Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

10

 

Euskadi, gudaria, polizia, errefuxiatua, erbestea... helduen mundua egunez egun osatu beharreko mapa desertua zen, eta puntu batetik bestera joateko hitz gakoak ageri zitzaizkion Xabiri. Baina ez ziren bere mapa propioa osatzeko behar zituen hitzak baino garrantzitsuagoak, ezpada bere mapa propio hura osatzeko eragozpenak eta mehatxuak. Emango al zizkion Euskadik zapata berri batzuk?

        Alabaina, bazirudien aberri zeritzon horren aldeko konspirazioan mugitzen zela mundua, eta konspirazio hura zela zerbait infinitua, larria eta, era berean, hunkigarria, jendea ernegatzen eta aldi berean pozten zuena; eta proiektu misteriotsu horren nolabaiteko parte izateak harrotasun izpi bat sortzen zion barruan, zerbaiten parte izateak. Baina izpi bat besterik ez zen, eta agertu orduko eguneroko kezka txikiagoen amaraunean desagertzen zen; kezka txiki eta askotan gaindiezinak, kezka handiak baino askoz ere konplikatuagoak. Eta beti mingarriagoak. Aberriak ez baitzuen mintzen, bai ordea bere armairu beti hutsak.

        Bizitzaren haizeak zekarren beste gauza bat kantuak ziren. Musika triste batek burutazio tristeak ekarriko zizkiola, eta alderantziz, musika alaiak pentsamendu alaiak. Arazoa zen musika batek sentimenduak gaiztotzen zizkionean, eta non sartu, zer egin, nora joan, norekin hitz egin, nori esan, non negar egin ez zekienean. Zerbaitek esaten baitzion bazuela tristeziak zerbait lotsagarritik.

        Badira berez dakizkigun gauzak.

        Adibidez, Txominen etxera joatea ona izango zela, hala esan baitzion amak bere magalera berriz joan zenean: Emilioren etxea utzi eta Txominenera joango zirela.

        — Pozik zaude?

        Antzemana zion amak Txomin gustuko zuela. Nola ez zuen ba izango? Zer dago motor bat baino sofistikatuagorik?

        Gero, noski, deskubritu beharko zuen gauza bat zela Txominen etxea irudimenean, eta bestea, oso ezberdina, Txominen etxea bera, eta Txominen alabak, biak berari begira. Hemen da etorri berria. Eta denak Xabiren jantziei so. Eta amaren herabetasuna:

        — Ez dugu enbarazu egin nahi.

        Eta Txominen emazte Maiteren hitz lasaigarri urduriak:

        — Enbarazu? Arren, Mari Karmen, zuen etxean zaudete!

        Ikara batean zegoen Xabi, lo egitea bi nesketako batekin egokituko zitzaiolako izututa.

        Xabi sesele pipi en la cam!

        Berdin zitzaion enbarazu egitea, hotza edo gosea pasatzea, baina, otoi, ez zezatela neskekin lo egitera behartu. Amak semearen larritasuna asmatu zuen:

        — Ez dakit non sartuko garen...

        — Badago tokia —Maitek.

        — Gure ohean ez! —nesketako batek.

        — Ez hasi horrekin, faborez.

        Erraza zirudien ugartetarrak etorri aurreko etxe hartako elkarrizketak imajinatzea. Nire etxea, nire ohea, nire pijama, nire bizikleta. Xabik bazekien zer zen bere gauzen defentsa. Bera baino zuhurragorik! Eta eskua emango zukeen alderantzizko egoeran izateagatik. Gonbidatuei so, haien deserosotasunari erreparatuz, akaso hitz lasaigarriren bat: «Nire autoak erakutsiko dizkizuet». Zeren eta nork bere etxean nahi duena egiten baitu amaren ipurdikoa ongi merezia jaso arte, baina besteen etxean... besteen etxean sardexkak ere beldurrez hartzen dira.

        Berehala ohartu zen Xabi bi ahizpetako batek ez zuela hitz egiten, keinuka eta espantuka jarduten zuela, eztarritik zarata modukoak eginez, eta beldur zen bere harridura ez ote zen kanpotik igarriko, begiratua iltzatuta geratzen baitzitzaion neskatilaren auhen horietan. Orduan beste neskak egoera deserosoa desegin nahi izan zuen eta, sabaitik zintzilik zegoen soka bati tiratuz, ganbarara igotzeko behar zuten eskailera jaitsi zuen.

        — Bost minutu barru afaltzera.

        Baina ja egina zegoen. Haurrak ganbaran zeuden, hango miniaturazko futbol joko hautsez estaliari begira, elkarri neurria hartzen. Xabik jokalariak lotzen zituen burdinazko hodiaren amaierako kirtenari heldu zion, eta jokalariak mugitu zituen, besteek maleta baten moduan zabaltzen zen disko-jogailuari arreta jartzen zioten bitartean. Alferrik izango zen partida bat proposatzea, Txominen alabetako bat disko bat hartzen ari baitzen.

        «Xeri, xeri banana, una fruta muy sana, ye, ye», atera zen bozgorailutik, eta espantuka ziharduen neskak txalo egin zuen, erritmoari kasu egin gabe. Orduan Xabik begirada futbol jokora itzuli zuen. Liluratuta eta durduzatuta zegoen. Bere bizitzan gerturik ikusten zuen lehen neska mongolikoa zen. Eta neskarekiko errefusa eta jakin-mina, biak nahasi zitzaizkion.

        Gotzon isilik egon zen, diskoen artean arakatzen.

        M, a, eta o letrak errepikatzen zituen Ainarak, dena zen aaaaaa, edo ooooooo edo mmmmm. Zoriontsua ematen zuen, dena ospatzen zuen oihu eginez, eta bi nesketan bakarra zen soinekoz janzten zena, apain. Nolanahi ere, neskak mozorrotua zirudien, ilea garçon erara moztuta baitzeraman, norbaitek jantzi femeninoegiak jantzi izan balizkio bezala.

        Diskoa aldatu zuen Maiderrek, eta Ainarak zorionekoa edo haserretua ote zen bereizten zaila zirudien garrasia egin zuen; ugartetarrak begira geratu zitzaizkion, kasik nahi gabe, izuak eta lilurak erakarrita, baina ahizpak oihuekiko naturaltasuna erakusten segitzen zuen.

        «Bee Gees» irakurri zuen Gotzonek disko berriaren karpetaren azalean. Gogoa izan zuen hiru gizonezkoen kantatzeko manerak emakumezkoa zirudiela esateko, baina ur sakonetan sartzeko arriskuaz ohartu zen, txorakeria bat esatekoa alegia, eta mutu segitu zuen. Ainararen oihuak entzuten zituzten. Kantuan ari ote zen? Zer ziren bestela oihu eta intziri haiek?

        Futbolinean jokatzeko pilotarik ba ote zegoen galdetu zuen Xabik, zer esan eta nora begiratu ez zekielako, eta une horretan bertan Ainarak aho ertzetik zerion lerdea sikatu zuen mahukarekin.

        — Zer dauka zure ahizpak? —galdetu zuen Gotzonek.

        — Ainarak? Ez dauka ezer, horrelakoa da —esan zuen Maiderrek.