Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

49

 

Pilotalekua zeharkatu zuen Xabik Leporekin. Oihanaren etxeko pertsianak itxita zeuden, baina hala ere harri txintxar batzuk bildu zituen leihora botatzearren. Oihanaren gelako leihoan saiatu zen lehenik, gero egongelan, eta etxearen aurrealdera azkenik. Ez zegoen.

        Auzoa igaro eta mendialdera abiatu zen, ehiztarien postuetara. Hantxe geratu zen istant batez, definitu ezin zezakeen sentimendu batek harrapatuta. Ez zuen Manu gogoratzen, ez zen harengandik arduratuta sentitzera ailegatzen. Zerk batuko zituen aurrerantzean? Oraindik aldean zeraman hark egindako kometa. Manu nahi zuen Xabik, ez bere ordezko apaingarri barregarri hura. Nola esan behar zion Oihanari Manu eraman zutela? Ez baitzen zehatza Manu eraman zutela esatea; zehatzena zen kendu egin ziotela esatea. Eta munduari hala esango zion, baldin eta inork galdetzen bazion.

        Paparretik kometa kendu eta kateorratzari punta atera zion. Kateari tira eginez gerturatu zuen Lepo, eta orratza sartu zion bizkarrean. Txilioka hasi zen aberea. Gehiago estutu zuen orratza, harik eta zakurrak eskua haginkatu zion arte. Sustoak hankaz gora bota zuen, ehiza-postuaren alde banatan geratu ziren biak elkarri begira. Orduan Xabik zakurra postuaren habeetako batera lotu eta ospa egin zuen.

        Zakurrak ihes egin zuela esan zuen etxean. Ohiko galdera inozoak egin zizkioten, ea zeri begira ote zegoen bera, ea ez al zuen auzo inguruan bilatu, ea betiko galtzea nahi ote zuen. Bazter guztietatik bilatu zuela esan zuen Xabik, auto azpietan nahiz zuhaitz artean, pilotalekuan, iturri inguruan, errepidean.

        — Etorriko duk —esan zuen Gotzonek.

        Gauean, ordea, etortzen ez zela ikusita, haren bila irten ziren hiru anai-arrebak. Xabik bazekien ehiza-postuetaraino ez zirela iritsiko, auzoan nagi antzera ibiliko zirela, deika eta txistuka. Eta horretan hasi zirenean, zinez zakurra etorriko zela sinesten hasi zen. Izkina batean itzal bat ikustean, Lepo imajinatzen zuen saltoka. Bere anai-arrebekin kasik triste jarri zen zakurra inon ere agertzen ez zela egiaztatu zuenean.

        Lotarako orduan begiak ezin bildu ibili zen maindire artean. Gauaren erdian Manuren ohera joan zen, han haztamuka hasi zen laguna hor ote zegoen ikusteko. Argia piztu zuen. Jantzita zegoen ohea, tapaki marroi itsusi batekin estalita. Ohean eseri eta hantxe geratu zen ezer egin gabe. Tiraderatik Porsche horia atera zuen, eta tapakiaren irudi geometrikoen gainean erabili zuen, hura hiri bat zela imajinatuz.

        — Igo! —jendea batetik bestera eramaten zuen gidari trebea zen.

        Eta orduantxe konturatu zen alferrik zela zakurraren begirada triste hura burutik erauzten saiatzea.

        Anaia esnatu zuenean, oihu txiki bat egin zuen honek.

        — Polizia? —galdetu zuen.

        Xabik ezetz esan zion, ezin zuela lorik egin, zakurraren negarrak ailegatzen zitzaizkiola, edo ailegatu uste zitzaizkiola, zeina okerragoa baitzen, hobe baitzen zinez entzutea etengabe zalantzan egotea baino, isiltasunean haztamuka, erne, zain.

        — Egin ezak lo lasai—lasaitu zuen Gotzonek—, bihar agertuko duk.

        — Ez duk agertuko, mendian lotuta zagok.

        — Hi ez hago sano.

        Orduan Xabik hilabetetan entseatutako formula horietako bat erabili zuen anaiari esan nahi ziona ahalik eta modu gozoenean esateko:

        — Gauza bat esan behar diat —hasi zen, eta dena kontatu zion.

