Aurkibidea
Aurkibidea
Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran
Hona hemen
emakume bakarti bat
urtaro hotz baten atarian,
lurraren izate kutsatua,
zeruaren desengainu inozo eskasa
eta harri eginiko eskuon ezgaitasuna
ulertzeko bezperetan.
Denbora igaro zen.
Denbora igaro zen
eta erlojuak lau bider jo zuen.
Jo zuen lau bider.
Dey hileko lehen eguna da gaur.
Nik badakit urtaroen sekretua
eta ulertzen dut uneen hizkera.
Salbatzailea etzanda dago lurpean
eta lurrak, lur txeratsuak,
atsedena iradokitzen du.
Denbora igaro zen
eta erlojuak lau bider jo zuen.
Kalean haizea dabil.
Kalean haizea dabil
eta ni loreen kopulan pentsatzen ari naiz,
zurtoin mehar makaldun kimuetan,
garai agortu muxintsu honetan.
Eta gizon bat dator zuhaitz bustien artean.
Haren zainetako hari urdinak
hildako suge baten antzera egiten dio gora lepoan
eta silaba odoltsu hauek esaten dizkio loki aztoratuetan:
Salam!
Salam!
eta ni loreen kopulan pentsatzen ari naiz.
Urtaro hotz baten atarian,
doluzko ispiluen erdian,
bizipen maskalduen bilkura doluminezkoan
eta isiltasunaren zientziak janaritutako ilunabarrean,
zelan esango diozu
hain eroapentsu, hain astun oinez etorri
eta nora doan ez dakien gizon horri: stop!
Zelan esan gizonari
ez dagoela bizirik, inoiz ez dela bizi izan?
Kalean haizea dabil.
Itxialdiko bele bakartiak
bueltaka dabiltza asperduraren lorategi zaharretan
eta eskailera, horrena bai altuera arbuiagarria!
Ipuinen jauregira eraman zuten
bihotz baten zintzotasun osoa
eta orain zelan ausartuko zara dantza egiten,
umetako ile-adatsa ur-lasterretara jaurtitzen,
eta azkenik batu eta usaindu duzun sagarra zapaltzen?
Ai, laguna! Ai, lagun bakar bakana!
Zein ilunak diren eguzkiaren ongi-etorriaren zain dauden hodeiak!
Hegaldia irudikatzean txoria azaldu balitz bezala.
Brisaren atsegina arnasten zuten hosto samur haiek
irudimenaren marra berdeetan idatzita egon balira bezala.
Leihoen gogo garbian erretzen zen sugar morea
kriseilu baten isla laņoa besterik ez balitz bezala.
Kalean haizea dabil.
Suntsipenaren hasiera da.
Zure eskuak hautsi ziren egunean ere haizea zebilen.
Izar maiteok! Izar maite kartoizkoak!
Zeruan gezurra dabilenean,
zelan sinistu profeta lotsagarrien bertsetak?
Orain milaka urteko hildakoak legez elkartuko gara
eta gero eguzkiak emango du epaia
gure gorputzen gainbeheraz.
Hotz naiz.
Hotz naiz eta uste dut ez naizela inoiz berotuko.
Ai, laguna! Ai, lagun bakar bakana!
“Zenbat urte zituen ardo hark?”.
Ikusi zein astuna den denbora hemen
eta zelan mamurtzen duten arrainek nire haragia.
Zergatik gordetzen nauzu beti itsas hondoan?
Hotz naiz eta gorroto ditut txirlaz eginiko arrakadak.
Hotz naiz eta badakit mitxoleta basati baten
fantasia gorri guztietatik
ez dela ezer geratuko hiru odol tanta baizik.
[...]
Biluzik nago, biluzik, biluzik,
hitz samurren arteko isiluneen antzeko
eta nire zauri denak dira amodioarenak.
amodioarenak, amodioarenak, amodioarenak.
Uharte noragabetu hau garraiatu dut
ozeanoaren burrunba
eta mendiaren eztanden artean,
eta izaki batu honen sekretua urradura zen
eta urratutako zatirik ņimiņoetatik eguzkia jaio zen.
Salam! Oi, gau xaloa!
Salam! Oi, gaua,
otsoen begiak fedearen eta konfiantzaren
zulo hezurtsu bihurtzen dituzun hori!
Zure errekastoen ertzetan
sahatsen gogoa
aizkoren gogo adeitsua arnasten ari da.
Pentsamendu axolagabeen mundutik nator,
hitzen eta ahotsen mundutik,
eta mundu horrek suge-habien antza dauka,
zuri musu eman bitartean
zu urkatzeko soka kordatzen duen
jendearen pauso-hotsez beteriko munduak.
Salam! Oi, gau xaloa!
Beti egon ohi da tarte bat
leihoaren eta ikusmiraren artean.
Zergatik ez nuen begiratu
zuhaitz bustien artetik gizona zetorrenean?
