Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

27

 

Aitak harrera hotza egin zion mutilari. Zaplada bat bizkarrean.

        — Jarri haiz?

        — Bai, txikiaren gelan.

        Josten ari zen gortina jaso zuen amak, jostorratzak metalezko kutxa batean gorde zituen, gainerako hari eta orratzekin. Telebista aurrean zeuden haurrak deitu zituen afaltzera, eta sukaldera abiatu zen, haurrei mahaia jartzeko aginduta.

        Ezpalak eta zerrautsa zituen aitak ileen artean eta lepoan. Galtza urdinak eta eskuak belztuta. Aulki gainean utzi zuen jertsea.

        — Eser hadi trankil —esan zion, eta komunera joan zen eskuak garbitzera.

        Porru-patatak zerbitzatu zituen amak.

        — Nahi duk? —aitak ardoa eskaini zion Nikori.

        — Hartuko dut pittar bat.

        — Un petit peu —esan zuen Nagorek.

        Amari lerdea zerion alaba frantsesez entzutean. Xabiri ez horrenbeste. Koilara hotsa plateretan. Gero kontatu zien mekanika ikasitakoa zela, fresatzaile, baina ikasketak amaitu aurretik utzi behar izan zuela etxea, pena zuela baina jadanik ofizioa bazekiela, bere aitak delineatzaile sartu nahi izan zuela, baina berak uko egin ziola, ez baitzen mahaiaren aurrean geldi egotekoa. Nikok edalontzia hustu eta berriz bete zuen. Mekanika tailerra biltegi bezala erabiltzen zuela esan zuen ondoren, handik hartzen zituela txakurrei botatzeko piezak. Eta astea ematen zuela koipez goitik behera narrastuta, salbu eta igandeetan, San Mamesera joateko apaintzen baitzen.

        — Gustuko duk futbola —aitak.

        — Ibilitakoa nauk, Sestaon. Baina zintzoek bakarrik egiten ditek aurrera. Neuk ez diat isilik egoteko balio.

        — Sestaon ibiltzeko izango huen zer edo zer.

        — Bo.

        Galtzontzillotan lo egiten zuten, hanka zuri finak agerian. Mutila zigarreta eskuan eseri zen kuxinaren gainean, kea sabaira botatzen.

        Xabi gauaren erdian esnatu zenean, leiho parean zutik ikusi zuen Niko, gortina baztertuta, iluntasuna zelatatzen.

        Laster deskubritu zuen Xabik, gauero pizten zela gelakidearen egarria. Haurraren arnasa baretu orduko, besoa luzatu eta leihoa zabaltzen zuen hatz mamiekin, eta botila husten hasten zen hurrupaka. Ohean ezin mugitu geratzen zen Xabi, sorginkeria arraro baten gatibu. Hasieran ez zuen gertatzen zena ulertzen, baina goizean ohe tolesgarriaren azpialdean botila etzanda ikusi zuenean ulertu zuen Nikok ezkutuan edaten zuela. Eta ezkutuan edaten zuenez, hura gaizki zegoela. Eta honenbestez, sekretua zela.

        Maizter berria legez kontrako zera horretan deskubritzeak, konplize bilakatuko zuen beldur zen. Beharbada bestearen lotsaz lotsatzen zen, besteak deskubritua izatean erakutsiko zuen ahuleziaz izu. Noizbait zutitzen entzungo zuen, aurretik pasatzen ikusiko zuen ohetik, gorputz mehar beltz hura, oin puntetan gelatik ihesean. Egongelan irudikatuko zuen, aitaren altzarian botila berritzen, eta altxor berriarekin bueltan gero. Noizbait bidaia luzatu egingo zen, eta Niko sofan etzanda deskubrituko zuen, botila eskuan lo, galtzontzillotan hanka zabalik, zurrungaka. Begi niniak bustita izango zituen Xabik sorbaldatik inarrosita esnatuko zuenean, eta begira geratuko zitzaion une batez, irri etsi bat erakutsiko zion, eta biak azkar bueltatuko ziren gelara.

        — Mutil jatorra haiz —esango zion—. Ez haiz salataria.

        Eta berriz hasiko zen zurrungaka, inoiz esnatu izan ez balitz bezala. Biharamunean ametsetako pasadizoa ahaztuta izango zuen, edo hala jokatuko zuen. Eta Xabiri matematikako buruketak askatzen lagunduko zion, pazientzia handiz.

        — Zenbakiak hitzak bezalakoak dituk. Hitz egiten ditek. Hobe duk haiek ulertzea, haiek ikasten jardun ordez. Ikasten saiatzen bahaiz, erotu egingo haute.

        Ulertu eta ikasi, biek ziruditen ezinezko Xabiren hiztegi laburrean.

        Horrenbestetan harrapatu zuen egongelan lo, noizbait baldintzak jartzeko zilegitasuna izango baitzuen Xabik:

        — Utzi egin behar duzu, zin egizu.

