Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

8

 

— Ez izeba haserrarazi, entzun? —eskatu zien amak haurrei, autobusa ailegatu zenean.

        Musu bana eman eta gero, zira horiarekin aldendu zen elurretan barna, lanerako bidean. Nola joango ote zen Pasai Donibaneraino?

        — Oinez —argitu zuen Gotzonek.

        Dena elurtuta zegoen Trintxerpeko moilan ere. Hango ontziak, txatarra, benta eta guardia zibilen Land Roverrak. Haietako bi kanpoan zeuden, fusilak eskuetan eta kapak jantzita, eta haien inguruan portuko gantzak belztutako elur zapaldua, poliziak tokitik apenas mugitu gabe oinez ibili zirela salatzen. Hatsa botaz lausotu zuen leihoa Nagorek, bertan bere izena idazteko.

        Ategorrietan jaitsi ziren, itxura beldurgarriko eta platano zuhaitzez inguratutako apaiz eskolaren aldamenean, zeina, Xabiren irudiko, munduko munstro guztiak biltzen zituen eraikina baitzen. Eta Bidebietako etxe orratzak bistan, izebaren etxera joan ziren oinez. Musuka hartu nahi izan zituen.

        — Ekarri hona musu horiek!

        Berogailuaren bueltan jarri ziren, eta atzetik hurbildu zen izeba, balantzaka, musuak lapurtzearren.

        Norbaitek izebari esana zion, nonbait, aitak burdinbideetan lan egiten zuela, eta beraz harentzako txalekoa ehuntzen hasia zen, txaleko urdina, lepoan eta behealdean marra hori bana zeukana. Une hartan izebak umeen aurrean zabalduta zeukan, lausengu eske.

        Hamaiketakoaren ondoren, izebaren etxe aldameneko parkeko malda txikian zabor poltsen gainean irrist egitera jolasean ibili ziren. Ikustekoa zen Nagore, bufandarekin (hark bakarrik zeukan) eta artilezko txanoarekin estalita, betaurreko lausotuak baizik ageri ez zituela nola zetorren maldan behera irristan. Hormaren kontra joango zela zirudien, baina azken unean libratzen zuen, batek daki nola.

        Bazirudien ametsak betiko iraungo zuela.

        Baina bazkalostean, telebista aurrean jarri zirenean, egunaren luzeaz ohartu zen Xabi. Eta berriz hasi zen amaren joana sentitzen. Amarekiko mina etorri aurretik zekien Xabik etorriko zela, urrutitik ikusten zuen, baina ez zuen hari izkin egiteko modua aurkitzen. Etsi egiten zuen, zer erremedio. Handiegia zen olatua.

        Beharbada, zioen bere artean, etxe hau da. Bai baitzeukan etxe hark zerbait iluna. Apaletako portzelanazko figurei erreparatu zien. Zakur bat, neskatila bat otarra eskuetan, Jesus jaioberria, Ama Birjina. Eta haien ondoan, aspaldian etxetik kanpo bizi ziren lehengusuen argazki txuri-beltzak, trokelatutako marko zurien barruan irribarretsu. Eta osaba zena, kamioi baten aldamenean zutik, gabardinaz dotore jantzita.

        Oharkabean eta betiko joandako alaitasuna zerion etxeari.

        Baina ez zen hori. Edo ez zen hori bakarrik. Eta orduan zalantza batek harrapatzen zuen Xabi, eta zalantza hura argitzeko premia, nahiz eta bazekien Gotzonek zeharka begiratuko ziola, erdeinu keinuz.

        — Noiz etorriko da ama?

        — Gero —izebak.

        Egongelako horma zurez estalien artean preso eta errudun sentitzen zen, eta denbora murru handi baten pare ageri zitzaion. Eta korapilo madarikatu hura. Eskerrak Dallas telesaila amaitu zen. Kaleak baretuko zizkion bihotzeko minak.

        Zerua apurtzen ari zen Bidebietaren gainean, elurrak irentsiko zuen mundua. Zabor poltsa zabaldu zuen Gotzonek, eta salto batean desagertu zen maldan behera. Bistatik galdu zuen Xabik. Baina hantxe zegoen maldaren erdian geldi, elur bigunaren gainean ez aurrera ez atzera hankekin bidea irekitzearren bultza eginez.

        — Bidea egin behar da!

        — Banoa!

