Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

4

 

Emilioren etxea hondartzatik gertu baino gertuago zegoen, oinez ere di-da batean joateko moduan. Hala iruditu zitzaion Xabiri, autoz ez baitzuten minutu pare bat baino gehiago egin.

        Txingudi badia ezdeusa begitandu zaio hondartzarekin alderatuta, nahiz eta erdialdean irla txiki laua dagoen, belar urria han-hemenka. Baina hor ez dago inor. Arratsaldean bertan bazterrak ikuskatzera joango direla pentsatzen ari da, pareko eraikinean Hôtel Bellevue irakurri bitartean, aitak autoa Emiliorenera daramatzan tuneltxoan sartu eta etxartean utzi duenean. Anai-arrebak gogogabe jaitsi dira, eta gurasoek puskak igo ala maletategian utzi eztabaidatu dute. Aitak alde batetik bestera burua estaltzearren propio utzitako ile-xerloa orraztu du pentsakor, arropak autoan utzi eta jatekoak igotzea deliberatu aurretik. Gaua ez dutela han pasatuko ondorioztatu du Xabik, lasaituta.

        Ezkaratzeko paretak moketa urdinez estalita daude, mailak linolio beltzez. Bigarren pisuko korridore ospelaren hondo-hondoan aitak hatz-kozkorrekin jo dio zurezko ateari. Gizon bibotedun luzexka batek zabaldu du, diosalezko murmurio bat ahoskatuz. Dena egiten bide dute isilean toki honetan, esan du Xabik bere kabutan, eta gauzak ulertzen hastearen sentimendu bitxia egin zaio. Korridoreko ilunantzea zeharkatu eta, sukaldea ezkerrean utziz, egongelan sartu dira. Irudi geometrikoz margotutako papera hormetan, zoruan moketa, sabaian lastozko lanpara, izkina batean mahai borobila zortzi platerekin, zurezko zortzi aulki inguruan, eta leihoaren alboan sofa txikia, mahai baxua, telebista. Indioaren posturan eserita, tenis partidari begira dago mutil zurbil argal bat. Goitik behera aztertu ditu etorri berriak.

        — Eseri lasai —esan du Emilio behar duenak, bibote sarriak ematen duen ahotsaz, baina sendiaren etorrerak sortzen dion poza azpimarratzeko doinuan.

        — Hemen duzue beste lagun bat —esan die Joxemarik haurrei, tenisa ikusten diharduen mutila erakutsiz.

        — Agurtu itzak lagun berriak, Eneko —esan dio Emiliok.

        Enekok esku lotsatia altxatu eta «aupa» xuxurlatu du, hainbeste jenderen aurrean kikilduta. Benaz, on puska dirudi.

        — Hau duk hire familia, Ugarte! —ozen esan du Emiliok, denek entzuteko moduan—. Eser zaitezte! Eneko, hator mahaira oraintxe!

        Mutila lurretik altxatzen hasi orduko adats luzeko emakume bat sartu da gelan, zapia eskuetan. Alai agurtu ditu ugartetarrak.

        — Izaskun —esan du, eskua bularrean.

        — Zer da hori? —galdetu du Gotzonek, sudurra lapikoan sartuta.

        — Barraskiloak tomate saltsan —erantzun dio Emiliok, eta umeen begitarteari erreparatuz—: Ez al dituzue maite?

        — Bai noski! —bota du aitak.

        Xabiri korapiloa egin zaio sabelean. Nola liteke inork barraskiloak jatea? Amari begiratu dio babes bila; honek sorbaldak jaso ditu, Izaskuni zeharka begira.

        — Ez dakit umeek ez ote duten beste zerbait nahi —esan du Izaskunek—. Patatak eta solomoa akaso.

        Aitak ez du amore emango, kanpokoak laketzea maite du.

        — Hau ez da jatetxea.

        — Ez dago kuidadorik, Joxemari —baretu du Izaskunek—. Berehala prestatuko dut zerbait.

        — Ezta pentsatu ere! —oldartu da aita—. Barraskiloak prestatu ditun, eta barraskiloak jango ditinagu denok.

        Emiliok giroa baketu du:

        — Trankil, Ugarte! Erabaki dezatela umeek —eta umeei esan die—: Orduan, zer, jango al dituzue barraskiloak?

        Anai-arreben eta aitaren arteko begiradak geziak dira.

        — Nik ez —ausartu da Gotzon.

        — Nik ere ez —Nagorek.

        Xabik ez daki zer esan, ez baitu aita zapuztu nahi.

        — Hik zer diok, Xabi?

        — Beno...

        — Beno, zer?

        — Ba... jango ditut.

        — Ziur al zaude, Xabi? —amak kezkati.

        — Hilda al daude? —Xabik.

        Barrez hasi dira denak, eta amak abagunea profitatu du:

        — Lagunduko dizut sukaldean, Izaskun.

        — Ez, emakumea, segituan egingo dut zerbait, zaude lasai.

        — Nik ere solomoa jango dut —esan du Enekok, ahots sudurkariz.

        — Laurentzat solomoa orduan —sukaldera joan da Izaskun.

        Xabik aitari erreparatu dio: ezezko keinua egiten ari da buruaz. Zapuztuta eta haserre dagoela konturatu da. Erru sentimendua kilimak egiten hasi zaio Xabiri. Baina zer egin behar zuen ba berak?