Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

41

 

Osabaren bisita ustekabekoa izan zuten ikasturtea amaitutakoan. Aitaren antza izanagatik, dotoreagoa eta tenteagoa zen, eta ez zuen buru soildua estaltzeko ile xerloa trabeska orrazten. Alde ederra. Renault 25 beltza zeukan, atea itxi gabe martxan jartzean telebistako Kit autoa bezala mintzo zena, gaztelaniaz, atea irekita zegoela abisua emanez. Ispilutik zintzilik danbor txiki bat zeraman, ikurrinaren koloreak osatzen zituzten xingolek apaindua. Eta auto barruko lurrin fresko hura, limoiarena zirudiena.

        — Baina nolatan mintza daiteke auto bat, osaba? —Xabik ezin zuen jakin-mina ezkutatu.

        — Konputagailua zaukak barruan —erantzun zion osabak, aginte-mahaiari esku zarta txikiak joz.

        Frantziako Tourra Iratiko basotik pasatzekoa zela-eta, artean eguna argitzeko zegoela azaldu zen osaba. Txirrindularien pasaera ikustera joateko gogoa Xabik baizik ez zuen agertu, Gotzonek eta Nagorek paso egingo zutela esan zuten. Ogitartekoak prestatzen laguntzeko jaiki zen ama. Osabak botila ardoa eta ogi labetik atera berriak mahai gainean utzi eta bi musu eman zizkion amari. Ikusteaz asko pozten zela esan zion birritan, gazte eta eder zegoela. Aitak ardoa eskuetan hartu eta etiketari erreparatu ondoren sukaldera abiatu zen patata tortillen martxa zaintzeko.

        — Faustino duk —esan zuen osabak.

        — Bazakiat irakurtzen —erantzun zion aitak sukaldetik.

        Aitaren atzetik sartu zen ama sukaldean.

        — Utzi —entzun zen—, neuk egingo dut.

        Sukaldeko markoaren atean eskua jarri zuen osabak:

        — Ez ezak enbarazurik egin, Joxemari.

        — Laguntzeko esaten zidak beti, eta laguntzen hasten naizenero, apartatu egiten naik!

        Aspaldi zen Xabik ez zuela aita horren aldarte oneko ikusten. Agian hari ere poza emango zion osabaren Renault 25 Automatic-ean bidaiatzeak.

        Enbragea sakatu gabe sartzen zituen osabak martxak, aldiro martxaren zenbakiaren alboan zenbaki bat pizten zela. Horregatik, eta txirrindulariak ikusi nahi zituelako, Xabik ez zuen zaputzik hartu bidaian bizpahiru ordu eman beharko zituztela jakitean. Bizitza emango zukeen espazio-ontzi aparteko haren barruan, autoaren oharrak entzuten eta argien dirdirari so egiten.

        Goizalban iritsi ziren Iratira. Poliziaren kontrol batek egin zien harrera. Aita eserlekuan uzkurtu zela ikusi zuen Xabik. Osabak leihoa ireki zuenean, mendatea itxita zegoela esan zien poliziak, autoa behean utzita oinez joan beharko zutela gorantz, gora joan nahi bazuten. Jendarme jaunaren sonbreiruaren apaingarri urre kolorekoak gertutik ikusi zituen Xabik. Harrigarriagoa iruditu zitzaion, ordea, puntetan biribiltzen zen poliziaren bibote zirku itxurakoa.

        Mahai eta aulki tolesgarriak eta poltsak hartuta abiatu ziren maldan gora, eguzkia zuhaitzen artetik sartu eta errepidea argiz betetzen zuela. Belar busti usaina zegoen, autoak bide bazterrean lo, banderak eta animo hitzez betetako pankartak gainean paratuta zeuzkatela: «Allez Hinault».

        Zabalgune batean geratu ziren, maldaren puntu hartara txirrindulariak nekatuta eta, beraz, motel eta sakabanatuta ailegatuko zirela iritzita. Xabik barraskiloen pare imajinatu zituen karreristak, malda piko hartan barruak husten. Zaintzaren luzea arintzeko kartak atera zituzten, txintxonean aritzeko. Tarteka aitak eta osabak lasterketari buruzko pronostikoak egiten zituzten, eta biak zeuden Cabestany izeneko batekin ilusionatuta, hura ordurako etapa bat irabazitakoa izaki, Evreux izeneko herrixka batean. Lantzean behin eskua burura eramaten zuen Xabik, Fagorreko txanoa ba ote zeraman egiaztatzearren. Ez zuen karrera aurretik pasatzerik nahi bera txanorik gabe zegoela.

