Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

25

 

Eskolatik irtendakoan dantza ikasten hasi ziren, Arratibel abizeneko aitaren ezagun batekin. Gizon ttattarra, biboteduna, umore onekoa, hegoaldekoen euskara egin arren iparraldekoen hitzak tarteka erabiltzen zituena. Txingudi badiako eraikin zahar batean hartzen zituzten eskolak, eraikinaren kanpoaldean zegoen aterpe moduko batean (ez eraikinaren barruan). Kalea zen haien egoitza. Baina Arratibel pozik zegoen, ordura arte ez zegoen dantza taldea sortuko zutelako Hendaian, eta hura, irudiz, «albiste oso ona» zelako. Gizonaren gogo beroa ikusi besterik ez zegoen, pixka bat kutsatzeko. Zortzi haur ziren orotara, talde txikia, baina «fite handituko» zena Arratibelen ustez.

        Deskubrimendua izan zen Xabirentzat zer edo zer ikasten zuela ikustea. Sinetsia zen ikastea, memorizatzea zen neurrian, ezinezkoa zela. Baina Arratibelen pausoak ongi segitzen zituen, eta harro sentiarazten zuen horrek. Gainera, Arratibelek berak eramaten zuen gero etxera bere kuatrolatas-ean, eta bidean martxak sartzen uzten zion.

        Ezer ikastearen eta kuatrolatas-aren martxak aldatzea baino hobea zen, ordea, dantzarako izeba Miruk egin zion jantzi zuria, txaleko, gerriko eta guzti. Ez zen sinestekoa ispiluak itzultzen zion irudia. Eta inoiz jantzi eder haiek jendaurrean luzitu ahal izatearen ideiak ikasteko grina handitzen zion egunero. Bere bizitzan estreinakoz zerbait egiteko gogoa zeukan Xabik.

        Sentimendu eder haiek bultzatuta, eskolan bere parean esertzen zen Maiterekin hitz egiten ausartu zen behin batez. Neskak frantsesezko «étranger» eta gaztelaniazko «extraño» baliokideak zirela esaten ari zen, eta Xabik, zeinak oso ongi baitzekien «étranger»-ek zer esan nahi zuen, zuzendu egin zion:

        — «Extranjero» esaten da.«Extraño» hitzak arraro esan nahi du, edo bitxi.

        Neskatila hark bazuen Xabi liluratzen zuen zerbait. Xabik berak nahi lukeen bizitza zeukala, adibidez. Haren bizkar-zorroa ikusi besterik ez zegoen bere mailaz jabetzeko, edo lumaz betetako beroki arrosa hura, edo belkroz lotzen ziren oinetakoak. Garrantzitsuena, ordea, ikusten ez zena zen. Zeren ikusten zena imitagarria baitzen, baina ez ikusten ez zena, aberatsei hurkoa Maiteren moduan begiratzeko kemena ematen ziena.

        Maitek bere urtebetetze ospakizunera gonbidatu zuen egunean, gaua ezin begiak bildu egon zen ohean, haren etxera nola agertuko ote zen, zein jantzirekin, zein oinetakorekin, eta, bereziki, zein opari eramango zion, oparirik sekula erosi gabea izaki. Amaren laguntza behar zuen.

        — Neskarekin maiteminduta al zaude?

        Ez zen maitasun kontua. Baina nola azaldu amari? Eta orduan baietz esan zion. Bazekien ama diskretua zela, ez zela adarra jotzen eta eskandalua sortzen ibiliko. Azkenean sos batzuk eman zizkion, eta asteburuan Oreretara joan zirela baliatu zuen han kasete bat erosteko; azken boladan etxean anaiaren bidez asko entzuten zuena: Hertzainak.

        Arbolez eta egoki moztutako karraskilaz inguratutako etxe zuri batean bizi zen Maite. Aitak etxe parean gelditu zuen autoa, eta musurik gabe agurtu zuen. Txirrina jotzeko beldurra sentitu zuen, ez zekien etxeak merezi zuen mailan agertuko ote zen, klase gehiegiko etxea zen beretzat. Oinetakoetako lokatza garbitu zuen atzamarrez, baina ez zuten itxura hobea lortu, zaharregiak ziren eta higatuegiak zeuden.

        Filmetako aktoresa zirudien Maiteren amak soineko zuri eta musu gorriekin. Eta irudia areagotu besterik ez zuen egiten bere orrazkera hanpatuak, azalore formako orrazkera hark, makina bat bider telebistan ikusitakoak bezalakoa. Emakumea parez pare ikustearekin batera ailegatu zaio lurrin usaina. Gehiegizkoa agian, baina gozoa eta sarkorra. Ehunka mila bider irribarrea entrenatu izan balu bezala egin dio irri agurtzerakoan, eta korridore luze batetik eraman du etxe barrurantz. Gona altxatzeko desira sentitzen du Xabik, emakumearen hanka beltzaranen ikuskizuna osorik begiratzearren.

