Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Saguzarrak lotan daude eta… Inshallah
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Udako gauzak
Bluk, nire lagun-minak, fermuki esaten du: “Mundu hau zaborrontzi handi bat da”. Palestina, Ukraina, Siria, Irak… gugandik urruti, mina, haurren negarra, sarraskiak nonahi, gerra hotsak. Etorkinen arazoa larria da, eta heriotzaren aurrean momentuz itsasoa da erantzule bakarra. Afrikan pairatzen dituzten gosete eta gerrek ez, baina Ebola gaixotasunak ezinegona sortzen du Europan. Eta gure Euskadi jator, gozo eta puta honetan, Ziburuko ikastolak auzapez antieuskaldun baten itsuskeriak pairatzen ditu. Munilla gotzainaren sermoi malapartatuak entzun behar izan ditugu (barka nazala jainkoak!). Emakumeen kontrako indarkeriak zoritxarrez jarraitzen du, bai eta salaketek ere. Eta auto istripuz Alex Angulo aktore erandiotarra joan zaigu.
Uztail bukaeran Eusko Jaurlaritzak antzerki konpainien dirulaguntza ebazpenak ezartzen ditu. Pastela txikia da, eta talde askok nahi diogu kosk egin. Miseria txiki edo handiago bat eraman. Kulturan ematen dena beti da gutxi, baina beti da ezer ez baino hobe! Merkatua eta konpetentziaren garaietan gaude! Ez da erraza! Batzuetan antzerkia egitea eta txorizoak egitea gauza bera deneko sentsazioa daukat. Ez dakit nongo txorizoa beste hango txorizoa baino hobea den. Antzerkiak beste funtzio batzuk ditu. Tripa asetzea eta espiritua asetzea ez da berdin. Baina tira! Ez dut gai honetan sakondu nahi. Dirulaguntzen trantzea pasatu ondoren hartu ditut oporrak, abuztuan. Uda garaian jendea ez dago gogoetarako prest, gai sakonak entzuteko gogoz; antzokiak ixten dira, eta kutxa beltza hutsik gelditzen da. Kale antzerkia eta jai giroko antzerki arina nagusitzen dira. Eta Xiberoan, pastorala. Nire antzerkiak ez du merkaturik garai honetan, ez dut maite udako giroa teatroa egiteko, eta, horregatik, gure antzerki-etxean oporrak hartzen ditugu.
Saibi, Kalamua, Oiz, Santa Eufemia… Bizkaiko mendi ederretan ibili naiz, aspaldiko eta ez hain aspaldiko lagunekin egun-pasa politak egin ditut, Sarasuaren Hiztunpolisa-k putzu sakon, soziolinguistiko eta ilun batera eraman nau —are gehiago, nire etxe pareko patioko haurrek erdara barra-barra egiten jarraitzen dutela entzutean—, etxeko traste zaharrak ordenatu ditut, Edorta kapitainarekin Urdaibai zeharkatu dut, Euskal Herriko mugetatik at Castro Urdiales eta Eskiulako bestetan ere ibili naiz. Eta artikulu hau idazteko prokrastinatu dut.
Nire oporrak ez dira oso teatreroak izan. Antzerkian gabiltzanok ere deskonektatzeko beharra izaten dugu: pixka bat oxigenatu, ideia berriak bilatu, ideia zaharrak zaborrontzira bota. Eta uda ez oso teatreroa izan arren, merezi izan duten bi antzerki ikusi ditut. Xiberoko Ozaze herrian, Dominika Rekalt Ttittikak idatzitako eta Hebentik-ek antolatutako Barbau Hamalau ikuskizuna. Eta Bilboko P6 Antzerki Laborategiak Jean Anouilh frantziarrak idatzitako eta Ramon Bareak zuzendutako Orquesta de seńoritas. Ekialde mendebalde, iparralde hegoalde. Bi mundu! Bi merkatu. Bi plaza guztiz ezberdinak. Pabiloi 6 espazioak Bilbon interesa piztu du, eta antzerkia beste modu batera ere egin daitekeela erakutsi. Interesgarria da hainbat taldetako aktoreak elkarrekin lanean ikustea Barearen esanetara. Ederra da ikustea, halaber, xiberotarren proposamenean diziplina askotako eraikuntza dramaturgikoa: kantua, suak, espazio eszenikoa, musika, dantza… eta Ttittikaren joko molde txundigarria… eta azken finean, eskuara baizik etzakiten haien, “morts pour la patrie”.
Ttittikak bere Twitter kontua ireki eta zera idatzi du: “Barbau Hamalau berriz eman nahi dugu, nork ikusi nahi luke eta non?”. Kandela! Agian, antzerki lanen hedapenerako beste modu bat izan daiteke, baina ez dut uste. Euskarazko antzerkiak sare bat izan dezan, lan handia dago egiteko. Bilbaotik Ozazera.
Herri honetan bi hizkuntza dakigunok hizkuntza bakarra dakitenak baino tontoagoak omen gara. Hala entzun diot lagun bati uda honetan. Eta Bilbon baten batek galdetzen dit, ea ba, noiz egingo dudan erdaraz teatroa. Egingo dut berriz egunen batean, ez dakit, beharra sentitzen dudanean. Ez dut egiten erdararen kontra, euskararen alde baizik.
Artikulu hau baliatu nahi nuke ehazek urriaren 18an Bilbon antolatuko duen Antzerkizale Egunerako gonbidapena egiteko. Eta bide batez, Barbau Hamalau Bilboko Pabiloi 6an egiteko aukera zabaltzeko. Nork daki egunen batean Gabriel Arestik bere Bilboko kaleak poeman amesten zuena egia bihurtuko den: “Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean, bertan organizatzeko euskeraren salbazioa, baina hemen geratzen naiz, kale arte honetan, milagro baten zai, egunero bizarra kentzeari uzteko nahikoa kurajerik ez baitut”.
Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako liburuan, Udako gauza ipuina honela bukatzen da: “Hainbeste gauza egiteko aukera izan eta hain gutxi eginda amaitzen dira uda guztiak!”.
2014ko iraila, Berria