Mendekua
Aska ezazu nire ile-matazatik kordela.
Gorde itzazu aholkuak, ez ditut behar eta.
Itxaropen antzu bati bihotza lotu?
Noiz arte ba? Esadazu.
Biluz nazazu eta edan
nire ahotik elixir sukartsua.
Zenbat gau igaro behar ditut
itxarote egarbera honetan bilduta?
Ondo dakit ahanzturara jaurti nauela.
Neuk ere erauziko ditut barrutik haren sustraiak.
Oi, nire berri ez dakizun horrek,
emadazu ardoa hura ahantz dezadan.
Agian beste baten begi ederrek
iltzatu diote honezkero amodiozko oinaztua.
Agian topatu du honezkero beste bat
ni baino gazte eta lirainagoa.
Agian besteren ezpainetan arnastu du
nire hatsaren lurrin bero berbera.
Agian hari eman dio, uste onez, bihotza
eta nire guraizan errebeldea ahaztu.
Hala ez bada, esadazu.
Orduan, zergatik ez gutunik, mezurik?
Badakit ahanzturara jaurti nauela,
egarria nire besoetan ase eta gero.
Ez zaitez hor gelditu, astun, mutu.
Emakume batek gutiziatzen zaitu gaur.
Gizon baten gorputza du desio,
beste haren izena gogoz zapaltzeko.
Atzoko maitasun istilutsua
intzirika dauka erraietan, hil hurren.
Itsasoan galdutakoaren antzera,
zugana ari da eskuak luzatzen.
Eman eskua, har ezazu besoetan.
Oi, gizona, hona bere ezpain beroak,
hemen da bere bular sutua,
hemen gorputza, gizona, gorputz goxoa!