Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

51

 

Hendaiara itzultzea galarazi zioten aitari, eta ondorioz familiak sorterrira itzuli beharko zuen. Hori berez ez zen txarra (Oihana betiko galtzeaz aparte!). Txarrena zen ikasturtea amaitzeke zeukatela, eta horretarako barnetegian sartu beharko zituztela, bai behintzat bi txikienak, Xabi eta Nagore. Gotzon, aldiz, zorioneko anaia zahar azti madarikatua, Isabelleren etxean geratuko zen, barnetegiaren leotzetik libre. Baina hirurei egokituko zitzaien, eta horretan ez zegoen alderik, astea etxetik urrun alderrai ematea, Orereta, Hendaia eta Kanbo bereizten zituen 80 kilometroen artean atzera eta aurrera. Xabiri buruan izu bat zebilkion, barnetegia izango zen etxe berri hartan tokia bilatzearekin lotuta zegoena. Eta arrotza izatearekin. Errukia zuen bere buruarekiko: pentsatzea ere! Kontua ez baitzen ohea hemen edo beste puntan izatea, edota komuna besteekin partekatu beharra, arrotz sentitzea baizik. Bortxazko gonbidatu betierekoa.

        — Baina zergatik ezin gara hemengo ikastolara joan? —galdetu zion Xabik amari.

        — Ikasturtea hasita dagoelako. Hau amaitu eta hurrengoan hona etorriko zarete. Sei hilabete besterik ez dira.

        Sei hilabete!, pentsatu zuen Xabik bere artean.

        Ezin zuen ulertu zer zela-eta ez zen aita Oreretan bakarrik geratzen, kontua ikasturtea amaitzea bazen. Eta ezin zuen ulertu nolatan onar zezakeen amak haurrak aste osoa etxetik urrun pasatu beharra.

        Aste osoa eman beharko zuten alde batetik bestera. Asteburua Oreretan igaro ostean, igande iluntzean, Hendaiara joan beharko zuten hirurek, astelehen goizez autobusa hartu ahal izateko. Gotzonek Isabelleren abaroan emango zuen gaua, elkarren ezagutzak anaiari emango zion lasaitasunarekin. Nagorek eta Xabik, ordea, gurasoen lagunen kate luzeko norbaiten etxean hartu beharko zuten ostatu, edo lagunen baten adiskide baten etxean, edo auskalo. Etxe arrotzean seguru.

        Xabik Arantza izeneko emakume adineko batenera joan beharko zuen, zeina bakarrik bizi baitzen, zorionez. Poztekoa izan zen, emakumea beren auzo zaharrean bizi zela deskubritzea, Orion, eta behintzat Oihana ikusi ahal izango zuela kurtsoa amaitu bitartean. Nagore ere handik gertu biziko zen, baina lau seme-alabako familia batean. «Ederki egingo dut lo etxe hartan», esan zuen, «zakurraren otarrean edo». Xabik arrebaren alde kexu egin zezakeela pentsatu zuen, Oihanaren albisteak eman zion euforiatxoak bultzatuta, bere burua beste etxera joateko eskain zezakeela, baina zuhurkeria gailendu zitzaion.

        Igande arratsaldez kopetilun joango ziren trenera, poltsak bizkarrean hartuta, asteak eskainiko zienari buruz jakin-gose, etsita, amarengatik eta aitarengatik gaizki esaka eta marmarrean. Hendaiara iritsi eta, gainera, trenetik etxera oinez joatea tokatuko zitzaien, poltsa pisu eta handiegi haiekin Oriorako malda piko eta malkartsuan gora. Pisu hura, ordea, pisu arina zen, etxe berrietan aurkituko zutenak sortzen zien izuaren aldean.

        Ordutegi bihurria zeukan Kanboko Lizeoak. Asteazken arratsaldeetan jai zenez, beren etxeetara itzultzen ziren barnetegiko haur guztiak, asteazkeneko gaua han pasatu eta ostegunean goizean goiz berriz gainerako ikaskideekin ikastolara autobusez itzultzeko. Ohitura aldrebesa, inondik ere. Orereta «urrunegi» geratzen zen, eta ezinezkoa zen asteazkeneko ordu solte haietarako Oreretara itzultzea. Hendaiako beren behin-behineko etxeetan, beraz, bi gau pasatuko zituzten, igandeetakoa eta asteazkenetakoa. Sari bikoitza. Noiz eta Xabik bere aurreko bizitza lasaia berreskuratu besterik desio ez zuenean!

        Ikastolari itsatsitako eraikina zen barnetegia, solairu bakarrekoa, korridore batek alderik alde zeharkatzen zuena. Gela handiak zituen, hiru ohe hartzeko modukoak, eta kanpoko belardira ematen zuten ate bana zeukaten. Burdinazko hiru ohe zeuden Xabiri egokitutako gelan, hiru ohe film zaharretan ikusten zirenak bezalakoak, zurixkak, pintura altxatutako tokietan azpiko herdoila agerian. Eta Xabiren gelako ohe berde tolesgarria hiru ohe horien oinetan jarriko zuten, zeharka, atearen aldamenean justu. Ohea tokiz kanpo egotea ere, ez zitzaion kasualitatea iruditzen. Ez zen sentimendu atsegina, baina bai aurreikusgarria. Bazterra zen Xabiren berezko lekua. Eta ordurako patua zirudien, istripua bainoago. Ohe tolesgarri berdeari begira pentsatu zuen, hura izango zela betiko bere lekua, betiko iraungo zuela hiru oheen bazterreko leku ezegoki hark. Bakartasun hark.

