Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

21

 

— Asanblada!

        Aitak modu horretan biltzen zituen denak etxean, zerbait iragartzekotan zenean.

        Sukaldeko mahaian jarri ziren, eta aitak hurrengo ikasturterako planen berri eman zien, enegarren asanblada hartan. Lehenik eta behin etxez aldatuko ziren. Orio izeneko auzora joango ziren lagun batekin bizitzera.

        — Epe batez izango da, eta gero geurea hartuko dugu.

        — Eta Manu? —galdetu zuen Xabik.

        — Zer gertatzen da Manurekin?

        Ez zuela bistaz galdu nahi. Baina nola jartzen zen hitzetan hori? Ez zuen asmatzen, eta sorbaldak jaso zituen.

        — Ez diat entenditzen, Xabi. Zer nahi duk, Manu gurekin bizitzera eramatea?

        Galderaren osteko isilunearekin ulertu zuen Xabik galderak zeukan salaketa doinua. Bere parean zeukan Nagore, hura ere platerari begira, eta bazekien gauza bera pentsatzen ari zela, nahiko zukeela zerbait esan baina ez zela ausartuko.

        — Manu ederki moldatzen da bakarrik —esan zuen aitak—. Gainera, ezin duzue biltegi txikian segitu, ito egingo zarete. Ez al zenuten egongela nahi?

        — Egongela izango dugu? —Nagorek.

        — Jakina.

        — Eta sofa?

        — Noski.

        Hura normaltasunera itzultzea zen! Baina Xabi normaltasunaz ahaztuta zegoen aspaldi hartan, ez zuen entzun nahi. Aitaren eztarriko intxaurra ikusten zuen gora eta behera, oilo lepo mehar hartatik atera nahian balebil bezala.

        — Beste gauza bat —esan zuen aitak—. Hemen haurrek ez ditek futbolean egiten, errugbian egiten ditek; hi animatuko haiz, Xabi?

        Erantzunik gabe geratu zen Xabi, zer esan ez zekiela.

        — Lagun batekin hitz egin diat, eta astean behin bakarrik izango duzue entrenamendua, larunbatetan. Oraindik txikia haiz partidak jokatzeko... Ez duk lehia, jolasa duk, ulertzen didak?

        Gero Nagoreri begiratu zion, Xabiren erantzunarekin kezkatu gabe.

        — Zuk musikarekin jarraitu nahiko duzu, ezta? Larunbatetan, Xabi entrenamendutan den bitartean, zu piano eskolak hartzera joango zara, zer iruditzen?

        Denak erdi lagunak ziren Hendaia hartan eta, noski, piano irakaslea ere erdi laguna zen, edo ezaguna behintzat, edo lagunen baten laguna, edo lagunen baten lagunaren erdi laguna. Konfiantzazkoa nolanahi ere.

        — Eta hik zer egingo duk? —galdetu zion Gotzoni.

        — Nik nahikoa izango dut eskolarekin.

        — Nahikoa?

        — Bai.

        — Frantsesa ikasi beharko duk behintzat.

        Masailak pizten zitzaizkion Gotzoni denak begira zituenean.

        — Ez dakit.

        — Ez dakik?

        — Igual moldatuko naiz eskolak hartu gabe.

        — Atzean geratuko haiz.

        — Ikusiko.

        Aitak sorbaldak altxa zituen.

        — Nahi duan bezala, urtea hasi eta laguntza behar ezkero, esan ezak, eta listo.

        Afaria prestatzen ari zen ama, ke hodei trinko bat zegoen sukaldean, eta, sarritan bezala, telebista ikuslerik gabe piztuta zegoen.

        — Ez al duk kirolik egin behar? —tematu zen aita Gotzonekin.

        Besteak erantzuna pentsatu zuen, eskuak izterren artean sartuta. Amak burua biratu zuen, denak zain zeudela ikusita.

        — Zer diok?

        — Ez dut astirik izango.

        — Astia? Zer haiz, ministroa ala?

        — Frantsesa ikasi nahi badut...

        — Amigo!, frantsesa ikasi nahi duk. Larunbatetan etxetik irten gabe geratuko haiz orduan, hori duk?

        — Irten gabe ez.

        — A, kalera joan nahiko duk hire lagun arlote horiekin. Horretarako izango duk astia.

        Estutasunetik atera nahi izan zuen amak.

        — Lagunekin ibiltzeko eskubidea izango du, Joxemari...

        — Denetarako astia dago, lagunekin ibiltzeko eta kirol pixka bat egiteko.

        — Nik ez dut errugbian aritu nahi —tematu zen Gotzon.

        — Igual beste zerbait egin nahiko duk, tenisa, golfa, poloa edo halakoren bat...

        — Gutxiago!

        — Navratilovak bezala! —bota zuen Nagorek.

        — Errugbia kirol noblea duk —esan zion aitak, eta noble hitza airean zintzilik geratu zen.

        — Nik ez dut noblea izan nahi.

        — Noblea izatea ez duk aukera bat, Gotzon, noblea izan behar duk, eta kito. Noblea ez bahaiz, ez haiz deus.

        Orduan noble hitza mahai gainera erori zen, mailu bat bezala, eta Xabik etorkizunerako erronken artean sartu zuen noblea izatekoa, eta pixka bat izututa sentitu zen, jakin ez zekien arren, susmoa baitzeukan errubia, futbolaren modura, abilentzako jarduera izango zela, mutil sendo eta ausartentzakoa. Nobleziak hatzen artetik ihes egiten ziola sentitu zuen. Fideo zopa lapikoa mahai gainean jarri zuen amak, eta aita lanbroaren atzean bistaz galdu zuen Xabik. Bere burua ikusten zuen, han, zopa lurrinduaren atzean, ile xerloa trabeska.