Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 

 

Jainkoaren aurrean

 

Ziega itsu honetatik,

munduko lupetza ilunetik,

entzun nire eskaria den oihua,

oi, Jainko Ahalguztidun Bakarra!

 

Urratu une batean hijab batek legez

biltzen nauen belztura!

Akaso ikusiko didazu bihotzean

nire bekatu-okerren iturburua.

 

Eman didazun hau ez da bihotza.

Odoletan itota ari da taupaka. Askatu!

Edota bere gutiziez gabetu ezazu

edota amodioaren zin-hitzari lotu.

 

Zeuk bakarrik dakizkizu, Zeuk bakarrik ezagun

jatorrizko akats honen sekretuak.

Zeu bakarrik zara nire arimari

zindotasun lehena itzultzeko gauza.

 

Oi, Jauna! Zelan esan

gogaituta nagoela nire gorputzaz!

Gauero nabil otoizka Zure aldarean:

erregua, gorputz berri batean esnatzea.

 

Kendu nire begi dirdaitsuetatik

besteengana lasterka joateko nahia!

Arren! Oi, Jainkoa! Irakats iezadazu

begi haien tximistatik ihes egiteko era.

 

Emadazu amodio bat

Zure paradisuko aingeru bihur nazana.

Topadazu maite-lagun bat

Zure izate garbiaren arrastoz apaindua.

 

Ezabatu nire oroimenetik

amodioaren eta desengainuaren irudia.

Zera nahi dut, haren saldukeriaz mendekatzeko,

bere lehiakidea gertatzea garaile, hurrengo abenturan.

 

Oi, oi, Jainko Ahalguztiduna!

Biziaren oinarriak jarri zenituena,

erakutsi Zure aurpegia, kendu nire bihotzetik

bekaturako deiera, harrokeriarako lera.

 

Ez utzi zerbitzari kaskar honi matxinatzen

ezta Zu ez zaren inori ere zuzentzen.

Ez utzi ardo koparen aurrean

bere malkoen uhada isurtzen.

 

Ziega itsu honetatik,

munduko lupetza ilunetik,

entzun nire eskaria den oihua,

oi, Jainko Ahalguztidun Bakarra!