarra ahoan paratu du, giltza daukanik ez kontatzeko sekretua dela adieraztearren.

        — Aitak hemen gordetzen ditu lanabesak.

        Kristalezko potoak daude apaletan, fruituak gordetzeko egurrezko kaxak, «Frutas Goicoechea, Irun», ardoa gordetzeko txanbila, bota katiuskak, makila batzuk, eta han nonbait metalezko kaxa bat. Nolako ezustea, ordea, kaxa ia hutsik dagoela deskubritu dutenean. Herdoilak jandako tresna batzuk, torloju eta iltze artean. Aliketak, kirtenik gabeko mailu burua, kurrikak.

        — Kristo! —madarikatu du Gotzonek—. Ea hor behean.

        Eneko kaxa bat baztertzeko makurtu da, eta poltsa batean bilduta dagoen zerbaiti heldu dio. Poltsatik atera du, koipez betetako trapu zahar bat agertu da. Trapua kentzen hasi da barrukoaren bila, eta azken trapu txatala kendu duenean, hantxe agertu da, argi txikiaren argipean dir-dir eginez, pistola beltz txiki bat.

        — Ni banoa —Xabik.

        — Ni ere bai —Nagorek.

        — Hortxe, lanabesa! —esan du Gotzonek, burdina eskutik kenduta.

        — Ekarri hori —Enekok.

        — Geldi denak hor!

        — Jaitsi hori, Gotzon! —Nagorek, ihesari emanda.

        Belarriak eskuekin estali ditu Xabik.

        — Zertan habil? Ez diat tiro egingo, babalorea!

        — Utzidak niri hartzen —esan du Enekok.

        — Erotu egin haiz ala?

        — Benga, hi, nirea duk.

        — Hirea?

        — Nireagoa behintzat. Benga, emadak!

        Enekok pistola hartu du barre urduri batekin.

        — Nik ere hartu nahi diat —kexatu da Xabi.

        — Hi txikia haiz.

        — Utzi ukitzen behintzat.

        — Hartu, nahi baduk. Baina ez ezak katua sakatu gero.

        Xabik eskuan hartu du:

        — Pam!

        — Et, et, et. Nahikoa duk! —urduritzen hasi da Eneko—. Ekarri hori!

        — Utzi niri —kuraia bildu du Nagorek.

        Xabik olioa sentitu du hatz mamietan: bustita dago. Nagorek hartu du ondoren, eta kanoiaren ahoari so egin dio.

        — Ez ditun hor partxeak aurkituko —Gotzonek.

        — Ez dauka balarik? —Nagorek.

        — Beno, beno, nahikoa! Ekarri hori!

        — Benga, norbait hilko dugu —esan du Gotzonek—. Nor hilko dugu?

        Denak barrez hasi dira.

        Orduan ohartu da Xabi, dardara batean dituela hankak. Hatz mamietako koipea galtzetan sikatu eta esan du:

        — Goazen!

        — Non zegoen hau?

        — Hor, kaxa horren atzean.

        — Utzi hor!

        — Goazen!

        — Bai!

        — Azkar!

        Inork ez du han geratu nahi. Atea itxi eta korrika alde egin dute.

        — Nola konponduko dugu bizikleta orain? —galdetu du Xabik.

        — Tiroka!

        Enekoren etxean epel zegoen, eta denak zeuden ke laino batean bilduta, mahaiko puskak jaso gabe, botilak, basoak, katiluak, Egin egunkaria, amaren betaurrekoak, eta kartetan aritzeko tapiza, nahiz eta ez ziren kartetan ari.

        — Bizi al gara? —esan zuen Emiliok.

        — Non ibili zarete? —amak.

        — Badian, harrika —erantzun zuen Xabik—. Hiru abioi bota ditugu.

        Puruari sakatuz barre modukoa egin zuen aitak. Paper fabrikako tximinia zirudien. Eta kantuan hasi zen berehala, Emilioren sorbaldari helduta: «Dicen, que por las noches, no más se le iba en puro llorar, dicen, que no dormía, no más se le iba en puro tomar...».