Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

2

 

Urriko eguzki hotzak gauzen kolorea berpizten zuen: Hendaiako geltoki aldameneko zuhaitzen hostotza herdoiltzen hasia, etxeetako leiho nahiz ate gorri eta urdinena, aita bermatuta zegoen auto txiki berdexkarena. Mende bat eta gero hantxe baitzegoen azkenean aita, besoak gurutzatuta, mahuka motzeko alkandora soinean, ile-xerloa buru soilaren alde batetik bestera orraztua. Ikusi orduko harengana lasterka abiatu zen Xabi, segika zituela Gotzon eta Nagore, poltsekin balantzaka zetorren ama atzean utzita. Aitak bi urrats aurrera egin eta, zalantza baten ondoren, semea musukatu zuen, bizarraz masaila urratuz. Noiztik ez zuen aitak musukatu?

        65 egun ziren aita Bilbora joana zela, uholdeek eragindako txikizioak konpontzen laguntzera. Lehen egunetan Xabik arretaz jarraitu zituen albisteak sukaldeko telebistan, urdinez jantzitako boluntario bizardunen artean aita ikusteko irrikan. Baina han dena zegoen lohipean: autoak, etxeak, dendak, zuhaitzak, kale-altzariak. Aita ere irentsi ote zuen basak?, galdetzen zuen Xabik bere kabutan, bihotza taupaka buru soilduren bat ikusi orduko, baina kamerak beste norbait filmatzen zuen berehala: elkarri fardel handiak pasatzen zizkioten bi morroi, hankak uretan; DYAk erreskatatutako agureak zodiacetan lokaztegian barna, txokolate-ibaian intxaur oskolak nola; atsoa txabusina soinean etxetik ateratzen, txoriaren kaiola eskuan. Burdin-korapilo bihurtutako autoen ikuskizunak hotz uzten bazuen Xabi, txoria salbatzeagatik hiltzeko prest zirudien atso haren bakardade erabatekoak jo eta txikituta utzi zuen.

        65 egun.

        — 31 minutu eta 22 segundo —iragarri du Nagorek, Oreretatik Hendaiarako bidaia neurtuta.

        — Geurea al da autoa? —galdetu du Xabik.

        — Bai auto zatarra! —zapuztu da Gotzon.

        — Zatarra? Noiz ikusi duk hik halako auto dotorea? Peugeota duk!

        — Peugeot? —muturra okertu du Xabik, rallye kartetan Peugeotik ez dagoelako.

        — Peugeot marka ziurra duk —aitak, sinesmen osoz.

        — Erosi egin al duzu? —galdetu dio Nagorek.

        Aita-amek begiak gurutzatu dituzte. Amak hitz egin du:

        — Tira, saiatu ere egin beharko dugu, ala? Ea, goazen!

        Autoaren barrualdeak aitaren Ducados zigarroen usaina duela konturatuta, Xabiri otu zaio agian auto txiki hartan biziko dela aita, baina segituan baztertu du ideia. Aitak haurrei so egin die atzeko ispilutik autoa martxan jarri aurretik. Xabik burua atera du leihotik: kale hutsetan ibiltari bakartiak, txanoa buruan, ibili makalean, zakurra paseatzen; saltokietako idazkiak frantsesez: «boulangerie-pâtisserie», «chasse-pêche», «librairie-papeterie». Itxuraz aitak ongi ezagutzen ditu inguruok, bizitza osoa bertan eman bailuen, ordura artean bizitza bikoitz bat biziz. Beharbada bigarren sendia dauka hemen: emazte panpoxa, seme-alaba pinpirinak, halakoxeak iruditzen baitzaizkio bazterrok Xabiri, apainak, garbiak, arrotzak.

        65 egun eta hantxe zeukan aita, betiko beso gihartsuak, betiko ile luzeak buru atzealdean, betiko ile-xerloa gainean trabeska, airean dantzan orain, kanpora jauzi egitera balihoa bezala. Bolanteari eusten zion esku bakarrean jarri zuen arreta, aitaren gidatzeko estiloarekin beti bezain miretsita. Bihurgune itxian itzuli malgua egin zuen eskuaz, hain arin eta zehatz non rallyetako gidarien antzera egingo zuela pentsatu baitzuen semeak.

        — Aita, noiz itzuliko zara etxera? —galdetu zuen Nagorek.

        — Etxean nago hemen.

        — Baina geure etxea ez dago hemen!

        — Ez nago hemen nahi dudalako, hemen egon behar dudalako baizik.

        — Zergatik?

        — Hargatik.

        Aitaren betiko erantzun mentsa: Hargatik. Gauzak ez dira sekula hargatik, esan zuen Xabik bere artean. Aita ikusi edo ez ikusi, kontu larriegia zen hargatik batekin ebazteko. Aitaren patxada nahasgarria suertatzen zitzaion: ez al zen beren larriminaz ohartzen? Aldi berean, seinale ona ere izan zitekeen: aita lasai bazegoen, halaxe behar zuten beraiek ere. Baina nola joka zezakeen hain axolagabe, etxera itzuli ezinda? Galdetzeak, ordea, beldurra ematen zion Xabiri, edo lotsa, edo biak.

        — Zergatik ezin duzu etxera itzuli? —ekin zion Gotzonek, Xabiri gogoetak lapurtuz.

        — Ez didate uzten.

        — Nork? —estutu zuen Gotzonek.

        — Ez didate uzten, eta kito.

        Nori buruz ari zen? Xabik ez zuen entzundako ezer ere sinesten, eta beldur zen aitak ez ote zuen Hendaian geratzea nahiago, han gustura zegoelako, umerik gabe, edo beste ume txukun ergel batzuekin. Ziur belkrozko oinetakoak erabiltzen zituztela. Sabeleko korapiloa koska bat gehiago estutu zitzaion.

        — Ez al da polita Hendaia? —esan zuen aitak, zigarreta piztu aurretik.

        Baietz esatekotan egon zen Xabi, hala baitzen, baina zer axola zuen polita edo zatarra izatea? Han geratzeko arrazoiak zer zeukan edertasunarekin zerikusirik?

        Horixe pentsatzen ari zen, aita granadina-z mintzatzen hasi zenean: han inork ez zuela muztiorik edaten, granadina baizik, edo bestela mantalo, edo orangina aukeran. Izen arrotzak denak, Xabiren irudiko, eta seme-alabak limurtzeko erabiliak, mutilak ongi igartzen zuenez. Zigarretari hurrupa bat kendu zion aitak, semearen saminari entzungor, eta irribarrez bi zuhaitzen artean sartu zuen autoa. Krak! egin zuen esku-frenoak. Amaitua zen txangoa.