        — Munduan sekula izan den kaikurik handiena haiz —esan zion Gotzonek—. Segi ezak ohera, bihar goizean goiz joango gaituk haren bila.

        Egunsentian abiatu ziren, errosko zati bana hartuta. Urduri esnatu zen Xabi. Bazuen zakurra baten batek eraman zezakeelako kezka. Ehiztariez gain, jende asko ibiltzen zen han inguruan. Hartxintxarren zarata entzuten zen haien oinen azpian. Auzoa zeharkatu zuten, pilotalekua atzean utzi zuten, Oihanaren etxea ere bai. Bere pijama arrosarekin lo egongo zen, adats luzeak burukian barreiatuta, bular hazi berriak pijamapean gozo. Auzoa utzi ahala ohartu ziren inguru hura uste baino ilunagoa zela, han ez baitzen farolarik ez ezer. Baina eguna argitzen ari zen, zeruaren ubel kolorean perfilaturik ageri ziren zuhaitz puntak.

        Piztien edo gizonen edo auskalo zeren beldur ziren. Bularreraino iristen zitzaizkien iratzeak, eskuekin zabaltzen zituzten aurrera egiteko.

        — Kontuz hor —agintzen zuen Gotzonek, baina dardara nabari zitzaion eztarrian.

        Erreka txiki baten gainetik jauzi egin behar izan zuten. Gotzonek errekaren erdian zegoen harria erakutsi zion hatzarekin, ez zezan irrist egin.

        Firrinda bat entzun zuten, zelatan geratu ziren. Makina elektriko baten hotsa zirudien. Konstantea zen. Zuhaitz baten atzean ezkutatu eta zain geratu ziren. Ez zen inolako mugimendurik sumatzen.

        — Gera hadi hemen segundo bat.

        — Hirekin noak.

        Zertxobait makurtuta ekin zioten. Zuhaitz batzuk eskuin aldera utzi zituzten, eta hantxe agertu zen argindar zutoina.

        — Zutoin puta hori! —esan zuen Gotzonek.

        Malda txiki bat igo zuten, Xabik anaiaren oinak ikusten zituen, militarren botekin egoki jantziak. Inbidia sentitu zuen, nahi gabe okasiorako hain ongi hornituta zihoalako, laprast egin gabe eta hotzik sentitu gabe.

        Berehala ikusi zuten ehiztarien postua.

        — Hori al duk?

        — Bai.

        Zaunka hasi beharko likek, esan zuen Gotzonek.

        Xabik hatza belarrian sartu eta zuloa miatzen hasi zen. Urduri zegoenean hori egiteko ohitura zeukan. Postura ailegatzean ere, ez zen ezer aditu.

        — Ez zagok —esan zuen Gotzonek.

        Xabik eskailerak igo zituen. Postuan botila huts batzuk zeuden, eta manta zahar bat. Agian manta han zegoen bera han egon zenean ere, ez zuen gogoratzen. Manta hatz puntekin heldu eta altxa zuenean, hantxe topatu zuen zakurra, bilduta eta izututa.

        — Lepo!

        Besoetan hartu eta musukatzen hasi zen Xabi.

        — Hor al zagok? —entzuten zuen anaia behetik.

        Postuaren sarrerarik burua atera zuen Xabik eta zakurra erakutsi zion.

        — Goazemak azkar etxera!

        Etxerako bidean pozarren zirudien zakurrak. Xabiren aurpegia miazten zuen. Xabik ezin zuen sinetsi nondik ateratzen zuen zakurrak halako bihotz errukior eta aiherrik gabea. Animaliaren atzamarrak ikusten zituen bere berokiaren kontra, bere mutur beltz beti umel hura. Bihotza apurtzen zion.

        Xabik errieta espero zuen anaiarengandik, gaitzespenen bat behintzat, baina anaiak ez zuen ezer esaten. Horren ordez zigarroa piztu eta aurrera segitu zuen mendian sigi-saga.

        Zer tipo dotorea!

        Zakurra izkina batean geratu eta popatikoa egin zuen, belarriak atzerantz jarrita.