Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
aurkibidea
 

 

23

 

Oihana ikusi zuen Oriora iritsi eta bi astera, hondartzan ezagututako neskatila, zuhaitzean zintzilik berarekin egondako hura. Palaz ari zen ahizpa txikiarekin.

        Enkontruak sortu zion poza ezkutatzearren, Xabik ez jakinarena egin zuen hasieran. «Hondartzan? Ez naiz ba gogoratzen!», halako esaldi bat erabili zuen, gezurrak esateko gaitasun gero eta burutsuagoari esker. Besteekiko menpekotasuna eta, oro har, besteekin egoteko nahia kanpotik ongi ikusten zela uste zuen, eta horrek axolagabe agertzera bultzatzen zuen ezinbestean. Ondoren, bere menpekotasunaren inguruko susmoak uxatutakoan, aitortu zuen: «Ai, orain oroitzen naiz, bai: zuhaitz batetik zintzilik egon ginen, ezta?». Bere izen ona, ordea, berehala desitxuratu zen palan aritzea egokitu zitzaionean. Munduko beste kirol guztien modura, gauza oso zaila baitzen pala jokoa. Eta okerrena zen, kanpotik begiratuta munduko gauzarik sinpleena ematen zuela: egurra hartu eta jo. Segituan ohartu zen, pilotari eman egin behar zitzaiola lehenik eta, gainera, pilotak horma jotzeko gisan eman behar zitzaiola. Gauza konplikatuak, biak ere. Lehen kolpean kale egin zuen eta bigarrenean belardira bidali zuen pilota. Eta neskak barrez. Oihanak eskutik oratu zion, pala heltzen irakastearren, baina Xabik ez zuen azalpena ongi ulertzea lortu. Eta orduan konturatu zen, lotsak eta kirolari kaskarra izateko izua eta halako kontuak ahaztuta zeuzkala. Mundua bere oinen azpian desagertu egin izan balitz bezala. Esku bat bakarrik, bereari eusten. Eta urrunetik zetorren ahots bat. Eta marrubi usain lauso bat... edo masustena agian.

        — Ulertu al duzu?

        Zer ulertu behar zuen? Dena argi zegoen ordurako! Zeren eta sentimendua berria zen eta, aldi berean, zaharra, betikoa. Ezin zuen gobernatu eta gobernatu nahi ere ez. Nahi zuen gauza bakarra zen, hantxe geldirik egotea neskaren ahotsa entzuten.

        — Horrela eman behar zaio: pala gora jaso eta fart!

        Eskerrak ahizpa txikiena kexuka hasi zen, aski zela eta jokatu egin nahi zuela, horrek lagundu baitzion bere onera itzultzen.

        Gero Oihanaren bizikletaren parrillan joan zen etxeraino, neskaren gerriari helduta.

        Eta konturatu orduko, egunak igaro ziren eta iritsi zen ikastolara joateko tenorea.

        Bakarrik joan beharko zuen, Xabi lehen hezkuntzan baitzebilen oraindik, Donibane Lohizunen, baina anai-arrebak lizeoan, Kanbon. Ze gauza ederra etxeko nagusiak izatea eta beti norbait aldamenean edukitzea. Izan ere, gauza ziurra baitzen, Xabi agertu orduko zelatan eta begira izango zuela ikastola osoa, denek ikusiko zituztela bere señorito galtzerdi zaharrak. Eta halako trantzea bakarrik pasatzea, penitentzia bikoitza zen. Anaia aldamenean izan balu sikiera, bere punk itxura sendo horrekin!

        Harrizko hesi handi batek zedarritutako etxe zaharra zen ikastola itxurarik ez zeukan ikastola hura. Arbola tantaiz inguratuta, apenas ikusten zen eraikina hesiaren kanpotik. Gainbeheran etorritako eraikin dotorea agertu zitzaion, etxaurreko margoa ihartua, egurrezko leihoetako gorria pitzatua. Aire misteriotsukoa eta zertxobait beldurgarria.

        Kizkurrez betetako ile luzea zeukan irakaslea sartu zenean, Xabik hontzaren itxura hartu zion aurpegieran. Orain esan ordez uai esaten zuen, atzean ordez gibelean, ongi ordez ontsa, baina Xabik dena ulertzen zion, edo ia dena. Irakaslearen euskara okerra zela pentsatzen zuen, berak ezagutzen zuen euskararekin alderatuz, frantsestua eta kutsatua. Tira, horrek ez zuen axola. Axola zuena Itxaroren tabako usaina zen, amarenaren antzekoa, etxean sentitzen zuen berbera. Huraxe izan zen ikastola hartan gustura egoteko lehen heldulekua: irakaslea eta ama, zentzu batean, ahaide izan zitezkeela.

        Etsipena gero etorri zen, jolas-garaian mutilen zaletasun nagusia han ere futbola zela deskubritzean. Izkina batean zelatan geratuko zen, ikaskideen maila aztertzeko, hanka oker haiekin zereginik izango ote zuen jakiteko. Egia da ez zirela bereziki trebeak, baina ez zeukan haiekin saiatzeko aldarterik. Porrotaren beldur zen. Hantxe zegoen Eneko, jokalari kaskarra, baina, irudiz, kaskarra izateko lotsarik ez zuena.

        Eta neskak?

