Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

30

 

Txominen heriotzak giroa gaiztotu zuen Iparraldean, bereziki Hendaian, eta, zehazkiago, ugartetarren etxean. Zaila zen galera hura onartzea. Are zailagoa etor zitekeena asmatzea. Horregatik pasatzen zituen aitak arratsaldeak gortina baztertuta leihotik kanpora zelatan, etxetik irteteko adorerik gabe.

        Haurrek beren bizitzarekin segitzen zuten, ahal zuten neurrian behintzat. Zailena Gotzonentzat zen, tematuta zegoelako punkia izaten, eta, mugimendua geroz eta ezagunagoa zenez (eta geroz eta ospe txarragoa zeukanez), etxean ezin baitzuten semearen erabaki hura eraman.

        «Kalean eskean eta mozkorkerian» ibiltzen zirela konbentzituta zegoen aita, printzipiorik gabeko jende gaizkilea zela, drogazalea eta auskalo zer gehiago. Gotzonen estrategia dena ukatzea zen, ezikusiarena egitea, baina larruzko jakan zintzilik zeramatzan kateorratzek eta militarren botek ez zioten oharkabean pasatzen laguntzen.

        — Jar itzak ileak ganoraz —esango zion aitak.

        Ilea orrazteko imintzio herabea egingo zuen Gotzonek.

        — Horrela ez haiz etxetik irtengo, hago segur.

        Goizeroko matrakak ziren.

        — Zer dut ba ilean?

        — Sasiak, horixe daukak.

        Eta orduan eskuak urez bustita joango zitzaion ama anaiari eta behartuta orraztuko zizkion buruko sastraka haiek, anaiaren kopetan behera ur tantak isuriz. Gero, autobusean, kristalaren aurrean narrastuko zituen berriz, punkien narraskeria neurtua berreskuratzearren.

        Derrepente Gotzonek bereganatu zuen etxeko arreta osoa. Sartzean, irtetean, delituaren bila ibiltzen zitzaizkion ehiza zakurrak. Jaso galtzak, jarri gerrikoa, kendu jertse zahar hori... Dena zen ezegokia bere janzkeran.

        — Zergatik hoa horrela jantzita? Arlotea ematen duk.

        — Nola jantzita?

        — Galtza estuak, bota zahar horiek, ileak orraztu gabe...

        — Neure erara janzten naiz.

        — Hire erara? Ez diat uste hire era denik. Hire era propioa, esan nahi diat. Jantzi horiek dituk hire lagunen pare ibiltzeko modua, hippy horien pare, eta hik badakik.

        — Ni ez naiz hippya —esan zuen Gotzonek segurtasun harrigarri batez.

        — A ez? Zer haiz?

        — Aita, hala janztea gustatzen zait —azaldu zion Gotzonek bi atzamarrez elastikoari helduta—, eta hala janzten naiz. Kito.

        — Ba gaizki janzten haiz.

        — Beno, nire manera da.

        — Hire manera, edo beste horiena?

        — Norena?

        — Hippy horiena...

        — Ni ez naiz hippya, eta ez naiz hippya sekula izango.

        Eztabaida antzu amaigabeak. Ez ziren nekatuko. Baina Gotzonek, miresgarriki, ez zuen amore emango. Borrokarako prest zegoen.

        Izebaren galtza bakeroak lixibaz busti zituenean, orduan gudarosteak matxinatu egin ziren gupidarik gabe, sua piztu zen etxean.

        Bainuontziko uretan sartu zituen galtzak. Lixibaren etiketari so egin zion arretaz, lixiba ote zen egiaztatzearren, eta likidoa isuri zuen galtzen luze osoan. Gutxika hasi ziren orban zuriak agertzen.

        — Larrutu egingo hau zaharrak —iragarri zion Xabik.

        Baina dena ongi pentsatuta zeukan Gotzonek. Galtzak motxilan eramango zituen, autobusean azken ilaran eseri eta aldatzeko. Lagunek algarak egingo zituzten emaitzari begira, inbidiazko barreak, garai haietan joera baitzen berrikuntzak ekartzea, arauak hausteko manera bereziak asmatzea. Eta Gotzonek bazuen horretarako gaia, lagunen agurtzeko moduan ikusten zuen Xabik, denek nahi zuten bere aldamenean.

