Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

39

 

Dantza utziz geroztik gehiago estutu zuen Gotzonekiko harremana. Gotzoni ez zitzaion dantza gustatzen, «folklore hutsa» zelako, «tradizionalisten kontua». Eta Xabik berdin pentsatzera behartu zuen bere burua. Erabakita zeukan hori bera esango ziola jendeari:

        — Utzi nion, bai, dantza egiteari. Tradizionalisten kontuak dira horiek —tradizionalistak zer ziren arrastorik ez zeukan arren.

        Eta hala iritsi zen anaiarekin estreinakoz kontzertu batera joateko aukera (etxean gezurra sakatu eta gero). Oinez jaitsi ziren Oriotik Donibane Lohizunerako errepidera, kasik mugaraino, eta auto-stop egin zuten. Urruñarako malda igo zuten, poliki-poliki, tarteka atzamarra erakusten zutela. Oinez ordubete inguru zeramatenean geratu zen furgoneta bat. Hegoaldekoak ziren, musikariak. Kontzertura zihoazen haiek ere.

        — Jotzera?

        — Ez, ikustera.

        Xabik ezin zuen sinetsi halako zortea izan zezaketenik.

        — Zein taldetakoak zarete? —galdetu zuen Gotzonek.

        — Zaramakoak.

        — Zaramakoak?

        — Bai.

        — Ostia!

        Xabik ez zekien Zaramakoak zeintzuk ziren, baina anaiaren harridura eta ezusteko berbera azaldu zuen, begiruneagatik. Zaramako batek zigarreta eskaini zion Xabiri, eta honek hartu egin zuen. Eztulka erre zuen, bularrak eztanda egingo ziolako beldurrez, anaiaren zeharkako begirada salatzailea sentitzen zuela.

        Gauez ailegatu ziren kontzertua izango zen fabrika zaharrera eta, belardi batean autoa utzita, jende multzoa zegoen aldera hurbildu ziren, litroko garagardoak edanez. Batzuek gandorrak zituzten, beste batzuek galtza tirantedunak. Mahukarik gabeko elastikoak, koloretako ileak, larruzko botak, larruzko jakak. Askok eta askok margotuta eramaten zituzten jakak: «A» bat zirkulu batean bildua, «Punk's not dead», «Sex Pistols», «UK Subs».

        Zaramakoak normal samar janzten ziren, oihalezko botinekin eta galtza bakeroekin, baina garbi. Besteen aldean airos. Gotzonek ere itxura hori eramaten zuen gutxi gorabehera: punk txukunarena. Xabi zen joko hartan aparte zegoen bakarra, txandalarekin. Zaramako musikarietako batek jaka bat utzi zion, bomber bat. Ez zekien jaka betiko utziko ote zion. Eta hala bazen!?

        Kontzertua hasi aurretik norbaitek garagardoa paratu zion eskuan. Hurrupa bat lapurtu zion botilari, eta harrotasunak ez zion garraztasuna sentitzen utzi. Hala ere, hurrengo tragoak sudurretik arnasa hartu gabe edan zituen, zaporea ekiditearren.

        Neska batek frantsesez hitz egin zion, mutil ederra zela esateko. Ziklisten prakez jantzita zihoan, ileak gorriz tindatuta. Zu bai neska ederra esango ziokeen, zoruan zuloa egin eta han ezkutatzeko gogoak utzi izan balio.

        — Merci.

        — Merci! Qu'il est mignon!

        Hordituta sentitzen zen Xabi, nahiz eta ikuskizun hark bazuen zerbait legez kontrakoa. Edozein unetan aita azaltzera joango balitz bezala. Mutil bat lurrean eserita, burua belaunen artean makurtuta. Beste bi mutil borrokan. Botila bat airetik, mirariz inori jo gabe horma baten kontra lehertu zena. Morrosko bat elastikorik gabe, bizkarrean tatuaia zantar bat erakusten.

        Kontzertua hasteko orduan, lagun talde baten barruan zegoela ohartu zen Xabi, eta Gotzonek nonbaitetik ezagutzen zituela. Txantxak egiteko maneran antzeman zitekeen, eta elkarri jotzen zizkioten bizkarrekoengatik. Punkiak zaratatsuak baitziren, eta zabarrak, baina lagunkoiak era berean. Txukun janzten zen jendea baino arretatsuagoak ziren Xabirekin. Eta horrek poztu egin zuen, eta pozak egarria eman zion, eta gero eta hordituago sentitu zen.

        Berurier Noir taldekoak oholtzan agertu zirenean eztanda egin zuen fabrikak. Zaila zen nork kantatzen zuen jakitea. Hamaika lagun zeuden oholtza gainean, denak pailazoz mozorrotuta. Ez ziren ohiko pailazoak, ordea, beltzez eta arropa zaharrez jantzitako pailazoak baizik. Batek sua botatzen zuen ahotik, besteak sekulako saltoak egiten zituen.

        — Apache! Apache! —orro egiten zuten.

        — Apache! Apache! —jendeak arrapostu.