        Beste muturrean zeuden, gimnasia egiteko lekua zirudien hondarrezko gune batean. Desafiozko begiradak bota zizkioten Xabiri. Ez zekien zer adierazi nahi zuten, haiengana joateko gonbiteak ote ziren, edo aurkakoa. Badaezpada, gerturatu eta soka batetik zintzilik zeuden uztai batzuekin jolasean hasi zen. Eta jolas-garai osoa igaro zuen jolas txoro hartan, tarteka neskekin begiradak gurutzatuz, baina haiengana joan gabe. Txiklea jaten zuten neskek, eta ausarki so egiten zioten, berari buruz hizketan ari zirela disimulatu gabe.

        Hala igaro zuen lehen eguna eta, konturatzerako, furgonetara igo eta bueltan zegoen etxean. Gau hartan bertan bi zigarro lapurtu zizkion Gotzoni, koltxoi azpian ezkutatzen zuen Gauloises paketetik, eta erabaki zuen Eneko futboletik aldentzeko eta bere ingurura erakartzeko baliatuko zituela. Horixe egin zuen biharamunean. Jolas-garaia iritsi orduko, ikastolaren eremu barruan zegoen basora eraman zuen laguna, eta hantxe erre zituzten beren lehen bi zigarroak.

        — Hik ba al dakik nola egiten den?

        — Noski.

        Hil behar zuela uste zuen Xabik, lehen tirakada eman eta eztulka hasi zenean; baina ez zen hil, eta, hasi zenez gero, jarraitu egin behar zigarroa amaitu arte. Eskerrak Eneko aldamenean zeukan, jertsea gerriari lotua, onkote aurpegi hartan zigarroa handiegi geratzen zitzaiola, hura ere eztul batean birikak bota beharrean. Baina erre zituzten azkenean eta, aurrerantzean, inoiz zigarroa erretako gizasemeak bilakatu ziren. Lehen baino koska bat gorago egongo ziren gizon sendo bilakatzeko ametsean.

        Kontua ez zen egunero zigarroa erretzea (ezingo zuten horrenbeste lortu), baina bai tarteka bakarren bat erretzea, eta asteak zigarro haiei buruz hizketan igarotzea, eta haiek pasadizo bilakatzea. Errealdiak mitifikatzea, nolabait. Laster beste eskolakide batzuk juntatuko zitzaizkien, garaia baino lehen nerabezarora pasatzeko irrikatan zeudenak eta, jakina, «betiko ume» izan nahi zuten gainerako eskolakideak arbuiatzen zituztenak. Haien artean zegoen Haritz, hortz okerreko mutil lodikotea, beti iskanbilaren batean zebilena, eta berehala ohartu zen hura bazkide garrantzitsua izango zela, hain zuzen azken honek, Xabik bezala, ez baitzuen inoiz hamaiketakorik ekartzen. Eta hamaiketakoaren tenorean, ama Annie Clauderenean lanean hasiz geroztik, Xabik ere ez zuen sabelean sartzeko ezer izaten. Egunero, basora azaldu eta beste haurrekin elkartzeaz batera, denek ateratzen zituzten beren ogitarteko edo viennoiserie-ak. Xabik eta Haritzek hari eta beste honi lapurtu behar izaten zizkieten zatiak, eta beti zen trantze zaila. Zeren eta gosea handia izaten baitzen. Denentzat. Eta inori ez zitzaion gustatzen bere pain au chocolat-aren zati bat galtzea, txikia izanik ere. Mokadu ematean, hatz-mamiak ia muturrean jarriko zizkizuten haginkadak ahalik eta gehien mugatzearren.

        Beraz, gaizkile bizitza hura ondo samar zihoakiola ikusirik, egun batean Haritzekin tratua egin zuen, jolas-garaiaren aurretik komunera joateko aitzakiarekin, haurrek ikasgelaren kanpoaldean uzten zituzten bizkarrekoetatik askariak lapurtzeko. Tratua zen: zuk gaur eta nik bihar. Susmorik ez sortzearren. Eta halaxe hasi ziren, egunero-egunero beraienak ez ziren hamaiketakoak jaten. Kontu berezia izaten zuten, nola ez ba, zigarroak erretzera elkartzen zitzaizkien eskolakideei hamaiketakorik ez lapurtzen. Arrakastaren sekretua, ahalik eta biktima gehien eragitea zen. Pentsatzekoa baitzen inori ez zitzaiola axolako hiru hilean behin askaria galtzea.

        Lapurtutako askari guztien artean bazen bat Xabiren gustu-gustukoa: Maiterena. Launaka esertzen ziren gelan, idazmahaiak parez pare jarrita; eta Maite zen Xabiren aurrean esertzen zena, bere begi urdinekin, buru gaineko bi motots txikiekin eta jantzi garestiekin. Ez zion, ordea, sekula aurpegira begiratzen, eta ez zekien zergatik (ez baitzion inoiz hitzik egiten), baina susmoa zuen baten jantzi garestiekin eta bestearen jantzi merkeekin zerikusia zeukala. Okerrena zen neskak, ustez, Xabirekiko sentitzen zuen mespretxua zela, hain zuzen, Xabik bere buruarekiko sentitzen zuena. Mespretxu bera ziren biak.

        Horregatik, mespretxu zital haren minarekin neskatilaren bizkarreko dotorean eskua sartu eta handik mota guztietako opilak eta bixkotxak ateratzen zituenean, jakien gozotasuna baino gehiago, mendekuaren eztia sentitzen zuen.