Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

1

 

Goizeko lehen eguzki printzekin esnatu zen Xabi. Aitak behatz lodia estutuz esnatzen zuenekoa gogoratu zitzaion, eta bizitzan lehen aldiz faltan bota zuen aitaren ohitura zakar hura.

        Ama, Gotzon, Nagore eta laurak trena hartzera abiatu ziren Martin Etxeberria kaletik gora. Xabik nahiago zukeen autoz joan, baina ez zuten autorik, eta gainera amak ez zekien gidatzen. Alde guztietara begira zihoan Xabi: elizako kanpaiei, Gaztaño auzotik jaisten zen jendeari, azokara zihoazen atsoei, azokako sarreraren ondoko mahaitxoan galtzerdiak eta galtzontzilloak eta baratxuri txirikordak saltzen zituzten ijitoei. Vespa motor batean zetorren gizonari erreparatu zion gero: motorretik jaitsi eta egurrezko kutxak hartu zituen, giharrak tenk eta atzamarrak gorri, azoka barruan desagertu aurretik. Gizonaren Vespa eta giharrak ez ezik haren hanka makotuak desiratu zituen Xabik, futbolari hankak, ez baitzituen barrurantz okertutako bere belaunak maite.

        Pozarren zegoen. Trenak aieru onak ekartzen zizkion, trolebusak bezala. Eguneroko bere bizitza txikia baztertzera zihoan, mundu zabala besarkatzeko, ibilbidearen jomugan zernahi zegoela ere.

        Topoa, horixe zen beste mundu batzuetarako ataka: Donostia egon zitekeen, etorbide dotore eta zinemekin, hondartzarekin eta hondartza osteko izozkiekin; edo Pasaia, eta hango garabiak eta kaia, ur uherretan ortzadarraren kolorearekin zabaltzen zen gasolio usaina, ontzi handi herdoilduak, taberna ketsuetako galegoen solasak, izebaren etxe argitsua, Milaren denda zaharra... hantxe erosi baitzituen Xabik Fournier etxeko rallye autoen kartak, trenean eseri orduko poltsikotik atera zituenak.

        — Jokatuko al dinagu partida bat? —esan zion Nagoreri.

        — Buruz dakizkik denak —erantzun zuen arrebak, gainean eraman ohi zuen kuxinaren kremailera laztanduz, Xabirekin jokatu zuen aldi bakanetan jasotako jipoiak akorduan.

        Joko sinplea zen ordea. Karta bakoitzean auto bat ageri zen, bere ezaugarri teknikoekin: motorraren tamaina, minutuko erreboluzioak, abiadura, potentzia, zilindroak, pisua, dena zenbakiz adierazita. Kartak biren artean banatu eta elkarri kartak irabaztea zen erronka, gainean suertatzen zen kartaren zifra egokiena erabiliz. Bazeuden auto onak (Mercedes 500SLC edo Porsche 911 Carrera) eta bazeuden auto ahul eta motelak (Fiat 131 edo Honda Civic). Eta egia zen, den-denak buruz zekizkien Xabik.

        Areriorik gabe, kartak aztertuz eta autoak miretsiz gozatzen zuen, aldika paisaiari begira: eguzki izpiak zuhaitzen hostotzak urreztatzen, belar-metak soroetan logale, burdinbideetako harriak atzerantz desagertzen. Trena tunelean sartu zen eta Xabik, eskuak belarrira eramanda, bere isla ikusi zuen berinetan. Gustukoa zuen bidaiariak berinen bidez espiatzea.

        Ama bere alkandora usnatzen ari zen, bi poltsa handiak hankartean: aitarentzat arropak eta janariak. Baina zergatik janariak? Ez al zegoen jatekorik aita zegoen tokian? Gotzoni galdetu nahiko ziokeen, baina anaia zutik zihoan, burdinazko barran jira eta bira. Eta harengana joan ez joan erabakitzen ziharduen Xabik, kontrolatzailea, txapel urdinez jantzitako gizon bizarduna, bagoian sartu zenean. Gotzoni zeharka begiratu eta txartelak zulatzeari ekin zion: «Txartelak?, oso ongi, eskerrik asko; txartelak?, oso ongi».