        Bazkaldu zituzten tortilla ogitartekoak, eta zati bat ziklistentzat gordetzeko eskatu zion aitak Xabiri, txantxetakoa zirudien doinuan. Osabak barre egin zuen. Baina Xabik zati bat bildu zuen, baten batek eskutik hartu eta jateko baliatuko zuelakoan.

        Lehen ziklista ikusi zuten, elastikoan Panasonic-Shell idatzita, atzetik motor bat zekarrela. Bizikleta urdinean maldan behera zihoala zirudien, zeraman abiadarekin, nahiz eta sudurretik behera izerdi tantak isurtzen zituen. Oinekin intxaurrak apurtzen balioa bezala, indarrez sakatzen zituen pedalak mutil ile horiak, eta menda usaineko arrastoa utzi zuen urrundu zenean.

        Haren atzetik beste bizpahiru etorri ziren, are abiada biziagoan, eta osabak oihu egin zuen:

        — Hor dator Lucho Herrera, begira egiozue! —beltzaran txiki hura aspaldiko laguna balu bezala.

        Café de Colombia irakurri zuen Xabik karreristaren elastikoan. Lucho izena omen zeukana zutik jarri zen orduan bere hanka lur kolorekoen gainean, eta ugartetarrei so egin zien zeharka. Airean zihoan aurrekoaren bila.

        Handik puska batera etorri zen tropela. Ezinezkoa zirudien burdinazko engranajeen zarata egiten zuen karrerista saldo haren erdian inor bereiztea, baina aitak eta osabak tarteka izenak oihukatzen zituen: Hortxe doa Hinault! Hantxe Gorospe! Begira Perico Delgado! Kolore biziko masa bat baizik ez zuen ikusten Xabik.

        Tropela igaro orduko ohartu zen Xabi, zilar paperean bildutako tortilla eskuetan zeukala. Eta harekin zer egingo ote zuen hausnarrean ari zela ikusi zuen oraindik bazetozela beste karrerista batzuk, moteltxoago. Sisteme U idatzita zeraman sudur handiko ziklista bati eskaini zion, hark erregua zirudien soa egin ziola konbentzituta. Karreristak tortilla zatia hartu zuen, baina handik metro gutxira, bide bazterrera bota zuen berriz.

        Etxerako bueltan gertatu zen aitaren eta osabaren artekoa. «Bordeaux 121» zioen panela ikusi zuen Xabik, eta aurrean osaba entzun zuen «gutunaren kontua» aipatzen.

        — Gutun bat bidali zidatek.

        — Banengoen ba ni —esan zuen aitak.

        — Zer esan nahi duk?

        — Halako batean agertu haiz, hiru urte hire berririk izan gabe. Eta ez haiz alferrik agertu. Hik ez duk inoiz ezer alferrik egiten.

        — Niretzat ez duk samurra izan.

        — Niretzat ere ez.

        — Ez nauk horregatik bakarrik agertu, ongi dakik.

        — Ez diat hitz erdirik sinesten. Nahi nikek, baina ezin diat.

        — Nik ezin nian hiregatik deus egin. Hik egin dezakek ordea.

        — Oker habil. Ezin diat.

        — Nolatan ezin duk?

        — Ez diat nahi. Ez diat gezurrik esango.

        — Hire anaia nauk, Joxemari.

        — Hik zer uste duk, erakundeak bulego bat daukala, harrera gelarekin, idazkariarekin eta halakoekin, halako eskariei kasu egiteko? Zer mundutan bizi haiz? Hi, zera bidali baditek, ordain ezak eta akabo arazoa.

        — Ezagutuko duk haiengana iristeko modua...

        — Hi, mekaguendios, ez daukak arazorik hilero-hilero etsaiari hire zergak ordaintzeko, eta halako eragozpenak dauzkak hire herriaren alde berdin egiteko? Eta hi abertzalea haiz?

        — Ni ez nagok zuen alde. Ez nauk sekula egongo.

        — Inork ez dik halakorik eskatu. Espainiako Armadaren alde al hago? Ez. Baina ordaintzen diek. Eta ez ezertarako, ojo! Euskaldunen ehizan ibil daitezen ordaintzen diek.

        — Baina ez diat irtenbiderik! Nik enpresa bat zaukaat, langileak, nominak... Legearen aurrean makurtu behar diat!

