Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

11

 

Txomin mahai buruan zegoen, besaurreak mahai gainean, tente. Ainara ikusi eta eskuarekin aulkian jota deitu zuen bere aldera, eta musuka agurtu zuen, musuak aurpegian, musuak buruan, eta maitasun hitzak. Zein merezimendu egin ote zuen neskak halako mainak jasotzeko?

        Sardexka patata-tortillaren mamian barneratu orduko, alabarekin lehiatzea beretzat huskeria izango zela iritzita, Txominen aurrean zerbait esateko gogoa piztu zitzaion Xabiri. Hitz potoloak, txantxak eta balentriak ziren helduen arreta bereganatzeko Xabiren errepertorio bakarra, baina bazekien gurasoak atezuan izango zituela, eta kontuz ibili beharra zegoen, ez ote zen kontua errietaren batekin amaituko.

        Aita izan zen kalakan hasi zena. «Keske bu bule, mamuasel?»; frantses ikasle hasi-berriaren ikuskizuna. Zaila zen aita gogoz zegoenean hura gainditzea. Baina denek nahi zuten denen berri izan, eta Xabik laster izango zuen Txomin galdezka, zer moduz hau eta zer moduz bestea. Eta orduan Xabik, bere nortasun zaharra ahaztu eta berria eraikitzeari ekingo zion. Nola ez zitzaion ba futbola gustatuko? Ehunka gol sartutakoa zen ikastolan!

        Gizon baten mirespenak ongi balio ditu gezur bat edo bi.

        Eta hantxe ari zen bere iragana lurpean sartzen, tortilla gehiago inork nahi ote zuen galdera entzun zuenean. Eskua altxatu zuen, baita mahaian zeuden ume guztiek ere. Aitak protesta egin zuen arren, Maitek bost zatitan banatu zuen geratzen zena. Xabik sekulako ahalegina egin behar izan zuen begira sentitzen zituen aitaren begiei jaramon ez egiteko, baina bazekien begirada hark zer esan nahi zuen, eta ez zuen begiratu nahi. Nahiago zuen tortilla jan.

        — Tortilla honek —esan zuen Txominek— munduko txoko guztiak ezagutu ditu.

        — Ez hasi horrekin, mesedez —Maitek gogaituarena egin zuen.

        Baina kanpotarrak begira zituen Txominek, eta bazekien azalpena osatu behar zuela.

        — Nire lehengusuak, Tourmaleten gora bosgarren iritsi zen egunean, halakoxea jan zuen, Maitek egina. Ez naiz txantxetan ari. Glukosa eta halako zikinkeriak ematen zizkioten, baina hark nahiago zuen tortilla, eta karreretara joaten ginenean, beti hartzen zuen zati bat.

        Harro zegoen lehengusuaz, elkarrekin hazitakoak omen ziren, denak baserri berean, Astigarragan.

        — Esne-banaketan ibiltzen zen baserritik kalera bizikletaz. Halaxe zaildu zen, lanean. Gaztetan bere taldearekin lehen entrenamendua egitera bizikleta zaharrarekin eta esnea banatzeko orgarekin agertu zen, hura atzean lotuta. Denak iseka egiten hasi zitzaizkion, baina lehen malda ailegatu orduko bukatu zitzaizkien kaikukeriak, lehengusuak gurdi eta guzti denak atzean utzi zituenean. Hura zen astapotroa! Gora ailegatu zirenean lehengusua organ eserita aurkitu zuten, sagar bat jaten. Ordutik aurrera denek errespetua izan zioten, eta Lechero esango zioten. Gero profesionalekin hasi zen eta onenen artean ibili zen, zuen aitak badaki.

        — Ez al zen Fagor taldean ibili?

        — Ocañarekin!

        — Egia duk, bai. Eroritako Tour hartan laguntzen ibili zuan, akordatzen nauk.

        — Ocaña hura faxista zuan, baina kristoren korredorea!

        Zutitu eta armairuko tiraderatik argazki bat hartu zuen Txominek:

        — Hemen zagok!

        Argazki zuri-beltzean Ocaña ageri zen, zangoak odoletan, burumakur, bizikleta gainean bere buruari eutsi ezinik, eta haren aldamenean Fagor taldeko karreristak, eskuaz eroritakoaren eserlekuari heldu eta bultzaka. Eta haien artean Lechero famatua!

        Ocaña maldan gora laguntzen ibilitako karreristaren lehengusua ezagutu izanak harrotasunez bete zuen Xabi.

        Maitek hartu zuen txanda, jasotzen hasitako mahaiko platerak eskuetan:

        — Zure lehengusu hori, jatorra balitz, zutaz akordatuko litzateke.

        Txominek ez zuen erantzun; horren ordez begiak igurtzi zituen. Maiderrek azaldu zuen isiltasunaren zergatia:

        — Beti berdin amaitzen dute lehengusuaz hitz egiten dutenean, ez delako sekula bisitan etortzen.

        — Gure osaba ere ez da sekula etortzen —sakatu zuen Nagorek.

        — Nahikoa da, Nagore —serio jarri zen aita derrepente.

        — Hi ez al hintzen futbolean ondo moldatzen? —gaia aldatu zuen Txominek, aitari begira.

        — Futbolean moldatu izan banintz, aberatsa izango nindukek orain. Eta ziur aski ez gintuzkek tortilla mundial hau afaltzen hemen egongo.

        Eta denak barrez lehertu ziren, salbu eta Xabi, zeina jada gauean nola moldatuko ote ziren kezkatzen hasia baitzen. Xabi sesele pipi en la cam. Neska ederra zen Maider, hura konkistatzeko modu petrala izango zen pixoihalarekin agertzea. Nahiko ziokeen amari galdetu, gauza haiei buruz dena baitzekien amak, baina gaia ateratzea piztia esnatzearen antzekoa iruditu zitzaion. Sinetsita zegoen gaia ateratzen ez bazuen inoiz oheratu gabe geratuko zirela Txominen eta aitaren kirol istorioak entzuten. Ez al zen ba bizitza ederra ohera joan behar izan gabe?

        Mahaia jasotzeko tenorea, ordea, ohera joateko tenorea zen. «Ohera!» entzun zuen, baina segituan hitza bere buruaren zokoren batera bota zuen harrika, eta Txomini begira segitu zuen. Eskerrak, amak hatzarekin ganbara isolatua erakutsi zien; ezagutu berri zituen neska kuxkuxeroen begiradatik salbu egingo zuen lo!

        Eskailera behera ekartzeko sabaitik zintzilik zegoen sokari tiraka ari zitzaion Maite, eta esan zuen:

        — Egin ezazue txiza orain, gero ilunpean jaistea zaila izango da-eta.

        Xabik sentitu zuen bizkarrean hegalak hazten zitzaizkiola, eta salto batean igo zen ganbarara, intimitate oparitu berria ospatzeko irrikatan.

        Gotzon arduratu zen anaiaren hegalak mozteaz, burua tranpoletik agertu orduko:

        — Hi, Xabi, jarri ezak hor zerbait. Ez iezadak zera gainean egin, entenditzen duk?

        Entenditu zuen, bai, anaiak bera ez laidotzeko hor eta zera hitzak erabili arren.