Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

15

 

Hondartzarako bidean metro batzuk atzerago zihoazen haurrak, nahita. Gotzonek egiten zuen hiruren sentimenduen bozeramaile:

        — Nekez aurkituko dugu Hendaiakoa baino etxe ederragorik: ez du egongelarik, ez du sofarik, ez du gelarik ere, baina, egidazue kasu, ez dugu etxe ederragorik inon aurkituko.

        Aurrerantzean biltegi hitza aipatzea debekatuta zegoen aitaren aurrean. Logela bilakatutako biltegia, izan ere, logela zen. Logela eta listo. Ezin zitzaion agindu sakratu hari muzin egin. Zer esango zuten kalean? «Ugartetarrek armairuan egiten dute lo!».

        Itsasoan hormigoizko eraikin beltz bat ikusten zen, bunker hitzak iragartzen zuen ikuskizunaren aldean nahikoa txikia eta etsigarria, balea baten sorbalda bezala airera ateratzen zena, eta Felixek azaldu zien huraxe zela gerrako bunkerra:

        — Bigarren Mundu Gerrakoa, alemaniarrek eraikia.

        Xabiri hormigoi zati bat baino ez zitzaion iruditu, eta halaxe esan zuen, birritan pentsatu gabe.

        — Gainerakoa ur azpian dago, artaburua! —esan zuen Gotzonek—. Ez al duk ikusten itsas gora dagoela?

        — Geroago, azken orduan ikusiko duk —esan zion Felixek—, eta sartu ere egingo haiz, nahi baduk.

        Une batez isilik geratu ziren olatu txikiek hormigoia nola jotzen zuten ikusten, nola estaltzen zuten apar zuriarekin. Felixen leporik gabeko gorputzari so egin zion Xabik, halakoxea baitzeukan gorputza, burua bizkarrean hazten zitzaiola, kubo itxurako gorputza, eta hartaz harro ezin egotea deitoratu zuen, gurasoen lagunen artean maitagarrienetakoa baitzen benetan.

        — Kostalde osoa josita dago. Alemaniarrek zuhurtzia eta lanerako grina handia zeuzkaten, eta izua ere bai. Orain dena da frantziarrena!

        Haurrek ez zuten Felixen barre algararen arrazoia ulertzen, baina kutsatu egin ziren, nolabait, eta denak hasi ziren barreka.

        — Eta hori gutxi balitz —segitu zuen Felixek—, ba al dakizue nola izena duen hor ikusten duzuen hondartza horrek? Espainiarren hondartza! Hemen inguratuta gaude... denak lurrera!

        Burua sorbalden artean sartuta segitzen zuen barrez, begiak malkotan, eskuekin izterretan kolpeak jotzen zituen bitartean. Ezin zenion barreari eutsi.

        Hondartza txiki bat zen, atzean zuhaizti handi bat zeukana, alde batera errepidea eta bestera itsasoa, eta hondartza parean justu, balearen bizkar hormigoizkoa.

        Hondartzara ailegatu orduko ulertu zuten hondartzaren izenaren zergatia, mundu guztia gaztelaniaz ari baitzen han. Ohiko keinu nabarmenak elkarri diosal egiteko, bostekoak eta bizkarrekoak, zorionaren zeremonia. Horietatik asko gurasoen lagunak ziren, zeinek hondartzako txangoa baliatzen baitzuten janariez, jantziez eta bestelakoez betetako kaxak ekartzeko. Atun potoak, lekaleak, olioa, tabakoa, eta, bereziki, edaria. Iparraldean edaririk inon salduko ez balitz bezala. Ardo eta sagardo kaxak eta kaxak. Dena zegoen ongi antolatuta: janaria prestatzeko sua, eserlekuak, mahaiak, eguzkitakoak, eta irratia!

        Haurren artean aurpegi ezagunen bat, eta ezezagunak hainbat.

        Neskatilaren bat ere bai.

        Baina zer nagikeria, haien artean tokia aurkitzea!

        Han zihoan Nagore, liburua eskuetan, bizkarra makurtuta, harremanak ziren amaraun delikatu hura ehuntzeko gogorik gabe.