        — Ba aplika ezak printzipio hori kasu honetan ere.

        — Ni ez nauk zuen armak erosteko lanean ari, entenditzen didak?

        — Lanean? Hik inoiz lanik egin al duk ba? Zer duk hiretzat lan egitea? Makina bat lan ezagutzen diat, eta langile asko ere bai. Eta sinets egidak, hi ez haiz langile bat. Horrexegatik daukak auto... kalakari hau.

        Osaba isilik geratu zen une batez, burua aldeetara astintzen.

        — Ezin diat sinetsi. Enpresa bat jaso besterik ez diat egin, eta orain mehatxuka zatozte nigana. Eta gainera hau agoantatu behar diat.

        — Heuk jaso duk enpresa? Esan iezadak, Joxemigel, noiz ukitu duk hik adreilu bat hire bizitza santuan? Enpresa jaso egin behar duk, jakina. Eta bertan lan egin behar dik norbaitek. Eta horiek dituk langileak. Eta horien alde ari gaituk gu. Hire aberastasunaren zati bat eskatu diagu... Beno, eman ezak eta bakea. Ez haiz kale gorrian geratuko.

        — Hire lagunak dituk, Joxemari...

        — Lagun asko ditiat, eta lagunak ez direnak era bai makina bat. Baina ez nauk inorengana kontu eske joango, hortaz segur egon. Sentitzen diat, baina ez nauk joango.

        — Ez daukak lotsarik.

        — Ez hadi pasatu —boza goratu zuen aitak—. Nik lotsa handia zaukaat. Handia gainera. Berrogei urtean ez gintuan kapaz izan diktadore putaseme hura botatzeko. Asko lotsatzen nauk horregatik. Ezin diat esan nire herriaz eta nire aberriaz harro nagoenik. Orain behintzat zerbait egiten ari gaituk. Agian oker gabiltzak, deakuerdo. Baina zerbait egiten ari gaituk behintzat. Eta jende askok galdu dik bizitza dagoeneko. Askok!

        — Hiltzean espainiarren pare jartzen ari zarete. Ez zarete konturatzen, baina hala duk. Lehenago behintzat argi zegoen nor zen hiltzailea eta nor zen hildakoa. Orain ez. Orain denak zarete hiltzaileak.

        Hatza osabarengana zuzendu zuen aitak.

        — Eta hi? Hi zer haiz? Hi haiz auto beltz batean ikusle bizi den jaun dotorea, gutuna jaso orduko anaiarengana laguntza eske datorrena. Orain arte futbolean bezala aritu haiz, partiduari kanpotik begira. Baina orain barruan hago, eta horretaz jabetu beharko duk. Eta gerra ez duk kontu polita.

        — Ez al haiz hire diskurtso horrekin aspertzen? Benetan, ez diat sekula horrenbeste lerdokeria entzun.

        — Begira. Hi alemaniarra bahintz eta Alemanian gerra piztuko balitz, hik frontean egon behar huke, bala eta bonba ekaitz handi baten azpian. Eta berdin beste edozein herrialdetakoa bahintz ere. Gerra pizten duk eta gizonak frontera joaten dituk. Baina gu ez gaituk herri serio bat, gu autonomia bat gaituk, eta horregatik ez hago frontean. Bizitza erosoa daukak, patxadaz bizi haiz, pilota partidak ikusten dituk eta apustutan aritzen haiz. Nik ez diat hire bizitza inoiz kritikatu. Hire aukera duk. Baina gerrak hire atea jo dik, eta nik ezin diat ezer egin hori aldatzeko. Fronteko esperientziaren aldean, oso zorionekoa haiz. Pentsa ezak hori.

        — Ni gerren aurkakoa izan nauk beti. Ez diat uste gerrarekin ezer konpon litekeenik. Eta bik ez ditek gerrarik egiten, biek nahi ez badute. Gu herri eredugarria izan gaituk horretan. Imajina ezak munduko herrialde guztiak geurea bezalakoak balira! Horixe duk nire munduaren eta bizitzaren ideia. Gaixotu egiten nauk armak erosteko inori ezer ordaindu beharko diodala pentsatze hutsarekin.

        Aitak zigarro bat piztu zuen eta, zerbait esatera zihoala zirudienean, isilik geratu zen. «Bayonne 17» jartzen zuen panelean. Handik aurrera ez zuten beste hitzik egin.