Eldarnio berdea
Egun osoan
egin nuen negar ispiluan.
Udaberriak zuhaitzen eldarnio berdearen
peskizan utzia zuen nire leihoa.
Nire bakardadearen kukuluan
ez zen nire gorputza kabitzen
eta nire paperezko koroaren usainak
kutsaturik zeukan eguzkirik gabeko erresuma hartako airea.
Ezin nuen gehiago. Ezin nuen gehiago.
Kaleko zaratak,
txorien zaratak,
trapuzko piloten zaratak,
umeen zarata iheskorrak
eta xaboi-punpuilak legez
kotoizko hari batetik goratzen ziren kometen dantzak,
eta haizeak,
besarkadaren une sakon beltzenetako arnasestua zirudien haizeak,
horrek guzti horrek
nire fedearen dorrea zamatu zuen
eta zauri zaharretan zehar
egin zion dei nire bihotzari bere izenetik.
Egun osoan
aritu nintzen biziari begira begiotan,
nire begirada egoskorrari ihes egin
eta gezurtien antzera
betazalen bakartegi seguruan babestutako
begi urduri izutuoi.
Zer gailur?
Zer igoera?
Bide makur hauek guztiok
ez ote dute jotzen ahotzar hotz jatun batera?
Zer eman didazue zuok,
ai, desengainuaren hitz xingleok,
ai, gorputz-desiren sufrimenduok?
Ilea lore batekin apainduko banu,
ez ote litzateke txanbelinago faltsukeria hau baino
edo buruan zimeldu zaidan paperezko koroa hau baino?
Ez dakit
nola jabetu zen nitaz basamortuaren espiritua,
nola urrundu ninduen artaldearen fedetik
ilargiaren magiak,
nola hazi zen nire bihotzaren inperfekzioa
beste ezein erdik beste erdia osatu gabe,
nola jaiki nintzen eta lurra ikusi nire oinpean irristaka
eta maite-lagunaren gorputzaren beroak
nire gorputzaren itxarote inozoari erantzuten ez ziola.
Zer gailur?
Zer igoera?
Emadazue aterpe,
ai, argi irritsuok,
ai, etxe argitsu menturazkook!
Zuen terraza eguzkitsuetan kulunka ari da
intsentsu artean garbitutako arropa!
Emadazue aterpe zuok,
ai, emakume mazal bikainok,
zuen hatz finekin
fetuen zirkin gozatsuak sentitzen dituzuenok!
Zuon bularretako zaurian
esne usainarekin nahasten da airea.
Zer gailur?
Zer igoera?
Emadazue aterpe,
ai, zuok, su-meta biziok,
ai, zoriaren ferrak,
ai, kobrezko ontzien kantak supazter beltzean,
ai, josteko makinaren murmur malenkoniatsuak,
ai, eskuilen eta tapizen gau-eguneko borrokak!
Emadazue aterpe,
ai, amodio grinatsu guztiok,
zuen bizirauteko gogo minak
konkistaz apaintzen baitu zuen ohea
ur magikoz eta odol tanta gordinez!
Egun osoan, egun osoan
botata, botata hilotza uretan bezala,
flotean joan nintzen haitz izugarrienerantz,
itsas leize sakonenetarantz
eta arrain haragijale gosetienen habiarantz.
Eta nire bizkarreko orno hauskorrek
heriotzaren kutsua igarri zuten.
Ezin nuen gehiago. Ezin nuen gehiago.
Nire oinotsa aditzen nuen bidea ukatzen
eta nire etsipena bizkorrago hazten zen
nire arimaren eroapena baino.
Eta udaberri hartan
nire leihoan arnaska ari zen eldarnio berdeak
esan zion nire bihotzari:
“Hara! Ez duzu sekula aurrera egin!
Itota zaude zu-eta, itota!”.