Leiho bat
Leiho bat ikusteko.
Leiho bat entzuteko.
Leiho bat putzu baten gisa
lurraren bihotzarekin elkartu
eta samurtasun urdin errepikakor honen
luze-zabalerantz irekia.
Leiho bat bakardadearen esku txikiak
izar onberen lurrin gautarrez betea.
Leiho bat eguzkia gonbidatzeko
geranioen bakardadea konpartitzera.
Panpinen lurraldetik nator,
album baten lorategiko
paperezko zuhaitzen itzaletik.
Urtaro lehorretatik nator,
inozentziaren kalexka hautsez beteetan
bizitako adiskidantza eta samurreria antzuetatik.
Eskola penatuko ikasmahaien atzean
alfabetoko letra kolorgeen artean hazitako urteetatik nator.
Umeek arbelean “harri” hitza idatz zezaketen unetik
eta hartxori izutuek zuhaitz zaharretatik ihes egiten zutenetik.
Landare haragijaleen sustraien artetik nator
eta nire burmuinari oraindik ere
koaderno batean orratzez jositako tximeletaren
txilioak egiten dio gainez.
Nire fedea
justiziaren hari laxotik zintzilik egon zenean
eta hiri osoan
nire kriseiluen bihotza sarraskitu zutenean,
nire maitearen ume-begiak
legearen zapi beltzez bendatu zituztenean
eta odol iturriak jaio zirenean
nire desiraren tenplu larrituetatik,
nire bizitza ez zenean erlojuaren tiki-taka besterik,
ulertu nuen beharrezkoa zela eromena kosta ala kosta maitatzea.
Aski dut leiho bat.
Leiho bat kontzientziari,
begiradari eta isiltasunari so.
Orain intxaurrondo gaztea
behar beste hazi da hosto txikiak medio
hormaren zentzua definitzeko.
Galdetu ispiluari
zure salbatzailearen izena!
Oinpean dardaraka duzun lurra
ez ote dago zu baino bakarrikago?
Profetek ekarri dute gure arora
suntsipen eginkizuna,
eta leherketa mordo honek
eta hodei toxiko hauek
ez al dute bertset sakratuen melodia?
Ai laguna, ai neba, ai senidea!
Ilargira iristen zarenean
idatz ezazu loreen masakrearen historia.
Ametsak beti jausten dira
beren inozotasunaren altueratik eta hil.
Kontzeptu zaharkituen hilobian hazitako
hirustaren usaina sumatzen dut.
Itxarote eta garbitasunezko oihalean lurperatutako emakumea
ez ote zen nire gaztetasuna?
Igoko ote naiz nire jakin-minaren mailetatik
Jainko onari kaixo esateko,
teilatuan dabil-eta nora ezean?
Sentitzen dut beranduegi dela niretzat.
Sentitzen dut “unea” dela egutegian tokatzen zaidan partea.
Sentitzen dut mahaia distantzia faltsua dela
nire adatsaren eta atzerritar triste honen eskuen artean.
[...]
Esadazu zer edo zer!
Leihoaren babespean nago
eguzkiari loturik.