        — Utzi, zer?

        — Edaria.

        — Zin egiten diat. Ez haut aitaren aurrean konpromiso batean jarri nahi.

        Eta Niko kontrolpean zeukala pentsatuko zuen Xabik, harik eta telefonoan aurkitu zuen arte, ilunpetan, ahopeka.

        Hitzak moztuta ateratzen zitzaizkion, erreguka ari zen.

        — Esadazu, zergatik ez zara etortzen?

        Xabik ezin zuen ikusten ari zena sinetsi, aitak akabatu egingo zuen! Gurasoen gelara begiratu zuen, itxita zegoen atea korridorearen beste muturrean. Atea zabaltzen irudikatzen zuen Xabik, aitaren figura txikia, eskuarekin buruko xerlo bihurria behera ekarri nahian. Telefonoz hizketan harrapatuz gero, zangoetatik heldu eta balkoitik behera botako zuen Niko gizajoa.

        Mutila ikusten zuen sofan eserita, galtzontzillotan, kokoriko jarrita, telefonoa eskuan, Gauloises horietako bat erretzen:

        — Esadazu, noiz etorriko zara? —eta mukiak irensten zituen, errieta jasandako haur negartiaren modura.

        Niko gelara itzulitakoan ausartu zen Xabi:

        — Entzun zaitut telefonoan.

        — Neska-lagunarekin ari ninduan.

        Orduan etorriko ziren aitorpenak, eta okerrago izango zen, bien arteko sekretuen zuloa are eta sakonagoa izango baitzen, astunagoak kateak.

        — Gerrara bidaltzen gaitiztek, baina inork ez dik geure bakardadea kontuan hartzen. Bakardadea duk zigor guztien artean ankerrena.

        Erdi lotan entzungo zuen Xabik, inoiz antzeko zerbait sentitu ote zuen asmatu nahian, izeba Miruren etxeko arratsalde elurtuak akorduan.

        — Herriko neska ederrenetakoa duk Edurne, eta hik inoiz ikusiko duan ipurdirik gogorrena dik. Baina ez dik etorri nahi. Ez zidak esaten, baina ez dik etorri nahi.

        — Agian ezin du...

        — Ez dik nahi.

        Eta gero esango zion:

        — Maitasuna amesgaiztoa duk. Ez egin kasu maitasunaz ongi esaka aritzen diren horiei. Dena gezurra duk. Bihotza txiki eginda utziko dik, ausartzen bahaiz. Ihes egin nahiko duk. Hire buruari mila kontu esango dizkiok, baina ezingo duk amore eman. Ahaztu egin nahiko duk, baina zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta gehiagotan etorriko zaik burura.

        Tarteka loak hartzen zuen, eta handik gutxira entzuten zuen:

        — Xabi, Xabi, lo al hago?

        — Ez, ez, segi.

        Eta Nikok:

        — Kristo! Nolatan geratzen haiz lo hain erraz? Nahi nikek dohain hori niretzat.

        Asteak eman zituzten horrela. Supituan gizondu egin zela sentitu zuen Xabik, gizonen sekretu ezkutuenak ezagutzen zituela. Bazuen harrotasun pixka bat, baina izua gailentzen zitzaion, Nikok ez baitzekien, Xabik berak zekien bezala, aitak bere gaueroko festak deskubrituz gero hartuko zuen sumindua. Amarekin hitz egitea ere burutik pasatu zitzaion, maiz geratzen baitzen ama afalostean Nikorekin, eta bazirudien harreman ona zutela. Baina ez zen fio. Eta, gainera, bera ez zen salataria.

        Oihana akorduan zeukala, neska bat maitemintzeko nola jokatu behar zuen galdetu zion behinola. Eta Nikok esan zion bere lagunekin ongi konpontzea zela sekretua.

        — Oihanak ez du lagunik —esan zion Xabik.

        — Orduan hireak egin dik.

        — Berdin dio.

        — Berdin zaik?

        — Bai.

        — Orduan ez hago maiteminduta. Zorionekoa haiz. Apartatu hadi orain, berandu baino lehen.

        Gero esan zion:

        — Maitasuna da jakintzaren bidez sendatu ezin litekeen gaixotasun bakarretakoa. Esan nahi diat, zientziak ezin duela minaren aurka ezer egin. Ez zagok ez txertorik ez ezer. Maitemintzen bahaiz txalo egingo dik mundu guztiak, baina minez hasten bahaiz, orduan inor ez duk hitaz akordatuko. Hik jakingo duk milaka gizaseme izan dela hi bezala lehenago ere, mundua bezain zaharra dela hire gaixotasuna, mundu guztia sendatzen dela, baina horrek ez dik hire oinazea kamustuko, berdin segituko duk zakur baten pare sufritzen.