        Baina iritsi zen Gotzonek autobusean lo hartu zueneko eguna.

        — Non da Gotzon? —galdetu zuen aitak.

        Denek autobusera so egin zuten. Gidaria ikusi zuten korridoretik atzerantz, eta Gotzonen ezustekoa hark esnatu zuenean.

        — Zer du horrek galtzetan? —galdetu zuen aitak, Gotzon autobusetik jaisten ari zela.

        Inork ez zion erantzun.

        Etxera bidean, balak ziruditen aitaren begiek Gotzonen aurpegi izutuan. Sudurpean biloak belzten hasi zitzaizkiola ikusi zuen Xabik, gizontasunera ailegatzen hasia zela alegia, baina gizon ziztrin bat baizik ez zuen ematen aitaren errietaren aurrean. Ezin zion, ordea, ezer leporatu. Aita garaiezina zen, nahikoa egiten zuen anaiak hura ahal zuen moduan desafiatzen. Ez zen gutxi. Aitak «bihurrikeria» eta «traizio» hitzak ezberdindu behar zirela zioen. Haurrek bihurrikeriak egiten zituztela, bai, hori «hala zela eta hala onartu beharra» zegoela, baina beste hau ez zela bihurrikeria, «traizioa» baizik, zeukaten ondasun apurra hondatzea zelako. Eta hori «onartezina» zela.

        — Pronto habil, etxean daukagun apurra komun zulotik bota dezakeala uste baduk. Printzipio kontua duk. Printzipioak ez badituk, ez haiz ezer!

        «Ez haiz ezer!» oihuka esan zuen, ezer ez izatea, kondena baino, Gotzonen hautua izan balitz bezala, Gotzonek «ezer ez izateko» ahalegin gaiztoa egin izan balu bezala.

        Xabik «noble» hitza oroitu zuen, aitak errugbiarekin behinola lotutako printzipio ezin urratuzko hura, eta izu sentitu zen oso, berehala etorri zitzaizkiolako bere azken errugbi partidako gertakariak, aitak zorionez ezagutzen ez zituenak.

        Guraso guztiak zelaiaren bueltan zeuden, gurasoek izan ohi duten ilusio mugatu horrekin, beren haurrak ikusteko irrikatan, eta beren haurrak besteak baino hobeak direla egiaztatzeko xede hutsarekin, zelaira zuriz jantzita irten zirenean (Hendaiako errugbi taldearen kolorea zuria baita). Xabik lerroaren erdialdean jokatzen zuen, zentroaren eta hegalaren artean, talentu edo prestakuntza berezirik eskatzen ez zuen postu batean, han non ezer ez egitea ez baitzen deigarria. Partida osoa eman zezakeen batetik bestera baloiaz ahaztuta, partiduan zegoelako itxurak egiten. Baina egon gabe. Errugbilariak erraldoi eta basatiak ziren harentzat. Beren burua arerioaren oinetara botatzen zuten hura plakatzearren. Ameskeria zen hori Xabirentzat. Ez zen inoren oinetara, noiz eta hurkoa arineketan zihoanean, sekula botako.

        Beste taldekoak ikusi orduko berriz aldageletara itzultzeko irrika sortu zaio Xabiri, hendaiarrak baino are handiagoak eta zitalagoak baitira. Ez dira haurrak, errugbian aritzeko espresuki sortutako enborrak baizik, pikorrez betetako haur handikote bibotedunak.

        Partida hasteaz batera konturatu da lehia trabatua izango dela, ia dena jokatuko dela aurrelarien artean. Lasaitua hartu du, kasik partida ikusteko eseri eta guzti egin liteke. Han, beste muturrean, oihuak eta aieneak entzuten dira, buruak buruen kontra jotzean egiten duten zarata kamutsa. Tarteka lerroranzko joera dauka jokaldiak, baina bat-batean eten egiten da, Jainkoari eskerrak. Polita da lerroaren erdialde ertain honetan egotea. Behingoagatik, abantaila da erdipurdiko izatea.

