Poesia kaiera
Poesia kaiera
Emily Dickinson
itzulpena: Angel Erro
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-60-7
Emily Dickinson
1830-1886
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Emily Dickinsonen poesiara estreinakoz hurbiltzen dena berehala ohartuko da, lehen lerroak irakurri bezain laster, poeta bakan baten aurrean dagoela. Ez da Dickinsonen lana sobera ezagutu behar lerro horiek hark idatziak direla jakiteko. Originaltasun eta indar berdingabea duen poeta dugu, poesia anglosaxoiko —eta are munduko poesiako— figura gorenetako bat. Harold Bloom kritikariaren arabera, Dickinsonen adimena hain da apartekoa irakurlea beti sentitzen dela txiki, hasiberri, haren poemak irakurri bitartean.

      Izan ere, Dickinsonen poesiaren ezaugarrietako bat zailtasuna da; ez da ulerterraza, besteak beste, ahots indibidual hain indartsu horri jarraiki, topiko oro ekiditen ahalegintzen delako tai gabe. Alabaina, horrexek egiten du halaber hain garaikide, XIX. mendean idatzia izan bazen ere. Arestian aipatutako adimen eta zolitasun horren kariaz aldarrikatuko zuen, esaterako, egiaren askotarikotasuna (568. poema), urte saldo bat geroago postmodernitatearen leitmotivetako batek esango zuen gauza bera alegia. Badira izan iraganak gogorki jotako poeta eta poemak, urteen poderioz zimur ugariz betetzen direnak, baina hori ez da, inolaz ere, Dickinsonen kasua.

      1830. urtean jaio zen Amherst-en, AEBetako Massachusetts estatuko hirian. Bizitza aski bakartua izan zuen eta horren aztarnak erraz asko aurkitzen ahal dira bere poesian. “Bakarrago egon ninteke / Bakardaderik gabe” diote haren lerro batzuek. Beste gai errepikatuetako bat heriotza dugu, haren zerizana (255. poema), harekiko ezjakintasuna (1462.a), harekiko distantzia (949.a). Bere biografoek diotenez, heriotzarekiko larderia gaztetatik izan zuen; hortik omen dator bizitza osoan izango zuen izaera malenkoniatsua. Dickinsonen erreferentzia literariotzat jotzen da Ralph Waldo Emerson pentsalari eta poeta estatubatuarra, nahiz eta nekez koka litekeen Dickinson inoren jarraitzaile gisa. Bien indibidualismoaren gorazarrea gora-behera, Dickinsonen aiurri poetikoa askoz ere makur eta goibelagoa da. Aski posible da, bidenabar, bi poetek elkar ezagutu izana Emersonek Amhersten eman zuen hitzaldi baten ondotik.

      Ia mila zortziehun poema idatzi bazituen ere, Dickinson bizirik zela hamabi baino ez ziren argitara eman, denak ere egilearen borondatearen kontra.  1886an hil zelarik, bada, poeta ezezaguna zen haren inguru murritzetik lekora. Poema sorta mordoa aurkituta, haren ahizpa Laviniak poemok publikatzeko asmoari heldu zion. Hala, 1890. urtean argitaratu zen Dickinsonen lehen liburua, Poems of Emily Dickinson (Emily Dickinsonen poemak) izenburuarekin. Hango poemak, baina, apur bat moldatuak publikatu ziren puntuazio zeinuei, izenburuei eta zenbait hitzi zegokienez. Dickinsonen poemen ezaugarri nabarmenetakoak dira erabiltzen dituen gidoi luze eta maiuskulak, biak ere Angel Erroren itzulpen honetan bere horretan mantendu direnak. Poema guztiak biltzen zituen lehen edizioa 1955ekoa da, Thomas H. Johnson-ek apailatutakoa. Hark erabilitako poemen zenbakera erabili da itzulpen honetan. Parentesi artean ageri den zenbakia Ralph W. Franklin-ek 1998an eginiko edizioarena da, hots, beste edizio kanonikoarena.

      Horiek guztiak kontuan izanik, esan gabe doa Dickinson itzultzea balentria izatetik aski gertu dagoen zerbait dela. Ikustea besterik ez dago haren itzultzaileen artean XX. mendeko poeta goren —eta zail— bat dagoela: Paul Celan. Dickinson itzultzea soilik, honenbestez, aski lan laudagarria zatekeen. Jarraian duzun Erroren itzulpena, ordea, ez da nolanahikoa.