        Berokia ohe baten gainean uzteko esan dio eztiki, eta jaka mordo batez estaliriko ohea erakutsi dio, gonbidatuentzako ohea dirudiena, gelan ez baitago haur bat bizi den arrastorik. Jaka kentzean opari paperean bildutako Hertzainak-en kasetea etorri zaio akordura. Bere bizitzan erosi duen lehena. Beti entzun izan ditu honek eta beste hark grabatutakoak, eta aldea handia da, kasete berriaren barruko papera atera eta tolesduraz tolesdura irekitzen baita, kanten hitzak eta musikarien argazkiak erakutsiz.

        Kasetea atera eta neskari eman behar lioke, nahiz eta ez dakien oparia ez ote den mizkinegia, edo Hertzainak taldea gustuko izango duen. Egokia irizten dio Xabik opariari, Hertzainak taldeak Xabik beretzat nahi lukeen gogortasuna eta arrakasta baitauzka, eta opariak, honenbestez, nortasun desiratu horren printza batzuk ematen dizkio Xabiri. Etxean hamaika bider entzuna du kasetea, buruz dakizki kantuak, eta orain pena pixka bat ere badauka oparia eman behar izateagatik, baina huraxe da daukan opari bakarra, eta hantxe dago jaka barruan paper ez oso eder batean bilduta.

        Etxe atzeko belardian daude gonbidatuak, litxarreriaz betetako mahai baten bueltan. Berandutu izanak amorratzen du, denak taldeka baitaude, hasierako lotsak eta ikarak gaindituta. Maitek eskuarekin agur egin dio, baina hizketan segitu du.

        Amaren aberats aurpegiera du, baina gizenagoa da, eta ez dauka amaren ile horia. Kopia kaskar bat.

        Bere kastako haurrekin elkartu da Xabi, zeinak besteengandik bereizten diren eskuak bete jan eta jan ari direlako. Urko izeneko mutil luze batek bere alkandorari buruzko komentarioa egindakoan ez entzunarena egin du, etxearekin liluratuegi baitago sesioan hasteko. Berriz ekin dio ordea Urkok, eta Xabik ingurura begiratu du, baten batek barre egiten ote duen erreparatzeko, baina inork ez dio, zorionez, kasurik egiten. Gero Maitek oihu egin du, denak briletean ariko direla iragarriz. Eskukada bat kakahuete hartu eta patrikan gorde ditu.

        Arratsaldea jolasean eman zuen Xabik, baina begiekin amaren bila aritu zen. Noizean behin belardian agertzen zen, ogitartekoz betetako erretiluak mahai gainean paratzera, eta Xabik ez zuen janaria zein goxo zegoen esateko aukera alferrik galtzen.

        — Oso goxo dago dena.

        Eta amak barre urduri bat eginez eskerrak ematen zizkion. Gehiago esan nahi ziokeen, baina ez zekien zer. Esan ziezaiokeen etxe zoragarria zeukala, han gera zitekeela berarekin bizitzen, hori esatea (egia izan arren) erokeria beldurgarria izan ez balitz.

        Joateko tenorea iritsi denean, oraindik patrikan kasetea daukan jaka hartu du, eta kasetearen pisua sentitu du, eta zoriona, oparirik eman gabe alde egiteko aukera agertu zaiolako bat-batean, eta zinez horixe delako nahi duena, palazio hartatik bere kasetearekin ospa egitea. Korridorea zeharkatu du, zertxobait urduri, baina atera iritsi denean Maiteren ahotsa entzun du atzean:

        — Mila esker opariarengatik.

        Hitzik gabe geratu da: zein opari? Ez daki neskaren hitzak salaketa ote diren, edo zinezko esker onaren erakusgarri. Baina bigarren aukera honek zaila dirudi, oparia patrikan daramala jakinik. Hain modu nabarmenean oparia ekarri ez izana leporatzea, ordea, gogorregia da Maite bezalako neska fin batentzat. Bada beste hirugarren aukera bat: neskak opariei benetan ez erreparatu izana (ohituta egongo da opariekin!), eta esker ematea, beraz, agur esateko formula gisa baliatu izana.

        Zuzenean begietara so egin dio Xabik, erantzuna aurkituko duelakoan, baina so hura liburu itxia da beretzat. Ezinezkoa da ezer aurkitzea. Eta, ezer izatekotan, keinu maltzurra da neskak daukana, edo, areago, keinu maltzurra ezkutatu nahi duen gaizki antzeztutako begirada goxoa. Bai, hori da.

        Eta supituki ahots bat entzun du:

        — Oi! Oparia!

        Xabiren ahotsaren antz handia daukan ahotsa da, inondik ere. Gero esku bat sentitu du berokiaren patrikan sartzen, kasualitatez bere eskua dirudiena, eta berehala esku horixe bera ikusi du bere begien aurrean, beraren eta neskaren artean zehazki, Hertzainak taldearen kasetea biltzen duen paper itsusidun opariari heltzen.

        Eta orduan jabetu zen, bere bizitzan sentitu izandako lotsa ez zela sekula lotsa izan, ze lotsa haiek eta lotsa hau ezberdinak baitziren. Gainerako lotsak jolasa ziren, kasik jolas dibertigarriak. Lotsa hau betiko eramango zuen, burdinazko bolak eramaten dituzten mamuek bezala.