Lurreko bertsetak
Eta orduan eguzkia hoztu egin zen
eta joritasunak abandonatu egin zituen larreak,
eta belarra idortu egin zen ordokietan,
eta arrainak hil itsasoan
eta lurrak ez zituen bere hildakoak onartu.
Gauak, leiho zurpaildu guztietan,
fantasia zalantzazko bat bezala,
dar-dar egiten zuen uneoro, zalapartaz,
eta bideek iluntasunari
errenditu zioten taxua.
Inork ez zuen maitasunean pentsatzen.
inork ez zuen garaipenean pentsatzen.
Inork ez zuen ezertan pentsatzen.
Bakardadearen leizeetan banitatea jaio zen.
Odolak opio usaina zeukan.
Emakume haurdunek burubako umeak egin zituzten
eta sehaskak, lotsaren lotsaz,
hilobietan babestu ziren.
Hura aro mingots beltza!
Ogiak azkenik aurrea hartu zion
profeziaren indar miresgarriari.
Profeta goseti zorigaiztokoek
hitzordu jainkotiarren tokietatik desertatu
eta Jesusen ardi galduek
ez zuten artzainaren txisturik entzun
lautada goibeletan.
Ispiluen begietan,
higidurak, koloreak eta irudiak
islatzen ziren molderik gabe,
eta pailazo txiroen buruetan
eta nasaikeriara emandakoen aurpegi herratsuetan
argi-koroa sakratuak ahitu ziren
guardasol sugartuen antzera.
Alkoholezko zingirek,
haien lurrun garratz pozoitsuek,
intelektualen aldra sorgorra irentsi zuten
eta arratoi lizunek
liburuen orri urrekarak karrakatu zituzten
armairu zaharkituetan.
Eguzkia hilik zegoen.
Eguzkia hilik zegoen eta biharko egunak
umeen gogoan
ez zeukan zentzu galdu eta lausoa baizik.
Hitz higatu horren arroztasuna
orbantzar beltz baten bidez
pintatzen zuten koadernoetan.
Jendea, aldra abaildu, makaldu, turditua,
erbestetik erbestera zihoan
beren hondarkien pisu zitalarekin leher eginik
eta krimen gose zorrotzak
puzten zizkien eskuak.
Aldizka, txinparta batek,
txinparta ezdeus batek
barrenetik suntsitzen zuen bat-batean
jendarte isil bizigabe hura.
Eta gero jendea oldartu egiten zen,
gizonek zintzurrak mozten zituzten
eta odolezko oheetan
etzaten ziren neskatxa nerabeekin.
Lazturan murgilduta zeuden
eta erruaren sentiera izugarriak
elbarriturik zituen haien gogo itsu kamutsak.
Urkamendietan, sokaren indarrez
kondenatuaren begiek
kanpora salto egiten zutenean,
jendea bere baitara kukutzen zen
eta nerbio higatu akituak tenkatu egiten ziren
fantasia erotikoak saiatu eta saiatu.
Baina plaza inguruetan
beti ageri ziren kriminal txiki horiek
iturrietako ur-txirrio etengabeari begira.
Agian bazen oraindik ere
begi triskatu haien atzean,
begi izoztu haien sakonean,
bizi-izpi nahasiren bat
fedea izan nahi zuena
uraren abesti garbian.
Agian. Baina zein hustasun azkengabea!
Eguzkia hilik zegoen eta inork ez zekien
bihotzetik ihes egindako uso tristeak
fedea zuela izena.
O, oi, presoaren ahotsa!
Zure etsipenaren aintzak
ez ote du urratuko bideren bat argirantz
gau tamalgarri honetatik?
Oi, presoaren ahotsa!
Oi, ahotsen arteko azken ahotsa...