Korapiloa
Biharko egunik ez balego
zure alboan iraungo nuke,
nire samurdura beti kantatuz
zure amodioaren eguzkipean.
Gauak begirakune hotza zeukan
zure gelako kristaletatik hara.
Zure begiradaren korridoreak
arimara jotzen zuen ilunpean.
Ispiluaren lanbrora limurtu zen
gure irudi hautsi zabarra:
zure gari koloreko ilea,
kizkurra eta alkitrana nirea.
Sekretu batek erretzen zidan bularra.
Nahi nizun aditzera eman, baina
nire boz korapilotua ez zen aditzen:
gerizpean ez da landarerik hazten.
Nire begirada nekatua hegaldatu
eta biraka ibili zen, turditurik, nire gorputzean.
Jesusek barretxoa egiten zion
nire minari, marko urrekara batetik.
Hankaz gora zegoen logela,
zure liburua jausita nire oinetan,
nire ile-orratzak solte ohean.
Ez zen ur soinurik entzuten
beirazko arrainontzian.
Zer zerabilen zure kateme zaharrak
loak bera ez eramateko?
Nire begirada nahasia
zuregana bihurtu zen, mutu:
zurekin mintza zedila nahi nuen,
baina itzali egin zen isiltegian.
Orduan, nire malkoetako izar zuriek
lir-lar egin zuten betileen gauean.
Zure eskuak ikusi nituen, hodeien gisa
etortzen nire betarte harriturantz.
Zure hatsaren beroa igarri nuen
nire lepo hotzean hegaka,
brisa galdu bat lerratu balitz legez
nire oinazearen sasi artera.
Esku batek paparrean zabaldu zizkidan
isilaren beruna, itomenaren haziak.
Borroka hilgarri horrekin lur jota,
egin nuen ahanzturaren herrira.
Biharko egunaren larrimina ahaztu
eta esan nuen nire baitarako:
“Mito uherra da bidaia”.
Supituki, une lurrintsu hura bizitzara zen hedatu!
Gau hartan, zure ezpainetatik,
izadiaren abesti alaiak edan nituen.
Gau hartan, zure musuekin nire larrean,
eternitatearen hazia erein zenuen.