Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

58

 

Salatariren batek Pailazo Hiltzaileen zuloa deskubritu zuen. Bazekiten salatariren bat izan zela, irakasleak ez baitziren baso hartara arrimatzen. Ikasleak hall-ean bildu zituzten, Manexek mahai batean erakusgai jarri zituen txardangoak, tirapottokak, boligrafoen hodiak, harriak, egunkarietako errekorteak eta bestelakoak. Ez harro, ez izu, hura guztia beste norbaitena balitz bezala sentitu zen Xabi.

        Manexek armategia hitza erabili zuenean, barrez lehertu zen hall osoa. Denak salbu eta irakasleak, zeinak grabetasunaren komedia antzezten ziharduten.

        Maite ere barrez ari zen, baina bere modura, besteen barrearen uberan, gogorik gabe, dirudunen gisara. Inoiz neska harekin endredatu izana damutu zitzaion Xabiri. Sasi irri horrek bere onetik ateratzen zuen. Zergatik egin barre, barrerako gogorik gabe?

        Ezpainak dardara egiten zion Manex irakasleari, inork zinez inor hil izan balu bezala. Sumina zen oro haren keinuetan.

        — Armategi honen... —esan zuen berriz Manexek, eta berriz barreka hasi ziren ikasle guztiak.

        — Ixo!

        Baina ez zekien esaldia nola amaitu. Ez zuen bere erdeinua azaltzeko hitzik aurkitzen. Zein handia erdeinua, eta zein txikia haurren aurrean erabiltzen zen hizkuntza.

        «Armategi honen jabeak akabatu egingo nituzke», esan nahiko zukeen, baina armategia hitzarekin trabatuta geratzen zen, totelak bezala.

        Bere Joma oinetakoen etiketan, Made in Spain irakurri zuen Xabik, eta bere buruari galdetu zion zergatik ote zeukaten Made in Korea idatzita zeukatenek ospe hobea. Zer egiten zieten oinetakoei hobeak izan zitezen Korean? Non zegoen sekretua?

        — Pailazo Hiltzaileak —esan zuen Manexek—: biolentzia ez da pailazokeria, zuetako askok ongi dakizuenez.

        Le coq sportif batzuk zeramatzan Anttonek, bandera frantziarraren kolorekoak. Urdina oinetakoaren oihala, gorria eta zuria zola. Etiketari so egin zion: Made in France irakurri zuen. Michel Platini oroitu zuen, Munduko Kopan huts egindako penalti hura, zeinak balio izan zion Xabiri ohartzeko futbolak zenbat sentimendu pizten zituen jendearengan. Telebistako esatariaren nahigabea, aitaren eta Brasilgo jarraitzaileen poza. Platini sinpatikoa egiten zitzaion, hala ere, jator itxura zeukalako, langile tankerako ile kizkur horiekin.

        — Lehenago edo geroago —esan zuen Manexek— armategiaren jabeak nor diren jakingo dugu.

        Baina ordurako barreak etenda zeuden. Denak hizketan ari ziren, arretarik jarri gabe. Beti gertatzen zen berdin: jakin-minak gutxi irauten zuen ikasleen artean. Lehen bost minutuetan bale, baina hortik aurrera ahaztu. Eta gogaitzearekin batera iristen zen zarata, eta irakasleen oihu gero eta amorratuagoak:

        — Aski!, aski!. Bon, aski!

        Alferrik.

        Batzarra amaitutzat eman zutenean, Manexek poltsa batean bildu zituen armak, eta Xabiri otu zitzaion agian bere seme-alabei emango zizkiela, beren etxean txori-ehizan ibil zitezen.

        Orduan Manuk kontatutako agurearen eta itsasoaren istorioaz oroitu zen. Arrantzale zaharrak ezpatarraina harrapatzeko libratutako dema, piztiak amuari hozka egin ondoren zaharrak egunetan ontzira ekartzeko egindako ahalegin desesperatuak, eta nola, hura bentzututa, arraina handiegia izaki, atoian eraman behar izan zuen kostaraino, eta zaharraren ustekabekoa bidean marrazoek arraina osorik jan zutela ikusita, salbu eta burua, han geratu zena, iseka eginez bezala.

        «Arrantzale txikiak harrapakin txikiak behar ditik eraman», esan zion Manuk.

        Anttonek sorbaldatik heldu zion:

        — Armak kenduko zizkigutek, baina ez ideiak.

        Zein serio hartzen zuen mutilak iraultza!

        Xabik bazekien ez zutela ezer egingo, ikasturtea amaitzear zela eta dena amaitu zela ordurako. Ez arma eta ez kristo, etxera itzultzea zen buruan zerabilen gauza bakarra.