Poesia kaiera
Poesia kaiera
Audre Lorde
itzulpena: Danele Sarriugarte
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-82-9
Audre Lorde
1934-1992
 
 
Hitzaurrea
Beñat Sarasola

 

      Audre Lorde ez da izango XX. mendeko poeta estatubatuar ezagunena, baina Pascale Casanovaren erara esatearren, Munduko Letren Errepublikan haren poesia geroz eta gehiago aintzatzen ari da azken hamarkadotan. Hau da, bazterretatik kanonaren erdialderantz egin du ezarian, eta egun AEBetako poesiaren XX. mendeko antologia anitzetan topatu ahal izango ditugu haren poemak. Biraketa horren arrazoi gisa gorabehera politikoak aipatuko ditu akaso inork, modak beste batek, baina juzgu azkarrik egin aurretik jarraian dituzun poemak irakurtzea da onena. Luze gabe estimatuko duzu-eta haien indarra, haien zolitasuna, haien balioa.

      Hain justu Lorderen lanaren ezaugarri horiek egin zuten batzuentzat hain eskandaluzko. Bolaluman bilorik gabe idatzi zuen Lordek emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako azpiramenduari buruz, eta harrigarria suertatuko ez zaigun moduan, askorentzat onartezina izan zen hark idatzitakoen erradikaltasuna. Lorderen poesiaren soslai borrokalariaren adibide dugu Orain poema laburra, non irakurleari sastakoan botatzen dion galdera: “Eta zu / prest al zaude?”. Poesia kide bezainbat borrokakide izan zuen Maria-Merce Marçal-ek ere salatu zuen zapalkuntza hirukoitzaren kontrako poesia egin zuen hark ere. Ez alferrik, Lorde feminismo beltzaren erreferente nagusienetakoa izan baitzen, Alice Walker, Angela Davis eta enparauekin batera, haren poesiagatik ez ezik haren saiakera lanengatik, eta hala, intersekzionalitatearen teoriko garrantzitsuenetakotzat jotzen da egun. Borroka ezberdinak elkarrekin bizi eta pentsatzen zituen Lordek, eta halaxe agertzen dira halaber bere poesian: “kausak ikusten ditut kolorean / baina baita sexuan ere”. Auzia ironiaz eta umore zorrotzez lantzeko gai zela ere erakutsi zuen sarri: “eta hemen eserita hausnarrean nabil / nire buruetako zeinek biziraungo duen / askapen hauen guztien ondorenean”. Marçalen Dibisa poema halaber ironikoari erantzuten diola pentsa genezake, baldin eta geroagokoa dela jakingo ez bagenu.

      Lorderen poesiaren irudi ohikoa suminduarena eta borrokalariarena bada ere, begirada xeheago batek topikoa ñabartzera garamatza. Arestian aipatutako ironia ez ezik, nabarmentzekoak dira batez ere hastapeneko poema aski lirikoak (antologia irekitzen duen Leun bazatoz esate baterako), goi zeruetako poeta batek baino gehiagok sinatzea gustatuko litzaizkiokeen horietakoak.

      New Yorken, Harlem auzoan, jaio zen 1934an Mendebaldeko Indietako migrante familia batera. Gazterik hasi bazen ere poesia irakurtzen eta idazten, nahiko berandu arte ez zen ezagun egin. Zegoen lekuan zegoela bere burua deseroso aurkitzen zuela aipatu izan du inoiz: zuri artean beltza zelako, gizon beltzen artean emakumea eta lesbiana zelako... Izanak izan, haren aurreko belaunaldiko Harlemgo poeta handiak, Langston Hughes-ek alegia, abegi onez hartu zuen, eta berak apailatutako New Negro Poetry (Poesia negro berria) antologian sartu. Hortik aurrera hasi zen, besteak beste, bere kabuz ere argitaratzen eta, ezarian, poesia zaleen artean estimatua izaten, tartean Coal (Ikatza) eta The Black Unicorn (Unikornio beltza) liburuei esker.

      Poesiatik landa idatzi zituen obren arten The Cancer Journals (Minbiziaren egunkariak) aipatu beharra dugu, Lordek pairatutako bularreko minbiziaren gorabeherak kontatzen dituen egunkaria. Lehenean eritasuna gainditu bazuen ere, sei urte geroago berriro agertu zitzaion, ordukoan gibelean, eta haren ondorioz zendu zen 1992an. Ataka hartan, buruan izango zuen akaso inoiz idatzi zuen lerro hura, bere kemena ondo adierazten duena: “ez gintuzten bizirauteko sortu”.