Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

5

 

Igande iluntzean itzuli ziren Hegoaldera, bezperan eramandako poltsa handiko janariak eta aitaren arropak Hendaian utzita. Geltokirako bidean isilik zihoazen denak, harrigarria zen Hendaiako bakartasun hura, kale huts haiek. Etxeetako argi piztuek baizik ez zuten han inor bizi zen zantzurik adierazten, bestela dena zen mortu. Aita geltokitik aldentzen ikusi zuten, Peugeotaren atzeko argietako bat itzalita zeramala, eta denak eskua altxatuta geratu ziren, autoa bistatik galdu zuten arte, nor bere pentsamenduetan murgilduta, trenaren zain egoteko uneak ematen baitzuen nor bere baitan biltzeko tenorea, nork bere etorkizunaren nondik norakoez gogoeta egitekoa. Horregatik zihoazen isilik txarteldegirako bidean, ama poltsak eskuetan hartuta, Nagore bere kuxinari helduta, eta beste biak aurretik oinez, elkarren aldamenean, ezer esan gabe.

        — Nik ez dut hona etorri nahi —esan zuen Gotzonek.

        Baina ama txartelak erosten ari zen, eta bere anai-arrebek ez zeukaten erantzun aproposik.

        Gurasoek hurrengo ikasturtea Iparraldean egin beharko zutela esan zieten Hendaiako lehen egonaldi hartan, eta Xabik bazekien, hartaz jardun zutelako, beste biek ez zutela nahi. Arratsalde osoa zeramaten arrazoiak ematen, arrazoiak harrikadak bailiran, ideiaren arriskuez geroz eta ohartuago. Arrazoi bakoitzeko, are okerrago sentitzen zen Xabi.

        — Sekula ez dut nire lagunen pareko inor aurkituko —zioen Gotzonek.

        Baina gauzak erabakita zeuden etxean bizi ziren.

        Xabik ez zekien bere buruaz harro edo lotsatuta sentitu behar ote zuen, aldaketak inolako kezkarik eragiten ez ziolako. Gurasoen alde jarri izana damutzen zitzaion pixka bat, haien proposamenari horren erraz baietz esan izanagatik, gero baiezko horren aitzakia erabili baitzuten gurasoek, atzetik etorritako ezezkoen kontra. Joko ziztrina.

        — Xabik nahi badu, zuek zergatik ez?

        Eta anai-arreben begirada erdeinuz beteak.

        Benetan egia zen, ostera, Xabiri ez zitzaiola axola han edo hemen ikastea, ez zuela funtsean trabarik ikusten. Oreretako ikastolan ikasle erraria zen, ertaina, bere burua aurkitzen ez zuena. Noizbait okertu zen, eta ez zekien non. Lagun handirik ez zeukan, zaletasun handirik ere ez, eta, azken batean, tokirik ere ez. Futbolean ez zekien, eta mundu guztiak futbolean egiten zuen mundu hartan arazo larria zen. Kontua ez baitzen bakarrik jokoa ergela zela, baizik eta oso zaila zela baloia hartu eta harekin zerbait zentzuzkoa egitea, eta ez, demagun, hesiaz beste aldera botatzea, Xabik nahi gabe, jokatzen ausartzen zenean, egin ohi zuen modura. Eskerrak tarteka nesken konpainia aurkitzen zuen, eta haiek limurtzeko hitzak ere bai, gauza zaila baina ez ezinezkoa. Bizitzaren kontuez aritzen ziren, gurasoez eta lehengusuez, eta batzuetan mutilez, eta horretaz aritzean Xabiri galdegiten zioten, eta hark ongi baliatzen zuen parada aditu plantak egiteko eta nesken txaloak biltzeko.

        — Ergelak eta astakiloak dira.

        Eta neska guztiak pozik.

        Baina neskak soka-saltoan, goman, kromotan aritzen ziren maiz, eta horietan Xabi aparte geratzen zen: badira mutil batek eskolan egin ezin ditzakeen gauzak.

        Edonola ere, Xabik ez zeukan bere tokia, baimenik eskatu gabe eta arraro sentitu gabe besteek irudiz bere sentitzen zuten hura. Eta nesken artean ere beti izango zen arrotza, eta, haiekin elkartzean, arroztasun hori airean ibiliko zen. Ikastola eraikitzeko tenorean horixe bakarrik ahaztu izan balitzaie bezala: Xabiren tokia. Jolas garaia, beraz, ikasle gehienentzat inertzia hutsa zena, rubik kubo arraio hori argitzea baino buruhauste korapilatsuagoa zen. Zer egin? Norekin elkartu? Aldakortasunera kondenatuta zegoen. Futbolean aritzeko erabakia hartzen bazuen, taldeak osatzeko orduan azkenetakoa geratuko zen, azkena ez bazen.

        — Mikel.

        — Kepa.

        — Oihan.

        Eta bera hortxe, lurrera begira, harri txikiei ostikotxoak jotzen, trantze hura noiz pasatuko zain.

        — Dabid.

        — Aitor.

        Ez adiskidetasunik eta ez leialtasunik, futbolerako talentua zen axola zuen gauza bakarra, eta hautatzaileak ez ziren alferrikako errukiarekin ibiliko, beti aukeratuko zituzten onenak lehen eta txarrenak azken.

        — Iker.

        — Egoitz.

        — Xabi.

        Hendaiara joatea, honenbestez, konponbide esperantzagarria zen. Zerotik hasteko aukera. Eta horixe esan zien gurasoei, ñabardurak ezkutatuz noski, eta horrexegatik zeuden anaia eta arreba eserleku bat harantzago, ama eta Xabi aurrean bakarrik utzita, solas ezkutuan.