Uste dut amak negar egin zuela
nik mina ezagutu eta umekia ernaldu zen gau hartan,
akazien emaztegaia bihurtu nintzen gau hartan
Isfahanen azuleju urdinek durundaka jardun zuten gau hartan,
nire beste erdia zen hura nire umekira itzuli zen gau hartan.
Eta ispiluan
garbi eta garden ikusi nuen
eta bat-batean deitu egin zidan
eta akazien emaztegaia bihurtu nintzen...
Uste dut amak negar egin zuela gau hartan.
Zer argi ezdeus piztu da leiho itxi honetan!
Zergatik ez nuen begiratu?
Zorion-une guztiek zekiten
zure eskuak hautsi egingo zirela
eta nik ez nuen begiratu
erlojuaren atea ireki
eta kuku tristeak lau bider kantatu orduko,
eta nik emakume txiki hau topatu nuen,
haren begiek Simurgaren habia hutsen antza zutela
eta mantso zebilen,
nire amets loriazkoaren birjintasuna
gauaren ohatzera eramango balu bezala.
Orraztuko al dut berriz ilea haizetan,
landatuko al ditut liliak lorategian,
sartuko al ditut geranioak leihopean,
dantzatuko al naiz godalet gainean?
Ateko txirrinak eramango al nau ahotsa itxarotera?
Esan nion amari:
“Kito”.
Esan nion: “Beti gertatzen da uste baino lehen.
Dolumin-oharra bidali beharko dugu egunkarietara”.
Gizon harroa,
gizon harro uste onez betea!
Begira! Haren hortzek kantatu egiten dute hozka egiten duenean,
haren begiek triskildu egiten zaituzte so egiten dizutenean.
Eta zelan datorren bera zuhaitz bustien artetik,
eroapentsu, astun eta nora ezean.
Lauretan
haren zainetako hari urdinak
hildako suge baten antzera lepoan gora egiten dionean
eta silaba odoltsuak errepikatzen dizkionean loki aztoratuetan:
Salam!
Salam!
Usaindu al dituzu inoiz lau tulipa urdin hauek?
Denbora igaro zen.
Denbora igaro zen eta gaua abaildu
akaziaren adar biluzien gainera.
Gaua leihoetako kristaletatik hara labaindu zen
eta joandako egunaren hondarrak irentsi zituen
bere mihi hotzarekin.
Nondik nator?
Nondik nator,
gaueko lurrinak blaiturikoa?
Hilobiko lurra heze dago oraindik,
esku berde bi haien hilobia...
Ai, laguna! Ai, lagun bakar bakana!
Zein atsegina zinen gezurrak esatean!
Zein atsegina ispiluen betazalak ixten zenituenean
eta armiarma-lanparei erluza ateratzen zenienean
eta ilunpe itogarrian
amodioaren belazeetara eramaten ninduzunean
sutearen ondoko zorabioaren lurruna
loaren soropilean pausatzen zenean!
[...]
Zer da isiltasuna?
Zer da, isiltasuna, ai, lagun bakar bakana?
Zer da isiltasuna esan gabeko hitzak besterik?
Ni mutu nago,
baina txolarreen hizkera da
esaldi arrunten eta izadiaren jaiaren
hizkera bizia.
Txolarreen hizkera
haize leuna da, lurrina, haize leuna.
Txolarreen hizkera fabriketan hiltzen da.
Nor da eternitatearen bidean
batasunaren unerantz oinez doan hau,
erlojua doitzen duena
batuketen, kenketen eta zatiketen logika matematikoaren arabera?
Nor da oilarraren kukurrukua
egunaren taupadatzat hartzen ez duen hau
baina bai onartzen gosariaren usaintzat?
Nor da amodioaren koroa eraman
eta ezkonjantzien barruan iharturiko hau?
[...]
Gorpu zoriontsuak, gorpu aspertuak,
gorpu isil pentsakorrak,
gorpu jator, dotore, litxarreroak
une zehatzen etenetan,
argi igarokorrak gibelean
eta banitateak lorrindutako fruituak erosteko grina hori...
[...]
Salam, bakardadea!
Neure logela ematen dizut,
hodei ilunak baitira oraindik
bertset araztu berrien profetak
eta kandelaren martirioan
bada sekretu argizko bat
azken sugar iraunkorra
ondo ezagutzen duena.
Izan dezagun fedea!
Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran.
Sinis dezagun irudimenaren lorategietako aiurrietan,
erabili barik lagatako igitaietan
eta garau kartzelatuetan.
Begira! Elurra ari du...
Agian, esku gazte bi hauek ziren egia,
elurraren mara-mara atergabean
lurperatutako esku gazteok
eta datorren urtean, udaberriak
zerua besarka dezanean leihoaz bestaldean
eta zurtoin arinek gorputzean kimeztu,
birloratuko dira agian.
Ai, laguna! Ai, lagun bakar bakana!
Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran...