Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

55

 

Anaiari eskatutako txiskeroaren argiarekin aurkitzen zuen sukaldeko bidea. Barnetegiko korridorea zeharkatu eta irakasleen gelatik igaro behar zuen, eta ikastolaren hall-a atzean utzi eta ikasgeletara ematen zuten eskailerak jaitsi. Sukaldean argia piztu zezakeen, lurpean zegoen; baina badaezpada ere ez zuen pizten. Hozkailuaren atea zabaltzen zuen, hark argitzen zuen sukalde osoa. Aldamenean jartzen zen, lurrean, eta han txokolatea jaten gelditzen zen. Heriotzak harrapatu behar bazuen, harrapa zezala txokolatea jaten.

        Baten batek txokolatea legez kanpo jaten zuela zabalduko zen, ordea, denak zaunka hasiko ziren horrekin, baina ordu txikietan ez zen inor zaintza egiten geratuko. Bazekien. Eta nahi adina jango zuen aurrerantzean. Txokolate merkea zen. Bilduki moreko Milkarekin zerikusi gutxi. Baina ez dago txokolate txarrik. Sukaldeak bobeda forma zeukan, luzea zen, mahai handi bat zegoen erdian. Hormak eta sabaia kolore berarekin margotuta zeuden, halako horixka triste bat. Han hondoan leiho handi bat, burdinazko barroteak kanpoan, galeratan bezalakoak.

        Xabik ez zeukan beldurrik, baina ezin esan lasai zegoenik. Eta terrorezko gauean ikusitako bururik gabeko gizona agertuko balitz? Ez ziokeen ezer egingo. Burua eskuetan bazeraman, nola egingo zion ezer? Baina ikusteak larritzen zuen, pantailan ikusitako hura benetako izan zitekeelako izuak. Begiak ixten bazituen lasaiago sentitzen zen, txokolate eskas haren zapore gozoegia dasta zezakeen, eta munstroak ahaztu.

        Gelarako bueltan Maiterekin topo egingo zuela imajinatzen zuen. Elkarren aldamenean eseriko zirela eskaileretan, kontuak esango zizkiotela elkarri.

        Esango zion:

        — Garatek (soinketako irakasleak) esan dit asmatikoa ez banintz oso ona nintzatekeela lasterka. Asma izan arren, gelako hirugarren denbora ukan dut bi kilometrokoan.

        Edo bestela:

        — Nahi al duzu Pailazo Hiltzaileetakoa izan? Armak gordetzen ditugu basoan.

        Edo akaso musuka hasiko ziren ikastolako eskaileretan, eta goizaldean ikaskideek bertan topatuko zituzten, lurrean etzanda, larrugorritan.

        Beste batzuetan imajinatzen zuen atea zabaldu, hartxintxarrezko bidea zeharkatu, errepidera irten eta oinez hasten zela Oreretaraino. Han amarekin eta aitarekin ohean sartuko zen, haien ohe gogor erraldoi zerrauts usaineko hartan. Han ez zuen asmarik izango, hori bazekien. Eta etortzen bazen amarekin eseriko zen terrazan, izarrei begira, ezer esateko premiarik gabe, epaitua izateko kezkarik gabe.

        Horrenbeste denbora ematen zuen imajinatzen, harritu egiten baitzen hozkailuaren aldamenean lurrean eserita zegoela ohartzean, eta sikiera une batez duda egiten zuen, zinez hura edo hau ote zen imajinatzen ari zena, zeren izan zitekeen Oreretan egotea eta hozkailu aldameneko txoko hura akordu txar bat besterik ez izatea, amesgaizto bat.