Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

52

 

Luzexka eta dotorea zen Arantza, Xabiren etxe berriko jabea. Adinekoa izan arren, garai bateko edertasuna gordetzen zuen. Ahopeka hitz egiten zuen, eta ia gehienetan etxean egoten zen, irakurtzen edo musika entzuten. Begi gris tristeak zituen eta ez zuen inoiz bisita jasotzen. Baina emakumeak bere aldarteari egokitzen ez zitzaion etxea zeukan: argia, alaia eta apaina. Inor hartzeko txoko paregabea. Baina inor hartzen ez zuena. Xabi zen salbuespena.

        Arantzak irakatsi zion lehen gauza, mikrouhin labea erabiltzen izan zen. Goizean goiz esnatzen zenez, berak prestatu beharko zuen bere gosaria, eta funtsezkoa zen esnea non zegoen eta nola berotzen zen jakitea. Gero kakaoa eta zerealak gordetzen zituen armairua erakutsi zion:

        — Hemen dago zure gosaria, zereal hauek. Aldameneko kruasanak ez dira zuretzat.

        Hantxe zegoen Kellogg's kaxa bat eta aldamenean kruasanez betetako poltsa garden bat. Xabik ahalegina egin zuen esaldi hura buruan bueltaka gera ez zekion. Arretarik ez jartzeko, edo esaldiaren mezu praktikoari soilik erreparatzeko. Hau bai, hau ez, kito. Baina ez zekien hori egiten eta eskale baten pare sentitu zen, munduko gauza goxoen domeinutik makilaka kanporatutako arlotea. Zereal eta kruasan horiek bere bizitzan mamitutako sentimendu gaiztoen ondorio eskematikoa ziren. Zer zegokion eta zer ez. Eta kondena betiereko hura sakonean justua zelako egiantza mingarria. Lotsa gehien eragin ziona, ordea, emakume argal eta lirain hark, Xabik uneren batean kruasan horiek beretzat nahi zituela irudikatu izana zen. Zeren eta egia baitzen! Txiroa eta madarikatua izan arren, Xabik bai baitzekien kruasan on baten eta zereal kaskar batzuen arteko bereizketa egiten. Ahora sartu gabe dasta zitzakeen zera samur haiek. Eta goizean kakao esnetan bustita izango zuten zapore apartekoa.

        Hantxe zekusan emakumearen esku argal zainez betea, hatza zereal kutxaren gainean, eta ahalegina egin zuen imintziorik ez egiteko, harri bat bezain sendoa izateko, emakumeak ez zezan susmatu, Xabik inoiz kruasan horiek beretzat izan zitezkeenik pentsatu zuela.

        Hurrengo goizean, Xabik armairua ireki eta kruasanak eta zerealak elkarren aldamenean ikusi zituenean, poltsa hartu eta mahaian jarri zuen. Korapiloa askatu eta deskubritu zuen zazpi ale zeudela. Astakeria bat. Eta emakumeak ez zuela alea hartu zuenik inoiz asmatuko. Abisua emanda ziurtzat joko zuela Xabik agindua beteko zuela. Kruasana usaindu zuen, eta okerragoa izan zen, akatsik gabe sentitu zuelako gurinaren gozo sarkorra bere sudur zuloetan barna kilimak egiten. Eta, ia pentsatu gabe, hozka egin zion.

        Etxera ailegatu zen asteazken batez, goizetan egiten zuen zarataz mintzatu zitzaion Xabiri. Zarata gehiegi egiten omen zuen. Arazo larri batez ariko balitz bezala hitz egin zion, eta inoiz ez bezala lotsatuta sentitu zen Xabi, berak mutil prestu eta txintxoa izateko ahalegin nekagarriak egiten zituelako, etxe hartan zorretan ez sentitzearren, nahiz eta bazekien hori kasik ezinezkoa zela. Gau hartan etxeko ateak ganoraz eta delikatuki ixten irakatsi zion Arantzak Xabiri.

        — Ez baita gauza bera —esan zion Arantzak— ateak ixtea eta ateak delikatuki ixtea. Ateak ez badituzu delikatuki ixten —aipatu zuen—, zarata egin dezakezu, eta zaratak jendea iratzartzen du, baita iratzarri nahi ez duenean ere.

        Hatz hezurtsuekin atearen heldulekua hartu zuen, eta poliki bultzatu zuen atea, eskuturra doi okertu ondoren.

        — Ez duzu ateak klik egin dezan utzi behar.

        Klik ez egitea, horra gakoa. Zorion ororen gakoa, Arantzaren azalpenaren doinuaren arabera.

        Eta gero esan zuen:

        — Dutxa hartu behar baduzu, har ezazu orain.

        Eta arrazoi berberagatik zen: zaratak saihestearren.

        Alkatxofak zeuzkaten afaltzeko. Hitza entzun orduko urduritu egin zen Xabi. Alkatxofak, al-ka-txo-fak! Bere buruan dozena bat bider errepikatu zuen hitza, kirol-poltsa handia desegiten zuen bitartean, halako izeneko jakiak izango zuen zaporearen espero beldurgarrian. Eta mahaira eseritakoan ez zuen zaputzik hartu. Alkatxofak, bere izenak ongi iragartzen zuen bezala, nekez ahoratu eta lan ikaragarriz irentsi zitekeen jakia baitzen.

        — Onak al daude, Xabier?

        — Oso onak.

        — Pozten naiz.

        Barazkiak sardexka eta labana baliatuz jan zitezkeela ikasi zuen gau hartan Xabik. Klik, klak, labana eta ahora.

        Arantzak matrailezurrak mugitu gabe murtxikatzen zuen, aurrera begira, isiltasun betean. Afalostean, bere burua eskaini zuen Xabik harrikoa egiteko.

        — Ba al dakizu ba?

        — Bai.

        — Beno, ba egin ezazu nahi baduzu.

        Amaitu zuenean, Arantzak hitz eder batzuk oparitu zizkion:

        — Zein mutil azkarra den Mari Karmenen semea!

        Oheratzean, Arantzaren etxean zenbat gau geratuko ote zitzaizkion kalkulatu zuen: 70 bat. Eta biharamunean klik egin gabe atea ireki eta ixteko gai izango ote zen galdetu zion bere buruari.