Panpina mekanikoa
Egia, are isilkoiagoa izan zaitezke.
Orduetan egon zaitezke,
hildakoak legez, finko begira
zigarroaren keari,
kafe-kikarari,
tapizeko lore margulduari,
hormako balizko marra bati.
Errezelari tira egin diezaiokezu
zure hatz zurrunekin, eta ikusi
euria truxuan kalera jausten,
arkupean babestu den umea,
kometa koloretsuak eskuan,
plaza hutsetik zaratotsez eta presaz
joan doan gurdi korkoxa.
Geldirik gera zaitezke errezelaren ondoan,
baina gor eta itsu.
Garrasi egin dezakezu, ahots zalantzati
eta arraroz: “Maite zaitut”.
Eme osasuntsu ederra izan zaitezke
ar baten beso ahaltsuetan,
gorputza larru onduzko zapia,
bularrak gogor-gogor.
Maitasun bat lohitu dezakezu
mozkor baten, zoro baten, eskale baten ohean.
Enigma harrigarri oro argitu dezakezu.
Hitz gurutzatuekin entreteni zaitezke.
Emaitza zirtzila topatzearekin kontentatu,
bospasei letratan.
Bizitza osoa eman dezakezu belauniko,
burua makur mausoleo baten oinetan,
baita Jainkoa ikusi ere hilobi izengabe batean.
Zure fedea berrerosi txanpon baten truke.
Moja zahar bat legez usteldu meskitako gelan.
Emaitza bera lor dezakezu beti,
zero lau eragiketetan.
Zure begiak, beren amorruzko kukuluan,
zapata zahar bateko botoitzat har ditzakezu.
Ura urmaeletik bezala lurrundu zaitezke.
Lotsaz gorde dezakezu une baten edertasuna
kofre baten barruan, argazki zuri-beltz
bat-bateko eta barregarria.
Marko huts batean sartu kondenatu baten irudia,
azpiratu batena, gurutzean jositako nor edo norena.
Hormako zuloa maskaraz estal dezakezu.
Irudi are ilogikoekin egin dezakezu tratua.
Panpina mekaniko baten moduan bizi zaitezke
eta zure kristalezko begiz ikusi mundua.
Urte mordoan har dezakezu atseden
gorputza bete lasto, parpaila eta lentejuela artean
feltroz jantzitako katabut batean.
Motiborik gabe has zaitezke uluka:
“A! Zein zoriontsua naizen!”,
esku lizun batek zu ukitzerakoan.