        Dantza moldeak ez zuen teknika berezirik eskatzen, nahikoa zen aldamenekoari bultza egitea, baina itxura eginez. Bultza gabe bultza egitea, alegia.

        Beste garagardo bat.

        Neska ile gorriak atzetik harrapatu zuen Xabi. Besoekin inguratu zuen eta musu eman zion. Bizitza osoan sentitutako zirrara handiena. Musikak une batez alde egin eta zarata desagertu izan balitz bezala. Neskaren haragi hezearen igurtzia zen bere gorputzarekin lotura zeukan gauza bakarra. Beste guztiak soberan: eztarritik sua jaurtitzen zuen gizona, lurrean etzanda gitarra jotzeko kapaz zen beste hura, oholtzara igo eta handik salto egiten zuten dozenaka gazteak... Irreala zen dena.

        Orduan neskak sorbaldetatik heldu eta birarazi egin zuen Xabi.

        — Ez didazu musu bat emango?

        Kontuz: emakume bat. Emakumeek sexualitatea daukate. Garatua, esan nahi baita.

        Musuak, hortaz, ez zuen bere bizitzako beste musuek izandako zigor gabetasun berbera izango. Amaitu zen musuak jolasa ziren garaia. Musu serioa zen neskak eskatzen ziona. Eta hain zuzen, seriotasun horrek liluratzen eta izutzen zuen Xabi. Baina irrika gailendu zitzaion lilurari, eta musu eman zion... musu txiki eta labur bat.

        — Ez, ez, horrela ez —esan zion neskak—, pas comme ça.

        Oin puntetan jarri behar izan zuen Xabik, eta neskak nahi zuen bezala eman zion, ezpainak ezpainen kontra, ezpainen zaporea sentituz. Neskak mihia ahoan sartu zionean erotu egingo zela pentsatu zuen. Korrika alde egiteko tentazioa izan zuen. Zorabiatuta zegoen. Dardara moduko bat zuen belaunetan. Baina ez zuen alde egin nahi. Hantxe gelditu zen. Eta, nola ongi jakin gabe, berak ere neskaren ahoan zeukan mihia. Une gozo horretan Xabik denbora ere izan zuen zertan ari zen pentsatzeko. «Nire lehen musua ematen ari nauk!». Eta baita ere pasadizo hura nola kontatu behar zuen erabakitzeko: «Hik ez dakik zer den emakume bat musukatzea, haren mihia hire ahoan sartzea. Hik ez daukak ideiarik!».

        Garagardoari tragoa lapurtu zion, eta ez zen esan gabe geratu:

        — Utziko al didazu beste bat ematen?

        Neskak algara egin zuen, eta baietz esan zion, nahi zituen guztiak eman ziezazkiokeela. Zer gehiago eskatzen ahal zion bizitzari? Polita zen hordituta egotea, erabakirik hartu behar ez izatea. Eraman egiten zuten batetik bestera, edatekoa ematen zioten, erretzekoa. Eta tarteka suge-musu luze bat.

        Kontzertua amaitu zen eta kanpoko freskotasuna sentitu zuen Xabik. Petril batean eseri eta hantxe egon ziren berriketan. Gero auto baten barruan zegoela konturatu zen. Eta handik gutxira, lastaira baten gainean, lotarako prest. Neska bilatu zuen bere aldamenean, baina neskaren ordez Gotzon zegoen, aho zabalik lo.

        Biharamunean supituan esnatu zen, ikara batean. Eskua maindire gainean jarri eta bustita sentitu zuen: txiza egin zuen!

        Anaia esnatu eta gertakariaren berri eman zionean, lasaitasun harrigarri batez hartu zuen berria:

        — Lasaitu hadi, hermano, ez duk hire errua.

        Matrailezurrak zorroztuta zituen ile nahasiko punki baten etxean zeuden.

        — Mihiseak kanbiatuko ditiagu eta kito —esan zuen Xarl izeneko hark—, t'inquiète pas.

        Xarlek bateria jotzen zuen. Kontzertu batean ezagutu zuen anaia. Giro ona zeukaten haien artean, baina ez zen arraroa, mundu guztiak baitzeukan rollo ona Gotzonekin. Frantsesez hitz egiten zuen. Horrela ikasi zuen Gotzonek frantsesa horren azkar, lagun guztiak zituelako frantziarrak, alprojak!

        Gosaritarako tomate zukua atera zion Xarlek. Haiek garagardoa edan zuten. Beldur zen Gotzonek ez ote zion denen aurrean adarra joko neskarekin musutan ibili izanagatik. Baina Gotzon mutil fina zen, bazekien noiz jo zezakeen adarra eta noiz komeni zen isilik egotea.

        Etxera bueltatzeko errepide bazterrean jarri zirenean, Gotzonek atzamarra atera zuen eta esan zion:

        — Ez duk bidaia hau erraz ahaztuko, finolis!

        Xabik bazekien autoetako jende guztia zihoala bere jaka berriari begira. Ezin zien ezer leporatu. Munduko jakarik ikusgarriena baitzen.