Denboragarrenera
Edozein egunetan helduko zait heriotza,
argi-olatuz beteriko udaberrian,
kez eta hautsez jositako neguan,
algaraz husturiko udagoienean.
Edozein egunetan helduko zait heriotza,
edozein egun samin nahiz gozotan,
besteak bezain egun zentzubako batean,
gaurko egunen errainu, atzoko egunen itzal.
Nire begiak igarobide beltz bihurtuko dira;
nire masailak, marmol zati hotzak.
Bat-batean eramango nau logaleak.
Minaren garrasi gorrez gabetuko naiz.
Nire eskuak, poesiaren liluratik aske,
koadernoan labainduko dira leunki.
Oroituko naiz eskuotan, lehenago,
poesiaren odolak egiten zuela irakin.
Lurrak bere altzora deituko nau etengabe.
Jendea helduko da ni lurrari emateko.
A, baliteke nire amoranteek gauerdian
loreren bat uztea nire harlauza tristean.
Ni eta gero, zabaldu egingo dira
nire munduko errezel beltzak eta
begi ezezagun batzuk
jiratu egingo dira nire idazkietarantz.
Ni eta gero, nire oroimenari arrotza zaion norbait
nire gelan sartuko da
eta ispiluan bere buruari so eginda,
nire zer edo zer izango da bertan,
ile bat, esku-marka bat, orrazia.
Nigandik askatuko naiz, utzi egingo naiz.
Nire aztarnak ezereztuko dituzte.
Nire arima, belaontzi bat bezala,
ortzimugan aienatuko da.
[...]
Denboragarrenera, haize-euriek
nire izena ezabatuko dute hilarritik.
Nire hilobia, izenik gabe orduan,
desondraren ele-meletik geratuko libre.