        Biharamunean, autobusa hartu orduko, bere ondoan esertzen zen Etxebarriari kontatu zion asteburuan Iparraldean ibili zela, ikasturtea amaitzean ikastola utziko zuela, eta hara, beste aldera joango zirela bizitzera. Eta han bazela hondartza bat amaigabea, eta jendeak eskirako zaletasuna zeukala, eta gerra galdu zutela maitasunean bai baina gerra kontuetan ezdeusak zirelako.

        — Frantsesa ere ikasi diat zerbait.

        — Bai zera!

        — Hik galdetu.

        Eta halaxe hasi ziren autobusa autobusé, ikastola ikastolé, aldameneko eserlekuetako lagunak biltzen zitzaizkien bitartean, Gogorza, Uranga eta Ibarguen, denak ere Xabiren kontuekin liluratuta, eta Xabi harro, ezustean ailegatutako protagonismo ezezagun hark hanpatuta.

        Gezurrak eta egiak nahasi zituen, halako zigorgabetasunaz, non gezurra plazer bilakatu baitzen. Etxebarriak miretsita begiratzen zion, nork eta gelako liderrak, futbolean maisua zenak!

        — Aitari ez diote etortzen uzten Bilboko uholdeez geroztik —esan zien Xabik.

        Eta hala zelakoan zegoen, Marian lehengusinak errefuxiatu hitzaren zentzua azaldu zien arte, umeak zaintzera joandako gau batez. Poliziarengandik mendian gora ihes egin zuela, egunak eman zituela gordean Hendaiara ailegatu aurretik. Nolatan ez zien inork ezer esan? Bere burua gorrotatu zuen Xabik, lagunen aurrean Bilboko uholdeak aipatu izanagatik eta aitaren benetako istorioarekin lagunak gehiago liluratzeko aukera alferrik galdu izanagatik.

        — Zergatik ihesi?

        — Atxilotuko zuten beldur zelako.

        Horra arrazoi dotore bat, pentsatu zuen, eta ez uholde ergel horiek!

        Marianek aste osoa zeraman haien etxean, amak bakailaoan lanean hasi behar izan zuelako. Zaila zen bakailaoa arrain bat, lan bat, toki bat edo zer zen asmatzea, ama gauak irentsita joaten ikusten baitzuten, zinez nora ote zihoan jakin gabe. Haurrak ikastolarako esnatzeko tenorean ailegatuko zen ama lanerako zira hori batez jantzita, eta gosaria prestatu ondoren haurrak agurtu eta ohera sartuko zen lotara.

        Laster ohartu zen Xabi, zein ezberdinak ziren aitaren eta amaren absentziak, eta galdezka arituko zen, esaten ziotena ulertzeko gaitasuna galdu izan balu bezala, «bihar» hitzaren esanahia ahaztuta. Lehengusinak ahal zuen guztia egiten zuen Xabiren gogotik amaren akordua erauzteko, bereziki afalorduaren aurretik, mutilak leiho parean egon besterik egin ezin zezakeen tenore hartan.

        Marianek Euskadiren askatasunaz, Francoz eta amnistiaz hitz egin zien, eta Gotzonek eta Nagorek arretaz entzuten zituzten Marianen istorioak.

        — Baina libre izango al gara noizbait?

        Zer axola zion, ordea, amnistiak edo Euskadiren askatasunak, ama ez bazegoen?

        Afaltzeko gazta eta urdaiazpiko sandwichak egingo zizkien, eta telebista berandura arte ikusten utziko zien, ordura arte nahikoa laxoa zen etxeko erregimena are gehiago lasaituz.

        Gero ohean begiak ezin bildu geratuko zen Xabi, ezkaratzeko zaraten zelatan. Kaleko atea zabaltzen zenean, atezuan jartzen zen; pausoak entzuten ziren behetik gora, baina ate aurrean geratu ordez gora segitzen zuten. Beheko solairuan bizitzearen alde txarra zen mundu guztiak igaro behar zuela haien ate aurretik derrigor, horrek haurraren baitan sortzen zuen ilusio eta etsipen nahasmenarekin. Etxe barruan baleude bezala entzun zitezkeen egurrezko oholen gaineko urratsak, eta haiek bereizten ikasi zuen Xabik, oholen gaineko zaraten ñabardura txiki guztiak: Agustin bizilagunaren pausaje dardaratia, delikatua eta tartekatua; edo Arantxa laugarrenekoa, etxera beti saltoka igotzen zena, zoruaren kontra harrika kasik.

        Aita gauez etxeratzen zen garaia etorri zitzaion gogora Xabiri, ezkaratzean sartu aurretik entzuten zuela etorreran, patrikan zintzilik zeraman giltza mordoiloari esker. Atea danbateko batez itxiko zen, malguki indartsu bat baitzeukan ixteko, eta atearen goialdeko beirategiak durundi egingo zuen etxearen egurrezko egituraren baitan. Ate aurrean giltza egokiaren bila jardungo zuen unetxo batez, eta atea zabaldu ondoren (ez lehenago) garbituko zituen oinak etxean sartu aurretik. Berokia korridorean zintzilikatu, umeen gelan burua sartu eta iluntasunari begira geratuko zen, hango formetan haurren aurpegiak asmatu nahian menturaz, batzuetan oso denbora laburrean, beste batzuetan luze, bizkarra atearen ertzean paratuta, Xabi ere zelatan ari zitzaiola jakin gabe.

        Baina egun hartan ez ama eta ez aita, ez zen inor agertu. Telebistaren zarata besterik ez, hormek apaldutako ahotsak, barre algarak eta txaloak. Urruneko munduaren poz betierekoa.