Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen.