Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

29

 

Lehen egunetan presente izan zuen Niko. Faltan hartzen zituen haren istorioak eta maitasunari buruzko azalpenak. Geroz eta garbiago zeukan, azaletik ikusten zena baina kontu serioagoa zela maitasuna. Ia aberria bezainbat, inguruan ikusten zuenagatik. Denak zeudelako Iparraldean aberriak ekarrita, baina denak maitasunaren zain. Baita Xabi bera ere.

        Oihanarekin topo egiten zuen bakoitzean, Nikok esandako guztiak lotzen zituen barnean nabaritzen zuen uholde gero eta handiagoarekin. Gutxika, ordea, Niko ahazten hasi zen. Bere gelako ohe tolesgarria ohe huts soila bilakatu zen, han inoiz inor bizi izan ez balitz bezala. Bere bizitzak, bestalde, bizitza arrunta zirudien. Haur bat gehiago zela sentitzera iritsi gabe, ia besteen pareko sentitzen zen: ikastolara joaten zen, gutxi gorabehera moldatzen zen gainerakoekin, arratsaldeetan Oihana ikusten zuen eta munduak bizitzeko toki aproposa zirudien.

        Orduantxe gertatu zen Txominena.

        Arratsaldeko 20:30ean kolpetik ireki da Xabiren gelako atea, eta ama negarrez oihuka sartu da. Lurrean belauniko ikusi du, Xabi etzanda dagoen ohean jarrita burua, aurpegia burusiaren kontra ezkutaturik. Zotinka. «Txomin» entzun du Xabik, argiago ezin, etengabe ari baita ama ohearen kontra Txominen izena oihukatzen, baina Xabiri beste gela batean balego bezala ailegatzen zaizkio oihuok.

        Amaren aurpegia ikusi duenean konturatu da, ez duela ama hura ezagutzen. Malkoek eta mukiek bustitako aurpegi hura, espantuz okertua. Ez, ez du ezagutzen. Une batez elkarri begira geratu dira, eta Xabik gogoa izan du amaren begiak atera eta begi zuloetatik barrura sartzeko, han barruan ama nolabait kontsolatzeko moduren bat aurkituko duelakoan. Zer egin dezake bestela?

        Sentimendu berria eta arraroa da: bestearen mina sendatzeko premia jasangaitza. Ia bortitza. Eta ezina.

        Eta orduan sartu da aita, hura ere malkotan. Eta Xabik ezin izan du kanporantz begiratzen jarraitu. Eta negarrez hasi da bera ere. Eta zalapartaren erdian izan du abagune bat hiruek, malkotan eskaintzen duten ikuskizunaz ohartzeko, eta pittin bat lotsatzeko.

        Une horretan bertan konturatu zen Xabi, bizitzan lehen aldiz, heriotzaren esanahia zein zen. Izaki baten desagerpena. Amaiera. Eta haren hutsune halabeharrezkoa.

        Aitona Pakoren heriotza oroitzen zuen, urtebete lehenago gertatua. Eta hark beregan utzi zuen hoztasuna. Apenas ikusten baitzuen aitona, eta, beraz, haren hutsuneak ez baitzeukan ondorio berezirik beretzat; sentitzen zuen, nolabait, edozein egunetan agertuko zela etxean, bere absentzia luzeen ondoren egin izan zuen bezala. Baina une hartan argi agertu zitzaion Txominen absentziaren pisu zehatza. Betiko faltan hartuko zuelako susmo beldurgarria. Areago, absentziaren oinaze konkretuaz aparte, heriotzaren beraren zentzu berri bat azaldu zitzaion. Amaieraren drama. Baina ez bizirik geratzen ziren guztientzat, baizik eta hildakoarentzat. Existentziaren hari hauskorra. Eta horrek, bere horretan, beste ezerk baina min gehiago eragin zion.

        Aita zutik dago, besoak dilindan, aurpegia estali gabe negarrez, amari eta semeari begira, Gotzonek burua gelan sartu eta eskua amaren bizkarrean jarri duenean, eta altxatzeko esan dionean; zerbait esatearren, ez une hartan altxatzea ekintza garrantzitsua delako.

        Minaren antzezpena da Xabiren begietan agertzen dena, eta ezin du ikuskizuna penagarria dela burutik kendu.

        Zutitu eta sukaldera joan da. Hozkailutik esnea hartuta, kakao esnea prestatu du, eta telebista aurrean eseri da, esnea edan eta telebista ikustera. Kantuan ari da gizon bat, txano beltzez eta alkandora loredunez jantzita. Azpian azaldu da izena: «Manolo Escobar»; eta beherago: «Voz en directo». Kantua ezaguna egiten zaio.