        Eta bien bitartean non zegoen ama? Zaintzarik behar ez zuen aitaren ondoan! Hura traizioa!

        Sylviek, barnetegiko begiraleak, lasai pausatzeko esan zion. Lepo iharra zeukan eta begiak urduritasunez mugitzen zituen begi-zuloen barruan. Pausatu hitza itzultzen saiatu zen Xabi. Zer esan nahi zuen? Lasaitzeko? Ez, dudarik gabe lasai instalatzeko esan nahi zion. Baina Xabik jende ezezagunaren aurrean duda egiteko joera zeukan, eta orduan ere zutik geratu zen, eskuak poltsan sartuta, zer egin jakin gabe eta, are, plastikozko poltsan gordetako garbitzeko tresnak ateratzeko asmorik gabe. Lehen begi kolpean epaitua izateko izu zen. Sikiera hortz eskuilak eta bestelakoak gordetzeko nezeser txukun eta dotore horietako bat izango balu, tira, baina ezagutu berri zuen neska fin haren aurrean ez zuen Carrefourreko poltsa hura azaldu nahi. Hizketan jardun zuten bitartean, beraz, Xabik eskuak poltsaren barruan eduki zituen, lastategi batean orratz baten bila jardun izan balu bezala. Poltsatik atera zuen Porsche horia, "Le gran blanc" liburu kuttuna eta Jokinek utzitako Beatlesen kaseteak eta Grundig irrati-kasetea. Eta mesanotxea izango zen aulki batean ipini zuen dena.

        Betiko tristura gainera zetorkiola sentitu zuen. Gotzon eduki nahiko zukeen aldamenean, bere mila baliabide horietako batekin zerbait esan eta sentimendu pisu hura arintzen lagunduko ziolako seguru. Baina Gotzon ez zegoen. Emakume mehar hura zegoen, esku meharra atearen kontra bermatuta, begi urduri jostalariekin Xabiren erraiak arakatzen.

        Eskolaren ondoren bere gelakideak (gelan tokia utzi ziotenak) agurtuko zituen, zerbait zor duenaren apaltasun bortxatuarekin. Ezagunak zituen hirurak: Pattin, Mauleko mediku baten seme dotorea; Antton, Donibane Garazikoa, artzain familiakoa; eta Xalbat, beti irakurtzen ari zen Bankako mutil bakarti bat.

        Berehala egin zuen harremana Anttonekin, beharbada Anttonek Nagore gustuko zuelako, eta lehen gaua hari buruzko galderak egiten eman zuelako: nolakoa da?, zer egiten du?, zer jaten du?, zer du gustuko? Dena jakin behar zuen. Eta Xabik zekiena kontatu zion, baita aluan biloak bazituela ere (bainugelan ikusi zizkion), bestearen jakin-mina berea balitz bezala ulertzen zuelako. Elkartasun hutsagatik. Eta gela berrian tokia ahalik eta azkarren egiteko, tokiaren bila ibiltzeaz gogaituta zegoelako. Bidezidor guztiak zilegi ziren, baita arrebaren intimitatea kontatu behar bazuen ere.

        Pailazo Hiltzaileak talde armatuaz hitz egin zion, bide batez taldera sartzeko gonbitea egiteko. Anttonek berehala erantzun zuen baietz, eta ereserkia ikasi zuen. Ukabila altxatuta kantatzen zuten ikastolako basoan.

        Zulo bat egin zuten zuhaitz baten oinetan, eta han armak sartzen hasi ziren. Txardangoak ziren ia guztiak, batzuk klasikoak, Y formakoak, beste batzuk plastikozko botilen mutur moztuarekin eta globoekin egindakoak (haiei tirapottokak esaten zieten), eta beste hainbat, sofistikatuenak, makila batean jarritako pintzarekin egindakoak. Azken hauek egiten zailak ziren, eta ez ziren zehatzak, baina arma itxura zeukaten, eta mimo bereziz gordetzen zituzten, ahal zela plastikozko poltsetan.

        — Hogei txardango ditiagu —esaten zuen Anttonek, harro; kontua baitzen asko pilatzea.

        Nagorek Egin egunkariko argazkiak mozten zituen, obreroak txardangoekin borrokan agertzen ziren horiek, eta Anttoni eramaten zizkion, egiten ari zirenaren seriotasuna nabarmen uztearren. Argazki haietako baten oinean irakurri zuen: «Obrero de Euskalduna se enfrenta a la Policía. Foto: Alfredo Aldai».

        Arma horiez gain, txikiagoak ere bazituzten Pailazo Hiltzaileak taldean, barruak hustutako Bic boligrafoak, arroza, orratzak, kotoia, harri txikiak, eta bestelakoak. Borroka armatuaren aferak asko hunkitzen zuen Antton. Lagun gehiago nahi zuen Pailazo Hiltzaileen abaroan, baina ordurako Xabik galdua zuen kontu haiekiko interesa (gauza guztiekin aspertzen zen segituan, neskekin izan ezik). Xabi beldur zen Antton ez ote zen azalduko benetako pipa batekin, hain serio hartzen zuen kontua. Nola esango zion Xabik tirabeke haiekin ez zegoela iraultza egiterik?