Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

35

 

Amak Levi's markako lehen galtzak erosi zizkionean haiekin lo egin zuen Xabik. Gauaren erdian esnatu zen, Jokin ez iratzartzeko gelatik haztamuka atera zen eta komunean sartu zen ispiluan begiratzeko. Galtzek izterretan eta ipurdian egokitzeko zeukaten manerak liluratu egiten zuen. Gerra Atomiko batek ezingo zituen galtza haiek txikitu, urratu edo higatu. Eskolan denek hitz egiten zuten galtza haiei buruz. Distintzio zeinua zen haietako batzuk edukitzea, goi mailako jendearen atean kas-kas jotzeko modukoa.

        Eta galtza berriekin jantzita zihoalako, pozik sentitzen zen larunbat hartan, Irungo merkatu txikira joan zirenean. Horregatik eta merkatu txikian amak opilez eta txokolatezko bonboiez betetako poltsak erosten zizkielako, kiloka saltzen ziren horietakoak. Ez ziren bikainenak, baina oso gustura jaten zituzten bata bestearen atzetik.

        Auto ilara luzeak izaten ziren mugan larunbat goizetan. Autoetako askok zama potoloak eramaten zituzten sabaiari lotuta, eta poliziek apartatu egiten zituzten xehetasunez arakatzeko. Beste askok ez zuten pisu berezirik eramaten, baina berdin apartatzen zituzten, uneko poliziaren senaren arabera, susmoren bat hartuta-edo. Autoarekin ilaran jarri orduko isiltasuna nagusitzen zen auto barruan, isiltasuna susmorik ez pizteko lagungarri izango zelakoan.

        Isabellek esaten zuen:

        — Hona hemen Europako inbuturik estuena.

        Eta gero solasean nahasten ziren Isabelle eta ama, muga hartan naziak eta guardia zibilak elkarri eskua emanda ibili ziren bezala zebiltzala orain Frantziako eta Espainiako poliziak.

        Frantziako poliziek arreta handirik gabe so egiten zieten pasaporteei, baldin eta kasernan bazeuden, ez baitziren beti han izaten. Metro batzuk aurrerago egoten zen espainiarrena, eta han bestelakoa zen giroa. Poliziak pasaporteak aztertzen zituen, baina ondoren aztertu ez balitu bezala hasten zen galdezka: norenak dira haurrak, nondik zatozte, eta halako galdera antzuak. Amak esaten zuenez, ez zuten jakitearren galdetzen, galdetze hutsak errespetua eta ikara eragiten zituelako baizik.

        — Zuk badakizu, haiek galdetuz gero, inoiz emango ez zenituzkeen azalpenak emango dituzula. Eta haiengana iritsi aurretik zure buruan mamitzen ariko zara irain sorta amaigabe bat, galdetzen hasten direnean zinez pentsatzen duzuna esateko. Baina unea iritsitakoan otzan erantzungo diezu, ez daukazulako beste erremediorik. Botere horrekin txoratu egiten dira poliziak.

        Arrazoia zeukan amak, Xabik ongi igartzen zuen poliziarekin hizketan ari zen jendearengan umiltasun bortxatu hura. Polita zen ikustea, Isabellek nola aditzen zion amari. Eta haren begirunearen bitartez egiaztatzea, ama uste baino pertsona jakintsuagoa zela. Zeren amak politikaz gutxi hitz egiten zuen etxean, baina ez etxetik kanpo...

        — ¿Los niños son suyos?

        — No, de la señora.

        Poliziak eztul egin zuen, ukabila aho parean jarrita.

        — Está bien, sigan.

        Eta eskuarekin keinu egin zuen, alde egin zezaten presatuz, kaserna parean nahita enbarazu egiteko geratu izan balira bezala.

        Autotik atera eta Irungo kaleekin mira eginda geratzen zen Xabi, hango tailer mekanikoekin batik bat, xelebrea zelako mono urdinez jantzitako langileak kalean lanean ikustea. Bere sorterria ekartzen zion akordura irudi hark, bereziki etxe alboko txatarreria. Hendaian ez zegoen halakorik. Hendaiako kaleak garbiak ziren, ez zegoen koiperik, ez zegoen zaratarik. Irun bizitzeko tokia zen, baina baita lanerakoa ere. Gainera kromoak, kanikak, miniaturazko autoak eta tankerakoak erosteko denda mordoa zegoen Irunen. Eta Hendaian ez!

        — Señoras, bragas a cien, ¡última oportunidad!

        Erosten ez bazenuen ez zen entzuten ez zenuelako.

        Amaren eskutik etxeko txapinen eta galtzontzilloen prezioak negoziatzen ziharduen bitartean, Hendaiara inoiz ez itzultzeko gogoa sortu zitzaion Xabiri, Oreretara itzultzekoa, beren betiko bizitza berreskuratzekoa. Eta une hartan bertan oroitu zuen, nolabait, bera zela Hendaian egotearen erantzuleetako bat, berak (ez Nagorek ez Gotzonek) esan baitzuen baietz, herria uztea eta lagunak uztea eta ingurua uztea eta auzoa eta lagunak eta Boomer txikleak eta Agustinen argazki zaharrak uztea aukera ona izan zitekeela. Eta nolako damua zeukan!

        — Señoras, ¡que me las quitan de las manos!

        Taberna zulo batean txibiak jaten eseri zirenean, bi sentimenduok areagotu besterik ez zitzaizkion egin: joateko irrika eta erruduntasuna. Hantxe ikusten zuen bere arreba, hark ohi zuen bezala poliki jaten, eta azken hiru urteetan bere gelan bere liburuekin baina bere lagunik gabe emandako ordu guztiak oroitu zituen. Dena bere erruz!

        Etxera bueltan, berriz ere mugako ilaran zain zeudela, Xabik galdetu zuen:

        — Kasernatik kasernarako bidea zein herritakoa da, Espainiakoa edo Frantziakoa?

        — Espainiako aduana pasatzen dugunean, Frantzian gaude —erantzun zuen amak.

        — Baina lehen Frantziakoa pasatu dugunean Espainian geunden!

        — Egia da —esan zuen amak.

        Nagorek esan zuen:

        — Orduan zein norabidetan zoazen, Frantzia izan liteke, edo Espainia.

        — Agian eremu neutroa da, ez Frantzia eta ez Espainia —esan zuen Isabellek.

        — Ba, Euskadi! —bota zuen amak.

        Xabik pentsatu zuen kasernatik kasernara zihoan asfalto eremu txikia zela Euskadi, porlan zati txiki hori besterik ez.

        Baina horren ordez, esan zuen:

        — Eta orduan zergatik ez gara hona bizitzera etortzen?

        Baina inork ez zion erantzun.