        Ama sartu da egongelan, jada pittin bat lasaitua, baina begiak handi-handi eginda, sudurra gorrituta. Harriduraz so egin dio, eta Xabik segituan ulertu du une batetik bestera telebista itzali eta ohera joateko aginduko diola; baina ez dio ezer esan. Aita dator atzetik, alkandora galtzetan sartzen, eta amari zerbait esan dio, Xabik ulertu ez duena (kantua entzuten ari da-eta).

        Sentitu du horixe dela behar zuen gauza bakarra: kakao esnea eta telebista. Gauza ederrak dira horiek.

        Aita erailketaren lekura joan zenean, amak argibide batzuk eman zizkien, baina ez asko. Xabirentzat, ordea, nahikoa izan zen Txomin bere etxe parean akabatu zutela entzutea («akabatu» erabili zuen), autoko bi gizonak oroitzeko eta, zergatik jakin gabe, ondorioztatzeko hiltzaileak bi gizon horiek izan zirela zalantzarik gabe. Aurkikuntzak dardara batean ipini zuen, baina ez zen ezer esaten ausartu. Zentzu batean, heriotzaren errudun izan zitekeen, bi gizonen berri sekula inori eman ez izanagatik. Zergatik ez zuen sekula esan Txominen etxe alboan auto arrotz bat zegoela bi gizon arrotz susmagarrirekin? Nola izan zen hain arduragabea? Baina ja eginda zegoen. Pala bat izan balu, hantxe bertan ehortziko zukeen bere burua.

        Escobarrek telebistan kantuan segitzen zuen, baina ordurako alferrik zen: ez zuen Txominen heriotza eta bere ondorioak burutik kentzea lortuko.

        Hurrengo goizean sofan esnatu zen. Lo geratu zen, eta hantxe utzi zuten. Sofa, behintzat, lehor zegoen. Eta harrigarria bazirudien ere, ez zuen Txominen heriotza gaueko begiekin ikusten, aspaldi gertatutako zerbait bezala baizik. Sosegaturik sentitu zen. Eta are gehiago lasaitu zen ama batetik bestera zeregin praktikoetan murgilduta ikusi zuenean, arropa zikina bazter guztietan aurkitzen zuelako marmarrean, haurrei etxea jasotzeko laguntza eskatzen.

        — Xabi, ohea!

        Txominen etxera joateko oinez abiatu zirenean, nekez pentsatuko zuen Xabik txango txiki hura betiko gordeko zuela bere memoriaren une alaien zakuan. Baina Xabi ez zen triste egon behar zenean triste eta pozik egon behar zenean pozik egoten zekien horietakoa. Eta goiz hartan, otsaileko eguzki hotzak agurtu zuenean, ongi sentitu zen bide bazterretik oinez amaren, Gotzonen eta Nagoreren aldamenean, haien hizketagaia, ezinbestean, Txominen heriotza izan arren.

        Amak haurrak lasaitu nahi izan zituen, gertakari haiek «isolatuak» zirela argudiatuz, «espainiarrek ezin zutela bide horretatik jarraitu». Baina Nagorek zergatia galdetzen zionean, amak ez zekien zer erantzun. «Eskandalu handiegia da», esaten zuen amak, hura arrazoi sendo eta behin betikoa balitz bezala. Baina esaldia amaitu orduko zabaltzen zen isiluneak salatzen zuen, han inork ez zeukala segurutzat jendea hiltzen jarraituko zuten edo ez.

        Xabi aho bete hortz geratzen zen anai-arrebak termino horietan hizketan entzuten zituenean, baina era berean harro sentitzen zen, gauza horietaz aritzeak bere gizon bilakatzeko helburutik gertuago jartzen zuelako.

        — Agian horixe nahi dute espainiarrek —esan zuen Gotzonek—: Eskandalua.

        — Ez, eskandalua ez —zuzendu zion amak—, espainiarrek izua sortu nahi dute.

        Eta gero aitona Pakoz hasi zen hizketan. Eta kontatu zuen bizitza osoa izuturik igaro zuela, gerraz eta gerran sufritutakoaz hitzik egin gabe, eta hala hil zela, mutu, kexurik egin gabe.

        — Hiru urteko gerra, eta berrogei urteko isiltasuna —esan zuen—. Horra izuaren boterea!