        Eta Gotzon? Bere gelakide batekin; ileak marra erdian orraztuta eraman ohi zituen mutil mehar isil bat, orain Gotzoni baloia pasatzearren hura ostikatu baina beste aldera bota zuena, itsasorantz, bere oin meharrak uretan sartu zituena han kristal hautsiak baleude bezala, eskuekin zerbait zintzilik eramaten duenaren keinua eginez.

        Xabik elastikoa kendu eta besoko kalkamonia erakutsi zuen: West. Bihotz gorri baten marrazkia, tabako marka baten irudia omen zena. Neskak begira zituela ohartu zenean saltoka uretan sartu zen, ez beste gizajo hura bezala, zipriztinen ikararik gabe baizik, ahalik eta zalaparta handiena eginez. Burdina goria isuri baliote bezala, baina ur azpian ahal izan zuen guztia iraun zuen, hango mundu berde uger isilean, irautea eta irauten zuela erakustea beste helbururik gabe, hotzaren erreduraz ahazturik.

        Eta neskak begira, irriñoak egiten. Eta Xabi han uretan bakarrik, ezin balentriarik asmatu neskei erakusteko. Ez baitzekien deus egiten. Hondora joan eta hondar eskukada bat hartu eta, kanpora irtendakoan, hura jaurti.

        — Hondoa ukitu duzu? —esan zioten Xabiri.

        — Ez duzue hondarra ikusi?

        Han datoz neskak uretara.

        Haurrek ez diote elkarri nondarrak diren eta nondik datozen galdetzen.

        — Alemaniarrek egin zuten bunker hura. Orain frantziarrena da.

        — Badakit —erantzun zion nesketan ausartenak, loredun bainujantzia zuenak.

        — Itsasbeheran barrenetik ikus liteke.

        — Askotan izan naiz han.

        — Ni ere bai.

        Zer axola zuten gezur txiki batek edo bik?

        Baina orduantxe konturatu zen Xabi bunkerretan zer zegoen ideiarik ez zeukala. Bonbak edo armak edo hezurrak izango ote ziren? Hobe zuen galdetzen ez bazioten. Alferrikakoa zuen kezka, ordea, hantxe baitzeukan ama itsas ertzetik deiadarka:

        — Merienda!

        Mundu guztia begira zeukala konturatu zen Xabi, eta eskua luzatu zuen. Txikitan zaldiko-maldikoetan ama hala izan ohi zuela oroitu zuen, eskua altxatuta agur egiten, eta hari agurra itzultzeak sorrarazten zion larritasuna. Ogitartekoa zeukan amak jasoa, gerra irabazitako soldadua zirudien, fusila aldarri. Igeri eginez gerturatu zen Xabi ertzera, igeri egiteko eskukadak dotoreziaz egiteko arreta bereziarekin, eskua uretik atera orduko zeruan zirkulu ahalik eta biribilena marraztuz.

        — Jan! —agindu zion amak.

        Urtuta zegoen txorizoa ogi barruan. Lastima eguzkia buru gainean zeukan, mundua labe handi bat bilakatzen. Ezin lehiatu, ordea, sagardo botilez betetako balde handiekin, parasolen gerizpe estuegian.

        Lozorrotik esnarazi zuen norbaitek, eskua sorbaldan jarrita. Gizon beltzaran bat zen.

        — Oihana! —oihu egin zuen.

        Eta bainujantzi loreduneko neskak burua itzuli zuen.

        — Begira!, hau Ugarteren semea da!

        Behera begiratu zuen gizonak, eta Xabiri esan zion:

        — Hi Joxemariren semea haiz, ezta?

        — Bai.

        — Joan hadi neskekin jolastera.

        Ezin jakin agindua edo iradokizuna, zer ote zen.

        — Jaten ari naiz.

        — Tira, jan ondoren joango haiz.

        — Bale.

        — Nola daukak izena?

        — Xabi.

        — Zenbat urte dauzkak?

        Nolako jakin-mina bere adinarekin!

        — Bederatzi.

        — Handia haiz!

        Aitak erreskatatu zuen semea:

        — Tomas!

        Zerbait erantsi nahiko zukeen Tomasek bere begi txiki errezeloz betetako haiekin, baina ezer bururatu ez eta hondar bigunegian lasterka eginez aldendu zen, aita eta beste bi gizon aulki tolesgarrietan eserita zeuden tokira. Iritsi orduko hatz lodia Xabirengana zuzenduz zerbait esan zuen, haurrak entzun ezin izan zuena. Eta denek barre egin zuten.

