Berandu
Egun nekatuaren begietara
logura ilun mutua atxiki da.
Etxerako ordua duzu orain,
etorritako bidetik, bakarrik.
Zure itzal gaiztoa itsatsirik duzun artean,
ez itxaron han inoren abegirik.
Zure etxea hor da, hilobi bat bezala
zuhaitzen hauts-aroaren erdian.
Hor ageri du, arestian bezala,
euriaren zilar-harizko koroa.
Atea ireki eta batera,
ehunka diosal jalgiko dira
sutondoaren txoko itzalietatik
zuri ongi-etorria egiteko, akiturik.
Ematen du ilunaren bihotza ari dela taupaka
zure gela txiki ziztrin horretan.
Gaua tarraz dator suge beltz baten antzera
errezel mehe koloretsuen artera.
Erlojua horman, bere tiki-taka geldituta,
konplizea da isiltasun krimenean.
Marko zaharretan, denboraren joanak
marguldutako irudiak,
aurpegi alai igarokorrak,
inoiz-edo bizi izandakoak.
Ispilua, begi erraldoi bat bezala,
ernai da bazter batean.
Gauaren izpiritu zurkaitza
islatzen du ninietan.
Zu, txori zahar bat legez, hebainduta,
ohearen beroan babestu zara
eta, betazal itxiak dardaraka,
koadernoan pausatu duzu burua.
Arima hilak, hemen lehenago lo eginak,
inguruan dituzu lantuka.
Mila keinu uzkur egiten dabiltza,
mila hasperen ahul,
burbuila iheskorren pareko
zingiraren betarte zimurrean.
Pinua bele-karranka zitalez gainezka.
Euriaren zeta lurrintsua dantzan berriz leihoetan.
Damutuko zara
zure oinazeari kontra eginez gero.
Tristuraren lorea usaintzen ari zara,
beste poema bat idazten hastear.