Zazpi urte eta gero
Nire zazpi urteak,
ai ene, abiatzearen une paregabea!
Zazpi urte eta gero, gertatutako guztia
eromen eta ezjakinezko mataza batean galdu zen.
Zazpi urte eta gero, leihoa,
gu bion eta txoriaren arteko lokarri sendo bizi argizkoa,
gu bion eta haize kirriaren arteko lokarria
hautsi egin zen betiko.
Zazpi urte eta gero, buztinezko panpina,
ezer esaten ez zuena, salbu eta ura, ura, ura,
uretan ito zen.
Zazpi urte eta gero, ito egin genuen kilkerren ahotsa
eta alfabetoko letren gainetik
aireratzen zen kanpaien hotsari
eta arma-fabriketako txilibitu-soinuari atxiki ginen.
Zazpi urte eta gero, mahaipean jolastu ordez
mahaian eseri ginen eta gero mahai gainean
eta gure zazpi urteen kolorea galdurik genuen.
Zazpi urte eta gero, traizio egin genion elkarri.
Zazpi urte eta gero, hormetan kleraz marrazturiko
oroitzapen guztiak ezabatu genituen
berun zatiz eta zart egindako odol tantaz.
Zazpi urte eta gero, plazetara atera ginen
eta oihu egin genuen: “Heriotza! Heriotza!”.
Eta plazako zalapartan, txalo jo genuen
hirira etorritako kale-kantariei botatako sosengatik.
Zazpi urte eta gero, guk, elkar hiltzen genuenok,
maitasuna epaitzea erabaki genuen.
Epaitu egin genuen maitasunaren jokoa
bihotzak poltsikoetan urduritu bitartean.
Zazpi urte eta gero, hilerrietan babestu ginen
eta heriotza arnaska ari zen amumaren txadorraren azpian.
Heriotza zen zuhaitz eskerga hau, adar makala,
eta adarrotan mundu honetako bizidunek
oihal pusketak katigatu zituzten,
eta sustrai fosforeszenteetan
beste munduko hildakoak katigatzen ziren.
Eta heriotza hilobi sakratu horren gainean eserita zegoen
eta hilobiaren ertz banatan bat-batean
lau tulipa urdin piztu ziren.
Haizearen putza entzun nuen.
Ai ene, nire zazpi urteak!
Haizearen putza entzun nuen.
Jaiki nintzen, ura edan nuen
eta tupustean gogora etorri zitzaidan
nola ikaratzen ziren zure zelai berdeak larrapote izurriarekin.
Zenbat ordaindu behar da?
Zenbat, porlanezko kubo hau haz dadin?
Galtzeko genuen guztia galdua genuen jada.
Kriseilurik gabe jarri ginen bidean,
eta ilargia, ilargia, eme samurra, hantxe zen beti,
pezuzko teilatu baten umezaroko oroitzapenetan
eta gaztaroko zelaien gainean
larrapote izurriarekin ikaratutako zelaietan.
Zenbat ordaindu behar da?