        Amari begiratzen dio noizean behin, zeina Isabellerekin baitago, behinola izeba Mirurenetik Hendaiara autoz eraman zituen emakumearekin. Eta haiek irri egiten diote, harrotasunez. Orduan lasterraldi txikiak egiten ditu Xabik, lasterraldiak egitea egokia eta ezinbestekoa balitz bezala. Baina halako batean iritsi da jokaldia harengana, eta ez taldekideen eskuetatik, arerioen eskuetatik baizik. Meletik baloia atera eta ziztuan lerrotik atzeratu dute, jokalariek zelaiari metroak jaten dizkioten bitartean. Ohartu orduko, hementxe dauka mutil kankailu bat aurrean, justu bera dagoen tokitik lerroa hausteko asmoarekin. Xabik eskuak zabaldu ditu, besarkatzeko keinua eginez. Mutilak aise egin dio izkin, handia bezain arina baita. Trenaren atzetik balihoa bezala hasi da Xabi, atzetik korrika. Eskua luzatu du elastikotik heltzearren, baina bere hatz mamiek oinekin eta takoekin talka egiten dute.«Plaque-le!, Plaque-le!», garrasika entzun du Serge, eztarria urratu beharrean. Plakatzeko alegia. Jauzi egiteko oinetara. Kankailuaren oinak, ordea, garia xehatzeko makinak dira. Xabik berehala ulertu du ezingo duela gelditu.

        Eta orduan ideia bat izan du. Ez da legezkoa, badaki, baina behintzat lasterraldi zoro hura geratuko du, entsegua ekiditeko.

        Har dezakeen erabaki zentzudunena da, dudarik gabe, erabaki guztiak nahiko txarrak direla kontuan hartuta. Beste aukera joaten uztea da. Kankailuak loria irabaziko du, zoriontsu izango da egun batez. Baina hain justu zorion puska hori da Xabik beretzat nahi duena. Izan ere, zorion zati berbera da biontzat. Zatitu ahal izan balute, utziko lioke joaten, baina zorion zati horrek jabe bakarra izan behar du, eta sari preziatuegia da inork doan eman dezan.

        Eta beraz, Xabik ostikoz zangotrabatu du mutila. Eta airean hegan atera da hura. Eta airean dagoela atzera begiratu du. Eta Xabik kankailuaren harridurari erreparatzeko denbora izan du.

        Enbor handi hura lurrera erori denean, Xabik dardara txiki bat sentitu du oinetan. Lurraren kontra amildutako mutila, enborra edo noblezia ote den zalantzatan geratu da Xabi, ze gerta zitekeen hura izatea noblezia, inoiz lortu ahal izango ez zuena, lokatzetan marmar batean datzana.

        Bere buruagatik errukitu egin zen Xabi, epaileak kanpora bidali zuenean. Baina pozik sentitu zen aita han ez zegoelako, eta bazekielako amak ez zuela inoiz ezer esango.

        Ez zen errugbira inoiz itzuli.

        Baina orain, aitaren ahotan «traizio» hitza entzuten ari zen bitartean, partida hura etorri zitzaion gogora, eta segundo batez imajinatu zuen zer zen une horretan Gotzonen burutik pasatuko zena. Aitaren printzipioen amaraun beti zailegia.

        Traiziorik makurrena, hala ere, handik aste gutxira iritsi zen. Eta guztiaren erruduna «Ni dios, ni patria, ni rey» zioen elastikoa izan zen, Gotzonek batek daki nondik ateratakoa, zatar samarra eta zuloz betea. Gotzonek etxera ekarri zuenean inork ez zion arretarik jarri. Zer zen ba esaldi hura? Beste esaldi bat gehiago. Ateraldi barregarri bat, asko jota. Baina inor laidotzeko xaloegia. Aitarentzat izan ezik.

        — Zer daukak hor idatzita?

        — Elastikoan?

        — Bai.

        — Ni dios, ni patria, ni rey.

        — Ederra esaldia.

        — Beno.

        — Ez al duk ederra?

        — Bai.

        — Benetan esaldi biribila.

        Platerak eskuetan zituen Gotzonek, sukaldera eramateko asmotan.