        Neska uretik atera eta beregana hurbiltzen ikusi zuenean, ezikusiarena egiten saiatu zen Xabi. Beharbada neskatila behartuta sentituko zen harengana joaten; «aitak agindu dit» esango zien lagunei. Xabi, orduan, zigor bilakatuko zen. Halabeharrezko adiskidetasuna baino enbarazu handiagorik ez baitago. Hor dago neska bere parean, ordea, eta lehendik ez begiratu izanagatik ezustekoa antzeztu beharko du. Neskak igarri egingo dio, hori beti igartzen da.

        — Nork esan dizu bunkerrarena?

        Hondartzaren atzealdean sastrakaz eta zuloz betetako zuhaiztia zegoen, zomorroentzako gordelekua. Oihanak oilo-ipurdia zeukan harako bidean, baina besoekin sasiak baztertzen zituen min hartzeko beldurrik gabe, lekua betitik ezagun izan balu bezala. Xabik ahaleginak egin zituen neskak bere kalkamonia ikus zezan, neska inoiz geldituko bazen behintzat. Zeren eta neska zuloen gainetik jauzika zihoan arrokaz arroka, orkatilan harizko pultsera zeramala, azal beltzaranean dirdaitsu.

        Eta Xabiren nesken aurreko urduritasun betiko hori.

        — Nongoak zarete?

        — Oreretakoak.

        — Gu Etxalarkoak.

        Non ote zegoen herri hori?

        — Ezagutzen al duzu Etxalar?

        — Noski.

        — Eta hona etorriko zarete bizitzera?

        Xabik baietz esan zion, horrek atsekabea sortuko balio bezala, eta bainujantzitik labana atera zuen, zuhaitzean «Gora Euskadi» idazteko. Labana Oihanari eman zion ondoen, baina kirtena bere eskuan ezkutatuz, neskak labana heltzean eskua uki ziezaion.

        — Nahi baduzu, idatzi zure izena.

        — Gu hemen bizi gara. Aspergarria da.

        — Denak hil ziren gerran.

        Oihanak barre egin zuen, bere izenaren O-a izan nahi zuen erronboa amaitzen zuen bitartean.

        — Bai zera!, denak daude etxean, ez hilda!

        — Gerran hil ziren, nire anaiak esan dit.

        — Ba zure anaiari esan, denak bizi direla eta egunero ikusten ditudala erosketak egitera edo postara joaten direnean. Zure anaiak ez du ezagutzen Christophe, gure bizilaguna; erotuta dago, beti builaka ari zaio Tetéri.

        — Nor da Teté?

        — Bere zakurra. Etxeko txapinak eta aulkien hankak eta liburuen izkinak jaten ditu, amari esan zion behin. Eskaileratan aurkitzen dugu beti eta beti geratzen da gurekin hizketan, espainolez egiten duelako eta bakarrik bizi delako Tetérekin.

        — Zure bizilagun hori ez zen gerrara joango. Baina Frantziak gerra egin zuen eta gerra guztietan hiltzen da jendea, bereziki frantsesak, maitasun kontuetan asko dakitelako, baina gerra kontuetan batere ez.

        — Zure anaiak gauza asko asmatzen ditu.

        — Et, et, et, nire anaiak dena daki —esan zuen Xabik, behingoagatik egia ukaezin bat esateak ematen zion ziurtasunak bultzaturik.

        Baina Oihana ez zuen hitz handi horiekin horren erraz kikilduko.

        — Ba dena jakiteko gutxi daki Frantziari buruz.

        Jauzi batez zuhaitzaren adarretik zintzilikatu zen Xabi orduan.

        — Ea nork irauten duen gehiago.

        — Berdin zait nork irauten duen gehiago.

        Mutila han bakarrik uzteko gai izango ote zen neska?

        — Galduko duzun beldur zara.

        Oihanak adarrera jauzi egin zuen. Bi gorputzak elkarren aldamenean, neskaren azal hotza berearen kontra. Eternitatea iraungo zukeen han zintzilik, besoak puskatu arte.