        Orioko malda amaitu eta Txominen etxera gerturatzen hasi zirenean ikusi zuen Xabik Maider, larruzko jakaz jantzita, espaloian eserita. Korapiloa egin zitzaion sabelean. Urrutitik ikusi zituen Maiderrek, eta begira geratu zitzaien. Zaila zen aurpegi hark zer adierazten zuen edo zer adierazi nahi zuen edo, beharbada, zer ezkutatu nahi zuen asmatzea. Baina han zegoen, eta une batetik bestera parez pare egongo ziren, eta zer edo zer esatea tokatuko zitzaien, eta Xabik ez zekien zer esan zezakeen hantxe bertan, Maiderren aurrean, negarrez hasi gabe. Eskerrak ama han zegoen, eta bere naturaltasun guztiarekin neska besoetan hartu zuen.

        Orduan ikusi zuen Xabik, lurrean, Txominen silueta klarionaz margotua. Karrera irabazitako ziklistak bezala zituen besoak: goraka, ukondoek angelu zuzena osatzen zutela, eta bi hankak luze-luze, oinak barrurantz okertuta. Etxera begira zeuzkan besoak. Erraz irudika zitekeen etxera ihes egiteko Txominen ahalegin zapuztua. Azken unera arte bizirik ateratzeko izango zuen esperantza eta lurrera amiltzean izango zuen izua. Hain zuzen amak lehenago aipatutako izu huraxe zen, klarionezko silueta haren bidez Txominen gorputik Xabiren baitara igarotzen zena, eta han ostatu hartuko zuena betiko, arkakuso hilezkor baten gisan.

        Hiru urteko gerra eta berrogei urteko isiltasuna.

        Bala galduek aitaren autoan egindako zuloak erakutsi zizkien Maiderrek, zulo haiek Txomin ez zen beste norbait akabatzeko sortuak izan balira bezala. Gora eta behera egiten zuen errenkada batean zeuden balak autoaren albo batean, eta hatz erakuslea haietan sartu zuen Maiderrek, zuloa zinez zuloa zela erakustearren. Hamabi zulo denera.

        Jende mordoa hurbildu zen goiz hartan Txominen etxera. Autoa etxe parean utzi eta korrika abiatzen ziren barrura. Jendea korrika ikusteak soseguz betetzen zuen Xabi, bazirudielako kaltea konpontzeko larritasunak zirela haiek, eta horrek heriotzak erremedioa izan zezakeelako sentimendua pizten zion. Bat-batean, horrenbeste jenderen larritasunari esker, bizirik agertuko zen Txomin, alkandora urratuta, ileak harrotuta, narras baina bizirik.

        Baina larritasun antzuak diren. Autoa etxe parean lasai utzi eta oinez joan ordez, jendea korrika etortzen zen, baina horrek ez zuen ezer aldatzen.

        Gero Ainara agertu zen, eta oihu egin zuen iritsi berriak agurtzeko. Aitaren heriotzaren berri izango ote zuen galdetu zion Xabik bere buruari, neskak eskumuturrarekin ezpain ertzetik erortzen zitzaion lerdea sikatzen zuen bitartean. Xabik musu eman nahi zion, baina beldur zen ez ote zion neskari ez zekienaren berri emango. Zer zekien eta zer ez, misterio handia zen.

        Bizikletak hartu eta etxe inguruan zegoen lur azpiko igarobide batera joan ziren, Maiderrek eta Gotzonek zigarroak erre nahi zituztelako. Eta han azaldu zien zekien guztia: aita bere lagun baten etxean Realaren partidua ikusteko atera zela, irten aurretik zerbait aipatu zuela, egun haietan auzoan jende susmagarri ugari zebilelako (Xabik ongi zekienez), eta irten orduko motor batean zihoazen bi lagunek tiro egin ziotela metrailetaz. Autotik etxerantz korrika amildu zen, giltzak eskuan, besoak etxerantz zituela, salto egiten ariko balitz bezala.

        — Orain ez dakit zer egingo dugun —esan zuen, ezpainak dardarka.

        Eta denak isilik, zer erantzun eta zer egin jakin gabe.

        Etxera itzuli zirenean, han segitzen zuen Txominen klarionezko siluetak. Baina autoak gainetik igarotzen zirenez, ertzak urratzen hasiak ziren. Bizikletarekin gainetik pasatu ziren haurrak ere, eta gero itzulia egin zuten eta berriz pasatu ziren, baten batek marrazki makabro hura ezabatzeko agindua eman izan balie bezala.