        — Egon hadi —esan zuen aitak—. Ba al dakik zer den aberria?

        — Ba... nongoa zaren.

        — Eta? Hi ez haiz inongoa?

        — Neu? Beno, mundutarra naiz.

        — Mundutarra? Kristo maitea, mundutarra...

        — Bai.

        — Eta mundua aberria duk, edo zer?

        — Mundua? Mundua da... planeta.

        — Baina zer duk, auzoa, etxaldea, herria, estatua, nazioa...?

        — Ez dakit.

        — Ez dakik. Begira ezak, gauza bat esango diat. Aberria duk jendea. Hire etxekoak, hire bizilagunak, hire kuadrillakoak, baita hippy horiek ere. Inguruko jende guztia, hori duk aberria. Eta aberria ez duk paradisua, sinetsi egidak, ondotxo zakiat hori, baina are eta okerragoa duk baten batek zapaltzen bahau. Zeren norbaitek zapaltzen bahau, orduan hire inguruko jendea hasiko duk bizitza galtzen, erbestera ihes egiten, preso erortzen. Eta orduan hire aberria, berez txarra zen hura, oraindik eta kaskarragoa izango duk. Pentsa ezak. Infernua ere izan daitekek. Baina hire infernua duk. Hire jendea duk, eta, beraz, hire infernua. Ulertzen al didak?

        — Bai —esan zuen Gotzonek lurrera begira.

        — Eta, zer diok?

        — Ez dakit.

        — Ez dakik. Ados. Ba gauza bat egingo diagu. Hik kamiseta hori oraintxe bertan erantzi egingo duk. Eta jakindakoan, orduan azaldu egingo didak. Eta azaltzen badidak, orduan itzuli egingo diat.

        Masailak gorritu zitzaizkion Gotzoni. Aitaren doinuagatik, bazekien ez zela eskaintza bat, agindua zela, agindu serio horietakoa, bai ala bai bete beharrekoa. Platerak mahai gainera itzuli eta elastikoa kendu zuen. Harekin pilota bat egin eta aitaren aldamenean utzi zuen.

        — Zain egongo nauk —esan zion aitak.

        Gotzonekiko setioak sendotu egin zuen bi anaien arteko harremana. Normala zen, Xabik ahulekin elkartzeko joera baitzeukan. Eta beren bizitzan lehen aldiz, anaia nagusia ataka estu batetik pasatzen ikusten zuen. Baina han zegoen bera, super-heroi kaparekin anaia laguntzeko.

        Eta halatan, harremana are gehiago estutu da, Gotzonekin supermerkatura pilak erostera jaitsi den egunean.

        — Zigarro bat erretzera joan behar diagu aurrena —esan dio Gotzonek, Enperadorearen bulebarretik behera jaitsi ondoren.

        «Erretzera» entzun duenean, Xabik biengan pentsatu du, noski, zigarreta bana erreko dutela alegia. Sasi batzuetan ezkutaturik, Xabik era natural batean hartu du zigarroa eta era natural batean piztu du.

        — Zer arraio ari haiz? —galdetu dio Gotzonek.

        — Erretzen, hi bezala.

        — Et, et, et, utz dezagun gauza bat argi...

        — Orain hi aita bezala hasiko haiz, ala?

        — Xabi, hi asmatikoa haiz. Konturatzen al haiz horretaz? Ez nauk moralaz ari. Niri, ongi dakik, bost axola bakoitzak zer egiten duen. Baina hi nire anaia haiz, eta gaixotasun bat daukak... Hiretzat pozoia duk tabakoa!

        Xabi jabetzen da, bai, baina ez dago horren mozolo geratzeko prest.

        — Ez zidak kalterik egiten.

        — Nola puta ez dik ba kalterik egingo? Hire burua akabatu nahi duk, edo zer kristo?

        Eta orduan gauza harrigarri bat gertatu da. Gotzonek zigarroa kendu dio ezpainetatik, eta itzali egin du.

        — Gehiegi maite haut hiltzen uzteko.

        Ezin du entzundakoa sinetsi: maite duela esaten ari zaio anaia! Bere anaia punki madarikatua!