Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
ARTEDRAMA: AKTOREAREN MEKANIKA ETA POETIKA
Inprobisazioa / bat-batekotasuna
ARTIKULUAK: MINOTAUROA LABIRINTOAN
UTOPIA ETA MINA ESPAZIO GARAIKOAK
Mandragora. Teatro oso baterantz
Gaitzerdi. Teatroaren alkimistak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Errealitate patetikoa. Errealitate poetikoa
Euskal antzertiaren aldare hutsa
Antzerkiaz… Norabidearekin noranzkoa
Anabasaren trilogia: Klik! Txat! Taup!
Telebista, gure buruen alpistea
Antzerkia! Antzerkia… zertarako?
Bertsoartean irauten duen arnasa
Aktore europar baten eskizofreniak
Manta gorrian, ilargi zuria eta dantza beltza
Bakean bizi baino, hobe bakean hil
Saguzarrak lotan daude
eta… Inshallah
Gogoratzen naiz txikitan aitonaren ondoan jarri eta eguerdi zein gaueko partean Iran/Irak gerra amaiezin hura telebistan iragartzen zutenean. Zeinek esango zidan urte batzuk geroago Teherango Antzerki Jaialdi batean izango nintzela, Irango Gobernuak ekoitziriko The 24th Fadjr International Theater Festival-ean hain zuzen. Jon Gerediagak idatziriko Yuri Sam lanarekin, eta euskaraz!
Irango lurra zapaldu eta gure antzerki taldeko neskek burua zapiarekin estali behar dute. Islamiar Errepublika duen gobernuaren aurrean, herritarren bizimoldeak erlijio islamiarrak markatzen ditu eta legea bortitza da erabat. Zapi madarikatuak! Guk Inshallah (Alak dioena) esango diogu geure buruari eta errespetatu beharko ditugu herritarren ohitura, lege, erlijio eta abar. Gure herrian ere horrelakoak izan ditugu, gaur egun euskal dantza tradizionalean emakumeak buruko zapiarekin dantzatzen dira. Bikoteko dantzetan ere, batzuetan elkarri eskua eman gabe zapi bat jartzen da tartean, sexu ezberdinen kontaktu fisikoari betoa jarriz. Horrela, gizartearen adierazpideak moztea lortzen dute. Boterea, herria menperatzeko, bidegabeko edozer gauza egiteko gai izan da betidanik. Madarikatuak!
Persiar hizkuntza ezagutu ez eta itzultzaile bat izango dugu egonaldian. Said deitzen da. Gure antzerki lana aurrera eramateko prest gaude eta antzokira zuzentzen gara. Eszenografia ez da iritsi. Nerbioak. Itxoitea. Iragarritako lehen funtzioa ezin dugu egin. Eszenografia heldu bezain laster lanean jartzen gara, bigarren emanaldia egitera iristeko. Baina obra gizon batzuek ikusi behar dute lehenago. Obraren nondik norakoak azaltzen dizkiegu “gure erara”. Bi neskek, hasi baino lehen eta besoak ez ikusteko, jantzien mahukak josi egin behar izan dituzte. Sei edo zazpi gizon dira eta erne daude gure mugimendu, musika eta azalpenei. Badirudi gustukoa dutela. Baina, alde egin baino lehen, neska bien jantzien gainean beste jantzi bat jartzeko eskatzen digute. Eskaria onartu ondoren, prest gaude antzezlana egiteko. Hiru emanaldi burutu ditugu eta jendeak asko txalotu du obra. Seguru aski ikusleek ez dute gauza askorik ulertu, obraren hizkuntza, mugimenduak, mezua… baina hunkituta atera dira antzokitik. Teherango Arte Dramatiko Unibertsitatean antzezlana egitea eskatzen digute eta proposamena onartzen dugu. Telebistan jaialdiaren xehetasunak agertzen dira. Gure antzerki obraren imajina, iritzi eta elkarrizketei kantxa nahikoa eskaintzen diete. Unibertsitateko bi taldek gure entrenamendu eta lan egiteko erak ikasten dituzte.
