Ai, herrialde miresgarria...
Lortu dut!
Badaukat izena.
Izen batekin apaindu nau jaiotza-agiri batek
eta zenbaki batek mugatzen du nire existentzia.
Beraz, gora 678, Teherango 5. barrutian erregistratua.
Ufa! Orain lasai nago benetan.
Ama aberriaren bular samurra,
iragan aintzazkoaren titi-punta gomazkoa,
zibilizazioaren eta kulturaren sehaska
eta legearen txintxirrin-hotsa.
Ufa! Orain lasai nago benetan.
Pozez gainezka,
leihora hurreratu
eta gogotsu arnastu dut
seiehun eta hirurogeita hamazortzi aldiz
gorotzek, zaborrak eta pixak
kuzkurturiko airea.
Eta seiehun eta hirurogeita hamazortzi faktura
eta seiehun eta hirurogeita hamazortzi lan eskaeratan
idatzi dut: Forugh Farrokhzad.
Poesiaren, arrosen eta urretxindorren
herrialdean bizitzea bedeinkazioa da
batez ere hainbeste urteren ondoren
izan bazarela aitortzen dizutenean.
Herrialde honetan, errezeletik hara
ikusi ditut, nire lehen begirada ofizialari esker,
seiehun eta hirurogeita hamazortzi poeta,
denak ahoberoak, eskale bitxikiro mozorrotuak,
zaborrontzietan erritmo eta errima bila.
[...]
Eta nire lehen arnasketa ofiziala
Plasco fabriketan ekoiztutako
seiehun eta hirurogeita hamazortzi arrosaren usainarekin nahastu da.
“Bost-axola-niri” filosofiaren sorterrian,
adimenaren joko olinpikoen aberrian.
O! Herrialde honetan,
soinu edo irudi aparaturen bat ukitu orduko,
jeinu jaioberri baten bozina entzuten duzu.
Eta nazioko elite intelektualak
arratsaldeko klasera doazenero
seiehun eta hirurogeita hamazortzi barbakoa elektriko
eramaten dituzte besoetan
eta seiehun eta hirurogeita hamazortzi Navzers erloju eskumuturretan.
Eta badakite ezintasuna pobreziaren ezaugarria dela,
ez ezjakintasunarena.
Bai, irabazi dut, irabazi dut!
Orain, garaipen hau ospatzeko,
ispiluaren aurrean
kredituan erositako seiehun eta hirurogeita hamazortzi kandela
pizteko ohorea daukat
eta tximiniaren apalean
saltoka ari naiz
zuei zuzentzearren
bizitzaren abantaila legalei buruzko hitz batzuk
eta neure bizitza eraikitze aldera
lehen pikatxoi-kolpea neure buruari jotzeko,
txalo beroak lagun.
[...]
Bihartik aurrera, badut
bedeinkazio nazionalez beteriko kaletxoetan
eta telegrafo posteen gerizpean paseatzerik
baita esaldi hau ere harrotasunez idazterik
komun publikoetako hormetan,
seiehun eta hirurogeita hamazortzi aldiz:
“Lerdoei barre eragiteko idazten dut!”.
Bihartik aurrera, badut,
edozein patriota zangarrek bezala,
asteazken arratsaldero nazioak jarraitzen duen ideal itzela
bihotz-buruetan konpartitzerik,
baita mila rialeko billete tirriatuen parte bat ere,
hozkailuak eta altzariak erosteko
eta badut seiehun eta hirurogeita hamazortzi boto natural
seiehun eta hirurogeita hamazortzi gizon aberkoiri oparitzerik.
[...]
Lortu dut. Bai, lortu dut!
Beraz, gora nire 678 zenbakidun jaiotza-agiria
Teherango 5. barrutian erregistratua.
Nire ekinari eta erabakiari esker,
postu jasoa jadetsi dut
leiho batean
seiehun eta hirurogeita hamazortzi metroko altueran,
eta leiho horretatik —eskaileratik ez—
neure burua zoroki botatzeko ohorea daukat
nire ama aberriaren altzo samurrera,
nire azken hitza honako hau izanik:
idatz beza Berorren Gorentasun Abraham Sahba Maisuak
seiehun eta hirurogeita hamazortzi txanponen truke
requiem bat neure omenez,
kachk hitzarekin errima eginez.