        Hanketatik helduta eramango zuen anaia zaharrena maldaren akaberaraino, eta lehen arrasto hura nahikoa izango zen bigarrengoan abiada ederrean jaisteko. Jolasean ari ziren, eta jolasean ari zirelako pentsatu zuten Nautilus tabernatik irtendako bi mutil meharrak ere jokoan ari zirela, elkarri biraoka eta bultzaka ari ziren arren. Nautilus jonkien etxea zela esaten zuen izebak, eta «arkakusoz beteta» zegoela. Egia izango zen, hango bezero guztiak baitziren izaki mehar matrailezur zorrotzekoak, gaixo itxurakoak. Eta hantxe zeuden taberna pareko porlanezko futbol zelaiaren ertz batean, itzal bi borrokan, elurra harrotzen. Elkar jotzen saiatzen ziren, baina zazpi kolpetik bat asmatzen zuten, gainerakoak haizeari ematen zizkioten. Hura ez zen filmetako borrokaldi gogor eta, batez ere, zehatz horietakoa, non ukabilek matrailezurrak kolpatzen baitzituzten beti. Ez horixe. Jela gaineko dantza kaskar modukoa zen. Irristari hordituak. Nahikoa lan zeukaten laprast egin gabe zutik mantentzen. Batek bestea jo nahi eta elkarri besarkatuta bukatzen zuten, ez erortzearren.

        Izebaren etxe orratzaren azpiko Polizia Munizipalaren egoitzatik agente bat irten zen.

        — E!, e!, e! —oihu egin zuen, eskua altxatuta.

        Baina haurrek baizik ez zioten begiratu.

        — Mutilak! —ekin zion berriz—. Nahikoa da, mutilak!

        Umeei begiratu zien poliziak zeharka, umeen aurrean horren autoritate gutxirekin agertu izanagatik lotsatuta akaso. Kaskotik txapela erantzi zuen, handik elurra kentzeko. Hasperen egin zuen

        — Ojo, jaitsi egingo naiz eta...!

        Baina ez zen jaisten. Eta mutilak ez ziren geratzen. Haietako bat lurrean zegoen. Eta handik bestearen zangoa hartu zuen. Eta orain bi-biak zeuden lurrean. Eta polizia mekaguendioska. Orduan bi mutiletako bat korrika hasi zen, kras-kras elurra zapalduz, ihesi. Lehen aldia zen Xabik Nautilusko bezero mitikoetako bat gertutik ikusten zuena, eta haren begiak, bereziki haren begiak ikustea egin zitzaion harrigarria, erakusten zuten izuarengatik. Hain omen ziren basak eta gaiztoak, ze pentsaezina zen beldurra senti zezaketenik. Baina hantxe zegoen mutila elurretan korrika, hain zuzen une hartan bi autoren artetik pasatzen, bietako baten kapota oreka ez galtzearren erabiliz. Kale izkina batean desagertu zen, CAMELLOS FUERA zioen pintada handi baten aurretik.

        Ikastolako bidea betiko itxita geratu izan balitz bezala, mendea eman zuten izeba Miruren etxean, hango barazki usaineko egongela geldo hartan telebistari so. Telefonoak jotzen zuen bakoitzean, lehia batean jaikitzen ziren haurrak, hurkoak baino lehen ama entzuteko irrikaz. Gauero deitzen zuen, lasai egoteko, ezin zuela lanean hutsik egin, laster atertuko zuela.

        — Noiz etorriko zara?

        Arzak jatetxe inguruetara joango ziren noiz edo noiz, hango autoen barru larruzkoak ikuskatzearren. Jatetxearen tximiniari kea zerion, eta handik edo agian beste zirrikituren batetik jaki goxoen lurrina ailegatzen zitzaien. Jendea abere larruekin estalita ibiltzen zen sartu-irtenean. Nortzuk ote ziren?

        Jatetxean autoak aparkatzen zituen gizon burusoila atzetik izaten zuten beti mehatxuka, eta haurrek lasterka ihes egiten zuten, eskuetako galtzerdi parea erakutsiz.

        Handik etxera. Bazkaldu, bazkalostean Dallas telesaila ikusi, eta berriz kalera, kaleak zer ekarriko.

        Izebak txalekoa amaitu zuen, aitak hura jantziko zuela sinetsita. Baina aitak ez zuen halakorik jantziko, ongi zekiten haurrek.

        Txakur txikirik gabe ibiltzen ziren beti anai-arrebak, baina inoiz izeba limurtuta sos batzuk lortuko zituzten kromo batzuk, goxokiak eta elurra irudikatzen zuen esprai bat erosteko. Espraiarena Gotzonen ideia izan zen, eta Pescaderia kaleko horma handi batera ailegatu arte gorde zuen misterioa. Zertarako behar zuen hauts zuri faltsu hura, kaleak benetako elurrez estalirik bazeuden? Hormaren aurrean zutitu eta letra larriz idatzi zuen: GORA EUSKADI!, eta harro itzuli zen besteengana. Hori al zen dena? Horretarako sakrifikatu al zituzten goxokiak?, txatxukeria hura idazteko?

        — Gauza serioa da aberria!

        Izebarenera itzuli zirenean, han zegoen ama.

        — Ondo pasatu duzue? —esan zien besarkatuta zeuzkan seme-alabei—. Tira, etxera joateko garaia da!

        Eta orduan gauza bitxia gertatu zitzaion Xabiri: jada ez zuela joan nahi.

        — Musurik eman gabe ez zarete hemendik irtengo —mehatxu egin zien izeba Miruk.

        Ez zen txantxetan ari. Eta orduan bai, amarekin etxera joateko gogo bizia piztu zitzaion.