Poesia kaiera
Poesia kaiera
Manuel Vazquez Montalban
itzulpena: Jon Alonso
2024, poesia
64 orrialde
978-84-19570-37-6
Manuel Vazquez Montalban
1939-2003
 
 
Hitzaurrea

 

      Manuel Vazquez Montalbanen poesia ezezagun samarra da haren nobelen, saiakeren eta kazetaritza lanen aldean. Eta hala ere berak poetatzat zuen bere burua ororen gainetik. Bartzelonan 1939an jaioa, 28 urte zituela argitaratu zuen lehen poema liburua, eta ia 40 urtez aritu zen poesia idazten 2003an hil zen arte. Haren poesia lan guztiak dozena bat liburutan jasota daude, antologiak eta hil ostean argitaratu zizkiotenak aintzat hartuta. Obra zabal horrek Vazquez Montalbanek beste literatur generoetan landu zituen mundu ikuskera eta arretagune bertsuak jasotzen ditu, baina poesiaren depurazio estilistikoaren dekantagailutik pasarazita.

      Poema guztiak jatorrizko gaztelanian biltzen dituen antologiaren izenburuak haren poesiaren bi ardatzak izendatzen ditu: memoria eta desira. Memoria, Vazquez Montalbanen poesian, intimoa eta kolektiboa da, eta era berean poetak berak bizi izandakoarena zein bere zaharrengandik ondare gisa jasotakoa. Bere literatur obra osoan ohikoa duen sen etikoaz eta koherentziaz, Vazquez Montalban hur-hurreko errealitateari beha jartzen da, eta egunerokoa emoziotik eta kritikotasunetik erretratatuz historia idazten du. Historiaz ari da, letra larriz, baina historia egiaz eraikitzen duten pertsona anonimoak oinarri hartuta eta haiei gorazarre eginez: bere izeba Daniela, esate baterako, edo ama (“apirileko arrosa”).

      Memoria horren paisaia hiria da. Poesia urbanoa da Vazquez Montalbanena, asfaltoan, tabernetan, portu ondoko kaleetan gertatzen dena, eta herri-kulturak etengabe bustia. Poetak collage koloretsua osatzen du irratiko koplak eta abestiak, iragarkiak eta leloak, eta modako aktore eta musikarien aipamenak irudi estilizatuekin eta goi kulturako erreferentziekin nahasiz. Eguneroko errealitate hori irakurtzeko darabilen begirada sentibera eta enpatikoa da, eta era berean mingotsa eta etsia. Etorkizunagatiko esperantza eta utopia poesia osoan zehar presente badaude ere, desengainu sentipen bat gailentzen da, tarteka ironikoa.

      Liluraren eta desliluraren artean mugitzen dira, halaber, Vazquez Montalbanen poesiako bigarren ardatza, desira, oinarri duten poemak. Erotismoak eta sexualitateak leku garrantzitsua betetzen dute haren poesian. Idealizaziotik urrun dauden enkontruak dira, nolanahi ere, Vazquez Montalbanek bere poesiara dakartzanak. Berak esana da “zintzotasun moralez” heldu nahi izan ziola poesia erotikoari, eta halakoxea da emaitza: ilusioa, pasioa, samurtasuna ageri dira, baina baita distantzia, desengainua eta ezina ere.

      Vazquez Montalbanen poesia askatasun formal itxuraz kaotiko baina oso neurtu batez eraikita dago. Asoziazio semantiko harrigarriak darabiltza, ezusteko adjektibazioa, eta askotariko elementuen enumerazioak eta metaketak. Ideiatik ideiarako aurreranzko ihes gisa antolatuta daude askotan poemak, zangalatrauak lagun. Izan ere, ugari dira giltzadura gisa aurreko lerroari zein hurrengoari lotuta interpreta daitezkeen esaldi zatiak. Halakoek ustekabeko bideetan barna menturatzera bultzatzen dute irakurlea: aurrera, beti aurrera.

      Vazquez Montalbanen literatura euskarara ekarri gabea zen orain arte. Kaier honetan zorra kitatzera dator Jon Alonso, ondo kitatzera ere, haren obraz duen ezaguera xehe eta sakona lagun.

Isabel Etxeberria Ramírez