Errukia pizten dit lorategiak
Inork ez du loreetan pentsatzen.
Inork ez du arrainetan pentsatzen.
Inork ez du onartu nahi lorategia hiltzen ari dela,
lorategiaren bihotza isiotu egiten dela eguzkipean,
lorategia hustear dela berdetasunaren oroitzaz
eta lorategiaren sentierak
bere bakardadean usteldutako edozein gauza abstraktu dirudiela.
Gure etxeko patioa hutsik dago.
Gure etxeko patioa aharrausika dabil
hodei ezezagun batek euria noiz ekarriko,
eta urmaela agorturik.
Izar txiki hasiberriak
zuhaitzen gainetik jausten ari dira lurrera
eta gauetan eztulak entzuten ditut
arrainen etxeko leiho zarpailduetan barrena.
Gure etxeko patioa bakarrik dago.
Aitak esaten du:
“Kito nik. Kito nik.
Eraman dut nire fardela.
Egin dut neure lana”.
Bere gelan egoten da goizetik gauera
Erregeen Liburua edo Nasikh al-Tawarikh irakurtzen.
Aitak esaten dio amari:
“Madarikatuak arrainak eta txoriak!
Ni falta nadinean, zer axola lorategia!
Konforme naiz jubilazioa kobratuta”.
Nire ama,
bere bizitza osoa da otoitz tapiztxo bat
infernuari dion izuaren atarian zabaldua.
Edonon eta beti ibitzen da bekatu-arrastoen bila
eta uste du belarren batek biraoa bota diola lorategiari
eta gaixoarazi.
Ama egun santu osoan otoitzean.
Bekataria da jaiotzaz
eta putz egiten die loreei,
putz arrainei, putz baita bere buruari ere.
Amak Agerkundea eta barkamen orokorra itxaro ditu.
Nire nebak kanposantu deitzen dio lorategiari.
Nire nebak burla egiten dio sasitzari
eta uraren azal eriaren azpian usteltzen ari diren
hildako arrainak zenbatzen ditu.
Nire neba filosofia-adiktoa da.
Nire nebaren iritziz,
lorategia sendatzea lorategia suntsitzean datza.
Mozkortu egiten da eta ukabilez jotzen du ate eta horma,
eta saiatzen da esaten bera larri, akituta eta etsita bizi dela.
Etsipena aldean darama noranahi,
nortasun agiria, egutegia,
mukizapia, boligrafoa eta txiskeroa daramatzan bezala.
Eta bere etsipena hain da txikia,
gauero desagertzen zaio tabernako algaran.
Nire ahizpa, lorezalea zena
eta amak jotzen zuen aldiro
bere bihotzeko berba bakunak
loreen biltzar samur isilari esaten zizkiona
eta noizean behin arrain familia
gonbidatzen zuena eguzkitara eta merienda jatera,
hiriko beste puntan bizi da.
Bere etxe artifizialean,
bere arraintxo gorri artifizialekin,
bere senar artifizialaren maitasunaren gerizan
eta sagarrondo artifizialen adarren azpian
abesti artifizialak kantatzen ditu
eta seme-alaba naturalak egiten.
Bisitan datorkigun bakoitzean,
gonabarrenak lorategiaren miseriak zikintzen dizkiola,
kolonia-uretan hartzen du bainua.
Gu ikustera datorren aldiro
ume bat dakar sabelean.
Gure etxeko patioa bakarrik dago.
Gure etxeko patioa bakarrik dago.
Egun osoan zehar,
eztandak aditzen ditut ateostetik.
Gure auzokoek obusak eta metrailetak landatzen dituzte
lorategietan, loreen ordez.
Gure auzokoek mantak jartzen dituzte urmaelen gainean
eta zeramikazko urmaelok, nahitaez,
bolborategi sekretuak bihurtzen dira.
Gure auzoko umeek bonba txikiz betetzen dituzte eskolako zorroak.
Gure etxeko patioa zurtz eginda dago.
Beldurra ematen dit bihotza galdu duen garai honek.
Beldurra ematen dit esku hauen guztion ezerezkerian pentsatzeak
eta aurpegi guztion arroztasuna irudikatzeak.
Bakarrik nago geometria-eskolak zoratzeraino maite dituen ikaslearen antzera.
Otu zait ospitalera eraman dezakegula lorategia.
Lorategiaren bihotza puztu egin da eguzkipean
eta bere memoria hustear da berdetasunaren oroitzaz.