        Santiagoko zubira iritsi zirenean bidaiariak altxatzen hasi ziren. Muga zen.

        — Galdetuz gero, ez ahaztu, tia Doloresenera goaz —esan zuen amak—, a San Juan de Luz.

        — Tia Dolores, tia Dolores, tia Dolores —errepikatu zuen Xabik—. A San Juan de Luz, a San Juan de Luz, a San Juan de Luz.

        — Xabi, hago isilik —agindu zion Gotzonek.

        Bidaiariak trenetik jaitsi bezain laster marroiz jantzitako polizia bat igo zen barruak ikuskatzera. Kaskorik eta eskopetarik gabe zihoala ohartu zen Xabi, baina pistola eta makila zeramatzala gerri-bueltan. Ama Mari Karmenek eskutik tira zion semeari, eta eskailerak jaitsita eraikin luzean sartu ziren: lauza gorri distiratsuzko korridore handia, alde batean leihatila, parean zurezko barra luzea, bi aldeetan poliziak (eskuak atzean) ilaran zetozen bidaiariak zelatatzen. Leku ilun eta beldurgarria iruditu zitzaion Xabiri, leihatilara gerturatu ahala beldurgarriagoa, bertara iritsitakoek koldartuta ziruditelako, agian, eta agerikoa zelako azalpenak ematen ari zirela, Xabik gurasoei bere errugabetasuna erakusteko erabili ohi zuen ontasun bortxatuaren doinuarekin.

        «¡Pasaporte!», aditzen zen aldiro.

        Zurezko barraren puntan zeuden polizietako batek, poltsa seinalatuz, keinu bat egin zion leihatilatik pasatutako gazteari; hark poltsa barra gainean utzi eta poliziak, urrats bat aurrera emanda, poltsa barrua arakatu zuen, jantziak eskuetan hartu eta barran utziz. Bukatutakoan urratsa atzera eman zuen poliziak eta gazteak bere puskak bildu zituen, korridorearen amaierako atetik presaka atera aurretik.

        «¡Pasaporte!».

        Tia Dolores, tia Dolores, tia Dolores. Ugartetarren txanda zen. A San Juan de Luz, a San Juan de Luz, a San Juan de Luz.

        — ¿A dónde van?

        — A San Juan de Luz.

        — A San Juan de Luz —ostera poliziak, baina galdetu gabe, baieztapena eginez.

        — Sí.

        — ¿De paseo?

        — Bueno, a casa de la cuñada.

        — De la cuñada — poliziak, temati—. ¿Los niños viajan con usted?

        Zeinen galdera ergela, pentsatu zuen Xabik, beste poliziek poltsak miatzen zituzten tokira begira. Eskua patrikan sartu eta atera zebilen ama, urduri zegoenean egiten zuen bezala, eta horrek are gehiago estutu zuen Xabi, ama ez baitzen arrazoi sendorik gabe urduritzen. Poliziaren jakiteko goseak ez zeukan mugarik, irudiz, galdetu eta galdetu jarraitzen baitzuen atzekoen itxaronaldia luzatzeko kezkarik gabe. Azkenean joaten utzi zien.

        Korridore amaierako poliziaren pistolari begiratu nahi izan zion Xabik, baina amak eskutik tiratu eta airean eraman zuen kasik. Bagoian sartu eta aulkian eserita, putz egin zuen amak. Xabiren begietan Bidasoa ibaia eguzkipean dirdaitzen. Trenaren burdinazko binbilikak zorionaren mailukadak ziren.

        Alboko eserlekuan adineko senar-emazteak. Gizonak txapel txikia zuen buruan, arrautzaren gainean txanpona iduri.

        — Ya estamos en Francia —esan zion andreari.