Poema bat zuretzat
Poema hau idatzi dut zuretzat
udako ilunabar egarti batean,
beti ere laiotza den bidearen erdian,
hondorik ez duen samin-zulo zahar honetan.
Hauxe duzu nire azken lo-kanta
zure kumaren oinetan.
Garrasi basati urratu honek
egin dezala durundi zure gauen zeruan.
Utz iezaiozu nire itzal alderraiari
zure itzaletik urruntzen, urruntzen!
Nahi nuke, elkartzen garen egunean
Jainkoa ez beste inor izatea bion artean.
Ate ilun batean bermatu dut
nire bekoki minak zapaldua.
Hatz hotz meheok igurtzi ditut
itxaropenez, ate horren kontra.
Desondraren burdinak markaturiko hau,
burla taxugabeei barre egin ziena, neu naiz.
Nire-neure bizitzaren oihua izan nahi nuen,
baina “emakume” bat nintzen, ez besterik, atx!
Zure begi xaloak irristatuko balira
liburu nahasi hasierabako honetara,
matxinada sakona ikusiko lukete
bertso-lerro guztietan lehertzen.
Hemen, itzalita daude izarrak.
Hemen, aingeru denak negarrez.
Hemen, Maryam lorearen kimuek
desertuko arantzek baino gutxiago balio dute.
Hemen, bidegurutze orotan daude jesarrita
gezurraren, lotsaren, faltsukeriaren deabruak.
Zeru itxi honetan ezin dut ikusi
esnaeraren albako argi-printzarik batere.
Utzi nire begiei berriz
ihintz anpuluz betetzen.
Maria Birjinen maskarak
kentzeagatik alde egin nuen.
Atzean utzi nituen izen onaren ibarrak.
Bularrean gordeta dut ekaitzaren izarra.
Nire furiaren sugarra haizatzen den tokia
kartzela itsua da, ai ene bada!
Ate ilun batean bermatu dut
nire bekoki minak zapaldua.
Hatz hotz meheok igurtzi ditut
itxaropenez, ate horren kontra.
Badakit farisau-jende horrekin lehiatzea
ez dela ataza erraza.
Zoritxarrez, neure haurtxo maitea,
gure herria aspaldian da Satanen habia!
Egunen batean, zure begirada tristea
minezko kantu honetara jiratuko da.
Nire hitzetan bilatuko nauzu
eta esango zeure artean: “Hauxe, hau nuen ama!”.