Sei egun pasatu dira jada eta egin beharrekoak bete ditugu. Etxera itzultzeko beste sei egun falta dira eta hiriko auto, bazar eta eraikin grisak ez zaizkit batere erakargarriak iruditzen. Kaleak Gobernuaren propagandaz josirik daude, islamiar xiiten ikonoak, imam eta iraultzaren heroien irudiak nonahi ikusten dira. Arte liburuetan emakume zein gizonen pintura eta eskultura biluziak tapatuta daude. Musika oso merke, baina gutxi. Bach-en San Mateoren pasioa CD pirata erosteko aukera izan dut. Baina ikaragarriena auto gidari mordo baten mugimendu eta klaxon zarata histrionikoa da. Ezin dut gehiago! Ez dago zerbait hartzeko ez tabernarik ez inolako leku aproposik eta banoa hotelera. Telebista piztu eta 1979ko erreboltaren propaganda, kanala aldatu eta Espainiako futbol ligako partidua. Off! Horrelako egoeretan denbora betikotu egiten da. Ohe ondoko mahaitxoan, Bilboko aireportuan Jonek oparitutako liburua daukat. Eskerrak! Rilkeren sonetoek salbatu naute. Orain Orfeok kaleko zaparrada guztiak musika bihurtuko ditu. Sukut! Ixo! Isiluneko musika eta marrubi usaina. Zergatik ez?
Azken egunak zenbait herrialdetako antzerki lanak ikusten pasatuko ditut. Alemania, Frantzia eta Italiako lan batzuk ikusi ditut, baina ez zaizkit batere lan borobilak iruditu. Errusiar talde baten Txekhov bat ikusteko aukerak ihes egin dit. Irango antzerkiko aktoreen maila oso ona da eta gainera, persiar hizkuntzak badu musikaltasun berezi eta atsegin bat. Hala ere, jarrera artistikoa nahiko otzana iruditzen zait. Ez zaizkit oso lan pertsonalak iruditu, orokorrean lan mimetikoak iruditu zaizkit eta indarrik gabeak. Orokorrean joera naturalistak menperatzen du, eta hausnarketa estetikoaren falta sumatu dut. Ikusle burgesei zuzendutako lanak dira, ez dago benetako konpromisorik, ez da nehor bustitzen.
Bizitza publikoa eta lagunarte eta etxekoen arteko bizitza oso ezberdinak direlakoan nago. Pena da sakonean bertako jendearen egunerokotasuna ezagutzeko aukera ez izana. Azkeneko egunean, zuzendari irandar batekin elkartzekoa naiz. Gau orduko zita da. Topaketa berezi batera gonbidatu nau. Ofizio lagun edota esperientzia berriren bat aurkitzeko asmoz, esandako ordu eta lekuan agertu naiz. Baina laguna ez da agertzen eta inork ez daki ezer. Bueltako bidea hartu beharko dut, berriro hotelera. Teherango karrika ilunetan isiltasuna aditzen dut. Orfeori esker, saguzarrak ere lotan daude.
Euskal Herrian Yuri Samek oso antzezpen gutxi egin ditu. Bere garaian kritika onak eta Donostia saria jaso zituen, baina herriz herri ibiltzeko ez da nahikoa izan. Kalamitatea da baina, hurrengo emanaldia Miamin izango dugu. Chicago, Rosario, Mexiko Berria, Kairo… martxa honetan, benetako talde hegalari eta psikoponpoa bihurtuko garelakoan nago. Hainbat herrialde zeharkatu eta gero, nork bere herrian lan gehiago ez egitearen hutsunea nabaritzen dut. Atzerrian antzerkia egitea interesgarria, aberatsa eta ederra da. Gure herrietako antzokietan Yuri Sam aurkezteko aukerarik ez izatea, ostera, ez da batere pozgarria. Inshallah.
2006ko apirila, Nabarra