Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 

 

Lorategiaren konkista

 

Hodei alderrai baten pentsamendu lausoa zeharkatuz

pasatu zen belea.

Haren karrankak, ezpata baten antzo, zerumuga zulatu zuen:

gure albisteak eramango ditu hirira.

 

Mundu guztiak daki.

Mundu guztiak daki

zuk eta biok lorategia erdikusi dugula

arrakala hotz tristetik

eta sagarra hartu

adar jostari eskuraezinetik.

 

Mundu guztia da beldur.

Mundu guztia da beldur,

baina zu eta biok

argiarekin, urarekin eta ispiluarekin batu

eta ez ginen ikaratu.

 

Ez naiz ari izen biren arteko lotura ahulaz,

ezta ere koaderno baten orri horituetan zertutako besarkadaz.

 

Nire ile-adatsaren zorionaz ari naiz,

zure musuen mitxoleta kiskaliez,

gure gorputzen egiaz

eta arrainen ezkaten antzeko

gure biluziaren distiraz.

 

Ari naiz iturri txikiak goizaldean

xuxurlatzen duen zilarrezko biziaz.

 

Oihan berde arin honetan

galdetu genien behinola gau batean erbiei;

itsaso larri baina bare honetan

galdetu genien perlaz beteriko maskorrei;

mendi bakarti egundainoko horretan

galdetu genien arrano gazteei:

“Zer egin behar da?”.

 

Mundu guztiak daki.

Mundu guztiak daki

Simurgaren amets hotz mutuan sartu garela.

 

Egia aurkitu dugu lorategian,

lore izengabe baten begirada lotsatian.

Eternitatea aurkitu dugu

eguzki bik elkar begiztatu duten une infinituan.

 

Ez naiz ari izu-murmurio batez ilunpean.

Ari naiz egunaz, leiho irekiez eta aire garbiaz,

alferriko gauzak erretzen diren labeaz

eta lurraz, berriz jorratu eta berriz emankor,

jaiotzaz, perfekzioaz, harrotasunaz.

 

Gure esku maitatiez ari naiz,

zubi bat hedatu baitute gure gauez haraindi

usain gozoz, argiz eta brisaz.

 

Zatoz belazera, belaze handira,

eta dei iezadazu zeta-lorearen hatsetik

gazelak bere lagunari deitzen dion moduan.

 

Errezelak zotin apalez mukuru daude

eta uso xaloak

lurrari begira

beren dorre zurietatik.